Igoera fasea jokatzeko puntuen bila

Ataria 2022ko ots. 10a, 18:59

Futboleko Tolosa CF-ko gizonezkoen gorengo mailako taldeak Urnietaren aurka jokatuko du, igandean, 16:30ean hasita, Berazubiko zelaian. Igoera fasea jolasteko behar duen puntua borrokatuko du, horretarako Urnietaren aurka berdindu edo irabazi egin beharko dute tolosarrek.

Tolosa CF-tik eskatu dute zaleak Berazubira joatea:  "Ezinbestekoa da jendearen bultzada partida garrantzitsu honetarako, eta helburua lortuz gero taldearekin ospatzeko".
 

Orain arte lortu dena bere horretan garrantzitsua da, baina are gehiago taldeak izan duen ibilbidea aztertuz gero. Orain duela hiru denboraldi desagertzeko arriskuan egon zen gorengo mailako taldea, baina bertan geratu ziren jokalari eta entrenatzaile zein koordinatzaile eta zuzendaritzaren lanaz gain, sinistu eta aurrera egin zuten. Aurreko denboraldian dagoeneko jokalari asko ez izan arren, taldeak bere nahia erakutsi zuen eta kostata eta borrokatuz lortu zen ere igoera faserako sailkatzea.

Denboraldi hau "gogorra eta ederra" izaten ari dela esan dute. Taldea jokalari oso gazteez osatua dago, denak Tolosa eta Tolosaldekoak: zortzi jubenil daude eta beste hainbeste lehen urteko seniorrak direnak. Hauekin eta aurretik geratu diren jokalariekin oso talde lehiakorra izatea lortu du Tolosak. Talde gaztea da eta oso argi dauka nola egiten duen min eskarmentu handiko jokalariak dauden maila horretan. "Futbol arriskugarri eta dibertigarria egiten lortu dira emaitzak, eta sekretu edo formula bat aipatu behar bada, hori talde giroa eta talde dinamika izugarria dela esango genuke, horrek eman dizkigu fruituak", azaldu dute taldetik. "Ez da erraza izan, motibazio eta toki ezberdinetatik baitatoz jokalariak. Batzuk errendimendu taldeetan egon dira, kadete mailako Euskal Ligan eta jubenil mailako liga nazionalean, eta beste batzuk hirugarren mailarekin egin dute denboraldiaurrea, eta oraindik lehen taldearekin entrenatzen dute eta baita jolastu ere beraien beharra dagoenean eta erakusten ari diren mailaren sari moduan. Beste batzuk, aldiz, lehen jubenil edo ohorezko jubeniletik datoz". Zentzu horretan, eta aurretik esan moduan, "taldea sendotu eta talde dinamika oso positibo bat lortzea" izan da arrakastaren gakoa. Bestalde, eskertu egin dute zuzendaritzatik izan duten "babes eta konfiantza".

Gorengo mailako taldetik ere eskari zuzena egin diete zaleei: "Inoiz baino gehiago gurekin bidea burutu dutenak eta orain gehitu nahi direnak Berazubin behar zaituztegu igande honetan".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!