Zazpi domina pista estaliko Euskadiko Txapelketan

Ataria 2022ko otsailaren 9a

Tolosa CF-ko atletek urrezko domina bat, lau zilarrezko eta brontzezko bi lortu dituzte absolutu mailan, eta Espainiako txapelketetarako lau gutxieneko marka.

Absolutu mailako pista estaliko Euskadiko Txapelketa izan zen jokoan, pasa den asteburuan, Donostian. Bertan, Tolosa CF Atletismo taldeak parte hartze handia izan zuen eta guztira zazpi domina lortu zituzten: urrezko bat, lau zilarrezko eta bi brontzezkoak.

Urrea Joseba Larraurik lortu zuen, 200 metroetan 21,53rekin, eta horrekin batera Gipuzkoako 23 urtez azpiko marka berri bat lortu du, 38 urtez Valentin Rocandio entrenatzaileak zuen 21,73ko denbora gaindituz. Zilarrezko domina bat Nora Ituartek lortu zuen, 200 metroetan 25,19 eginez; 60 metroetan brontzezkoa eskuratu zuen 7,79rekin. Ander Urangak zilarrezkoa lortu zuen 200 metroetan 21,84rekin, 23 urtez azpiko Espainiako Txapelketarako gutxiengoa lortuz.

Manex Civicok ere zilarrezko domina lortu zuen: 3.000 metroetan izan zen eta 8.42rekin bere marka pertsonala ontzeaz gain, 18 urtez azpiko Espainiako Txapelketako gutxienekoa lortu zuen. Julen Martinek lortu zuen beste zilarrezkoa 60 metro hesietan, 8,35rekin bere marka pertsonala onduz eta Espainiako Txapelketaren gutxienekoa den 8,30eko markatik gertu geratuz. Beste brontzea Ainhoa Gibelaldek lortu zuen 60 metro hesietan 8,95ko markarekin.

Emaitza bikain horiez gain, Espainiako Txapelketarako beste bi gutxieneko lortu ziren klubetik asteburuan, eta biak distantzi berean, 1.500 metroetan. Ane Martinek 18 urtez azpikorako lortu zuen Donostian, 4.56ko markarekin. Izaro Perurenak Madrilgo Gallur pistan lortu zuen, 4.46 eginez, 23 urtez azpikorako.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!