ELKARRIZKETA

«Hautu kontziente hori gerta dadin, kontzientzia linguistiko bat behar da»

Ataria 2022ko ots. 12a, 07:57

Kike Amonarriz. E. MAIZ

Gazteek euskarazko erreferenteak behar dituztela dio Kike Amonarrizek, Euskaltzaleen Topaguneako lehendakariak, baina gazteek euskara hautatu ahal izateko lanketa sozialaren falta sumatzen du; lanketa falta da eskoletan, etxeetan eta erakundeetan

Kike Amonarriz Gorriak (Tolosa, 1961) ia bizitza osoa darama euskararen bueltan lanean, eta gazteei begirako kultur eskaintzan saiakera handiagoa egin beharra dagoela esan du.

Eskualdeko arnasgune diren herrietan haurrak gero eta goizago hasten dira gaztelaniaz hitz egiten.

Denok ikusten dugu eta arnasguneen sozio-demografia ikaragarri ari da aldatzen. Eskualdeak homogeneizatzen ari gara. Tolosaldean ere ari gara ikusten. Tolosan, euskararen presentzia eta erabilera handitzen ari da, eta inguruko herri txikietan pittinka bada ere jaisten ari da. Faktore asko daude, baina esango nuke nagusiki mugimendu soziodemografiko bat dagoela. Bertakoa ez den jendea hurbiltzen da herri horietara, normalean, batez beste, erdaldunagoa. Horiek umeak badituzte, normalean, ohitura erdaldunagoak izango dituzte, eta hori bistakoa da bai herrietan, bai eskoletan eta baita bizitza sozialean ere. Bertako jendea ere kanpora doa, eta bizimodu horiek aldatzen ari zaizkigu, eta horrek zuzen-zuzenean eragiten du.

Etxe barruko ohiturak aldatu dira?

COVIDak areagotu ditu, baina lehendik zetozen tendentziak dira. Ikus-entzunezkoen kontsumoa da horietako eragile nagusietako bat. Duela hogei bat urte haur gehienek euskarazko telebista kontsumitzen zuten, eta gaur egun euskarazko telebistaren kontsumoaren proportzioa ikaragarri jaitsi da, eta beste eskaintzak ugaldu dira. Eskaintza horietan erdara da nagusi, erabat; haurrek zer ikusi hura komentatzen dute, eta erdaraz ikusten baldin badute, erdaraz komentatzen dute, erdaraz jolasten dute, erdaraz kantatzen dute. Batean eta bestean egiten ditudan hitzaldietan-eta, inkesta labur batzuk egiten ditut, eta gazteei galdetzen diezunean zergatik egiten duten gaztelaniaz, asko azaltzen den faktorea da moda. Eta adin horietan moda zuzen-zuzenean lotzen da kultur kontsumoarekin. Ze pantaila begiratzen duten, ze jolas erabiltzen duten, ze abesti entzuten duten, zein ikuskizun ikusten duten... Eta hor erdararen presentzia ikaragarri biderkatu da.

«Gaur egun hizkuntzak ezin dira babestu ez baldin badituzu ikus-entzunezkoen bidez babesten»

Kultur kontsumoa aipatu duzu, eta pantaila bidez kontsumitzen da asko. Dagoen euskarazko eskaintza nahikoa da?

Eskaintza ez dugu nahikoa. Hori begien bistakoa da. Haurrekiko eskaintza atzera gelditu da. Egon dira saiakerak, egon dira gauzak, baina oraindik, hor ere, saiakera handiagoa egin beharra dago. Alegia, kontuan izan behar dugu gaur egun 25 urte azpiko haur eta gazte guztiek, Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroako iparraldean euskaraz ulertu behintzat egiten dutela. Gero eta euskaldun gehiago dago adin horietan. Ezinbestekoa da adin horiei zuzenduriko eskaintza ugaltzea, jakinik, euskaraz inoiz ezingo garela iritsi inondik inora beste hizkuntza erraldoiek, hau da, gaztelania, frantsesa eta ingelesak egingo duten eskaintzara. EITB da motorrik nagusiena, baina beste hainbat eragile ere badaude horretan ari direnak, eta bultzatu beharrekoak dira. Azken bolada honetan Ikus-entzunezkoen Legearen inguruan egiten den lana ere inportantea da. Askotan, inpresioa dut ahaztu izan dugula, edo bigarren maila bateko eskaeratzat hartu izan dugula Espainiako Estatutik datozen produkzioetan ere euskararen presentzia bermatzea. Zorionez berriro ere aldarri hori atera da, eta legearen inguruan eskaera zabal bat egin da. Espainiako Konstituzioak berak esaten du gaztelania ez diren beste hizkuntzak, nahiz eta ez dituen zehazten, babestu beharreko ondarea direla. Gaur egun hizkuntzak ezin dira babestu ez baldin badituzu ikus-entzunezkoen bidez babesten, eta hor dago Espainiako Estatuaren eskaintza guztia. Ez da kasualitatea, batez ere katalanezko eta euskarazko eskaintzak indartsuak ziren garaian, bestelako telebistak sortu izana, eta kate horietan inongo hizkuntza kuotarik jarri ez izana. 

Hizkuntza gutxituek zapalduta jarraitzen dute.

Ikusten ari da arazo hau eta kezka hau ez dela bakarrik hizkuntza gutxituena, esate baterako, joan den urtean oso nabarmena izan zen Islandiako Gobernuak Disneyri bere pelikulak Islandieraz zabaltzeko eskatu izana. Zergatik? ikusten ari direlako Islandiako gazteen artean, eta esan genezake Islandia ia-ia herrialde elebakarra dela, gazteen artean, ingelesaren erabilera bai sare sozialetan, baina baita ahoz ere zabaltzen eta indartzen ari dela. Oso kezkatuta daude, eta Islandian kezkatuta baldin badaude, esan nahi du arazo eta kezka hau jada oso zabala dela Europan.

«Gauza bat da aldarrikapena, bestea da eskaintza, baina gero kontsumoa dator. Kontsumo hori bultzatzeko sustapen berezia egin behar dugu»

Egoera horretan gaude?

Gu egoera askoz okerragoan gaude, ez daukagu estaturik maila horretan, eta estatua duten batzuk ere kezkatuta daude. Euskaldunok ikusmira pixka bat zabaldu eta aliantzak ere zabaldu beharrean gaude. Oso mundu konplikatua da ikus-entzunezkoena, eta hor gure lekua izateko bi estrategia landu behar dira. Bata bertatik egindako ekoizpenak euskaraz izan daitezen bermatzea da; batez ere haurrei eta gazteei zuzendutakoak direnean, eta guztiak euskarazkoak izan beharko luketela uste dut. Bestea, kanpotik etor daitekeen horretan ugaltzea izango litzateke, bai estatutik etor daitekeena, eta baita Europa mailako ikuspegi horretan landu daitekeena ere.

ETB3 sortu zen haur eta gazteei begira. Gaur egunera egokitu da?

Daturik ez daukat horren inguruan, eta ezingo nuke esan. Baina beti aipatzen da Dragoi Bola, eta bitxia da, baina Dragoi Bola aipatzen da Euskal Herrian eta Katalunian. Aurreko batean irakurtzen nion hango egile bati, Dragoi Bolarekin hazitako belaunaldia izan dela, katalanezko telebistan hazitako azken belaunaldia. Ondorengo guztiek nagusiki erdarazko produktuak kontsumitu dituzte. 

Orain 'Go!azen'-en fenomenoa dago.

Go!azenen fenomenoak oso garbi adierazten du eskaintza bat euskaraz egiten duzunean, eta arrakastatsua suertatzen denean, euskararen erabilera eta horren eragina hizkuntzaren erabileran ikaragarriak direla. Hori nabaritu zen Nafarroan ETB3 kendu zutenean. D ereduan denek aipatzen dute ETB3 kendu, eta umeak marrazki bizidunak gaztelaniaz ikusten hasi eta automatikoki jolastokietan gaztelania gehiago entzuten zela. Automatikoa da, eta guri gertatzen zaigu. Zure ingurunean dauden erreferentzia kultural guztiak erdaldunak baldin badira, erdarara lerratzea askoz ere errazagoa da. Esamoldeak gaztelaniaz aterako dira, eta hori kate bat da. Azken batean, hemen, Artxila mortxila zabaldu baldin bazan, ume guztiek Txan magoa ikusten zutelako izan zen; Wazemank zabaldu baldin bazen, jendeak ikusten zuelako zen... Etorkizunera begira daukagun erronkarik nagusienetako bat hemen dago.

Sare sozialei begira, edukiak sortzeko, Alex Padillak jende gaztea fitxatu behar dela soldata bat jarriz esan berri du.

Horrek guztiak bultzada bat behar duela ez dago dudarik, eta bultzada ekonomiko bat behar duela ere ez dago dudarik, baina horretaz aparte iruditzen zait aktibazio sozial bat ere behar duela. Alegia, euskarazko edukiak ezin litezke mugatu diru publikoz lagundutako edukietara. Uste dut herritik, komunitatetik, aktibotik sortutako edukiak, proposamenak ere behar ditugula. Bi horiek uztartu behar dira. Uste dut Wikipedia izan daitekeela adibide egoki bat. Alegia, diruz lagundutako youtuber bat, nolabait esateko, ez dakit zer puntutaraino izan daitekeen arrakastatsu. Hor ere biak behar ditu. Behar dugu babes instituzional bat, ezinbestean, gaur egun dagoena baino gehiago esan genezake, baina beste aldetik aktibismo soziala ere behar dugu. Eduki horiek modu autonomoan eta naturalean ere sor daitezke.

Gazteek dituzten erreferenteek ez dute euskaraz hitz egiten.

Erreferenteak behar dira eta sortzeko baldintzak sortu behar dira, baina gero horiek sortzeko ere nik uste dut badagoela lanketa sozial bat, alegia, momentu honetan erreferente horiek gazteengandik sortuko baldin badira horrek hautu kontziente bat ere eskatzen du, eta hautu kontziente hori gerta dadin kontzientzia linguistiko bat behar da. Uste dut hor lanketa bat ere egon behar dela, bai eskoletan, bai etxeetan, eta baita gure erakundeetan ere.

Hutsunea nabaritzen duzu kontzientzia horretan?

Bai eta kontzientzia esaten dudanean, esan nahi dut behar den informazioa edukitzea, erreflexio maila minimo bat egina izatea eta alternatiba batzuk eta bide batzuk proposatu eta ikusi izana. Azken bolada honetan eskoletatik ere behin baino gehiagotan deitu didate, eta Ulibarri Jardunaldietan justu honetaz aritu ginen. Neronek inkesta bat egin nuen 30 bat ikastetxeetan, eta nabarmena zen soziolinguistikaren lanketa, hizkuntza ekologiaren lanketa,... nolabait esateko, bizi dugun egoera linguistiko honen lanketa ez zela behar bezala egiten ikastetxe askotan. Eta orduan haurrek edo gazteek hizkuntzarekin daukaten harreman nagusiena eskolakoa baldin bada eta eskolan euskararen lanketa linguistikora, gramatikara mugatzen baldin badugu, haurrek eta gazteek ez dakite oso ondo interpretatzen, ez daukate behar bezalako erremintarik interpretatzeko zer gertatu den, zein izan den gure historia, zergatik euskara dagoen dagoen egoeran eta gaztelaniak daukan daukan indarra; nola jokatu behar den horrelako egoera batean, zer suposatzen duen maila sozialean eta maila indibidualean hizkuntza bat aukeratzeak ala besteak. Zergatik aukeratzen dugu? Guzti hori ez baduzu lantzen, gero, hautu linguistikoak ere normalean inertziaz beti joango dira errazago hizkuntza menperatzailera, hizkuntza menperatura baino.

Topaguneako lehendakari izanik, zerbait baduzue esku artean?

Gure lehentasunezko esparru gisa ikusten dugulako iaz Kukulaisi federazioa sortu genuen, eta hor biltzen dira aisialdia lantzen duten euskara elkarteak edo euskara elkarteetako aisialdi sailak. Gurean badira propio aisialdia lantzen duten erakundeak, eta Txatxilipurdi, esate baterako, EuskarAbentura bera edo Aisia elkarteko batzuk ere baditugu Topagunea federazioan, eta gero hainbat elkartetan, eta kasu honetan Tolosaldean ez da hainbeste landu, badirelako hori lantzen duten bestelako eragileak, baina Elgoibarko Izarrak edo Lasarteko Ttakunek esaterako aisialdia daukate beren jardueraren zati garrantzitsu batean. Horiek guztiek Kukulaisi federazioa sortu dute, hain zuzen ere, euskarazko aisialdi hori hobeto lantzeko, koordinatzeko eta gaur egun eskaintza hori murritza den lekuetan ere sustatzeko. Eta ikus-entzunezkoen munduan Laburbira egiten da, eta badira beste hainbat programa egiten direnak, hain zuzen ere, hori sustatzeko. Horretan ari gara, eta ea ikus-entzunezko ekoizpen hori ere handitzen den, eta baita dagoen ekoizpena zabaltzen eta sustatzen ere. Eta ez dut aipatu, baina bada beste kontu bat. Gauza bat da aldarrikapena, bestea da eskaintza, baina gero kontsumoa dator. Kontsumo hori bultzatzeko sustapen berezia egin behar dugula iruditzen zait. Batetik, ohitura falta da. Bestetik, askotan ez dugu jakiten zer dagoen ere, edo zer eskaintzen den ere. Eta gero hor konpromiso sozial hori ere bultzatu behar dugu. Eta ez dut esango militantziaz joan behar denik, baina bai esango dut joan egin behar dela.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!