Imanol Rojok 39. bukatu du klasiko erako 15 kilometroko proba

Ataria 2022ko otsailaren 11

Imanol Rojo, Pekingo jokoetan, 15 kilometroko probaren bukaeran. ESPAINIAKO OLINPIAR BATZORDEA

Gaur egin du iraupen eskiatzaile tolosarrak Pekingo Olinpiar Jokoetako bigarren proba. 41.24,20ko denbora egin du, Iivo Niskanen irabazlearengandik 3.29,40ra.

Lehen proban lortutako emaitza ona ezin izan du errepikatu oraingoan Rojok. 30 kilometroko eskiatloi proban 21. postua lortu zuen tolosarrak, orain arte olinpiar jokoetan lortutako emaitza onena. Gaurkoan, lehen postu horietatik urrutiago geratu da, 39. eginez. Hala ere, aurreko jokoetan antzeko probetan lortutako emaitza hobetu du. Orain zortzi urte, proba berean Sotxiko jokoetan 50. postua lortu zuen, eta orain lau urte, Pyeongchangeko jokoetan, 62. izan zen estilo libreko 15 kilometroko proban.

Hirugarren proba batean parte hartuko du Rojok Pekinen. Otsailaren 19an izango da, larunbata, eta 50 kilometroko estilo libreko proban parte hartuko du. Proba horretan orain arte lortutako emaitzak hobetzeko aukera izango du tolosarrak, aurreko txapelketa eta jokoetan hor eskuratu baititu postu onenak.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!