ELKARRIZKETA

«Entretenimendua falta zaigu mundu digitalean»

Imanol Garcia Landa 2022ko ots. 6a, 07:57

Alex Padillak (Amasa-Villabona, 1987) sare sozialak kudeatzen lan egiten du. Gaztea irratirako sare sozialen arduraduna edo community managerra izan zen hiru urtez, eta egun Tabakaleran ari da zeregin horretan. Kezka handia du euskarak mundu digitalean duen presentzia urriaz.

Zer da 'community manager' bat eta zer egiten du?

Community manager lanari buruz hitz egiterakoan, asko jotzen dugu ingelesera, baina gurera ekarrita, sare sozialez arduratzen den pertsona bat da. Marka batek, hedabide batek, harategi batek, edonork izan ditzake sare sozialak, baina oso garrantzitsua da sare sozial bakoitza kudeatzea. Instagramera edonork igo dezake argazki bat, edo Twitterren txio bat edonork idatzi dezake, eta pentsatu daiteke ez dela profesional bat behar hori gauzatzeko, baina gure lana da sareetan gertatzen den hori gurera ekartzea, eta gure marka edo dena delakoa sareetara zabaltzea. Sare sozialak dinamizatzea, eta gure marka zabaltzea modu informatibo batean edo modu entretenigarri batean, euskarriaren arabera.

Sare sozialez ari garenez, zein dira gaur egun indar gehienak dutenak?

Zalantzarik gabe, gazte guztien ahotan dagoena Twitch da. Ibai Llanos bilbotarra, adibidez, sekulako arrakasta duen twitchlari bat da. Streamerra da, hau da, bideo jokoetan jolasten grabatzen dute euren burua eta hori zuzenean zabaltzen dute. Esango nuke momentuko sare sozialak lau direla: Twitch, Tik Tok, Instagram eta Youtube. Horiek dira puntan daudenak. Facebook ez dago oraindik hilda, baina orain Mark Zuckerbergek, horren guztiaren jabeak, metabertsoa eta adimen artifizialarekin ari da lanean, eta nolabaiteko susmoa dago gero hori dena Facebooken sartuko dela, eta berriro izango dela lehen mailako sare soziala. Oraintxe bertan oso zaharkitua dago.

Sare sozialak hainbeste erabiltzen ez dituztenentzako, nola azaldu zer garrantzia duten gaur egun? Ezinbestekoak direla esan daiteke?

Nire ustez badira. Oso adibide argia dut: lehen hedabide batek zerbait kontatu nahi zuenean, irakurleak edo ikusleak jasotzen zuen informazioa eta listo. Norabide bakarreko komunikazioa zen. Eta orain, sare sozialei esker, komunikazioa bi noranzkoan bihurtu da. Eta nolabait, bai hedabideek edo bai marka batek, bere informazioa eman edo zerbait kontatzen dutenean, entzule edo hartzaile hori kontaktuan jarri daiteke segituan eta bere erantzuna edo feedback hori eman. Orain hedabideek jasotzen dute bere irakurle, entzule edo ikusleen erantzuna eta lehen hori ez zen pasatzen. Zuk bi noranzko bide hori ez baduzu sustatzen, oso zaharkitua geratzen zara. Eta une honetan ezin duzu hori egin gabe utzi; gainera jarraitzaileen leialtasuna mantentzeko balio du. Zure jarraitzaileak zaintzen badituzu, gustatzen zaizkion eduki horiek eskainiz, gustatzen zaion informazio hori berehala bidaliz, bada modu bat zure markari leialak izan daitezen lortzeko, eta gaur egun hori oso garrantzitsua da dagoen lehiakortasuna ikusita.

«Kontsumitzaileak badaude, euskaraz kontsumitzeko gogoa duen jendea badago»

Eta garai berri hauetan, euskarak zer presentzia du?

Gaztea irratian hiru urte pasa nituen, eta hor bai konturatu nintzela mundu digitalean entretenimenduaren alorrean zer gutxi dagoen euskaraz. Albisteak eta informazioa euskaraz izatea oso ondo dago, baina entretenimendua falta zaigu. Azkenean nik bideoak behar ditut Tik Token euskaraz. Youtuben tutorialak behar ditut euskaraz, jakiteko adibidez nola prestatu dezakedan jaki bat. Euskarazko edukirik ez dago. Ez dakit arrazoia izango den ez dela errentagarria. Askotan hedabide publikoei tokatzen zaie apustu hori egitea; Gaztean argi genuen gazteek ez dutela irratia lehen bezala entzuten, sareetan daudela, eta horregatik zentratu ginen sareetarako edukiak egiten. Kontsumitzaileak badaude, euskaraz kontsumitzeko gogoa duen jendea badago, baina ez daude gaur egun gazteek kontsumitu nahi dituzten produktu horien kalitatea emango dutenak. Nolabait euskara izan da beti eduki didaktikoekin lotu den zerbait, akademikoagoa, eta askotan beldurra eman izan digu entretenimenduzko produktu dibertigarriak egiteak, lotsagabeak. Dantza euskaldun batekin Tik Tok bat grabatzea kosta egiten zaigu; gero ere izaera kontua bada, baina badago kontsumitzailea hori jaso nahi duena, gustatuko litzaigukeena modu horretara bizitzea. Ameriketako Estatu Batuetan egiten diren jolas eta erronka horiek gurera ekartzea oso garrantzitsua da, horrek mantentzen duelako gure hizkuntza bizirik.

Aipatutako sare sozial horietan ibiltzen diren batzuk oso gazteak dira, hamar urte dituztela hasten dira. Eta euskaraz ez badago edukirik, ez dute erreferenterik. 

Hala da, eta gainera ohitura txarrak hartzen dituzte. Zure erreferenteak sareetan lan egiten duten erdaldunak badira, gero kosta egingo zaizu euskaraz kontsumitzea. Lehen telebistarako edukiak euskaraz sortzen ziren moduan, nire ustez erakundeek indar asko egin eta diru asko inbertitu behar dute euskarazko eduki digitala sustatzeko. Badakit ekimenak egiten dituztela, baina hor lanketa serio eta sakon bat egin behar da, hor dagoelako arazorik larriena. Kontsumitzeko jendea badago, eta hori Gaztean ikusi genuen, funtzionatzen zuela eta gose hori bazegoela, eta jendeari gustatzen zaizkiola euskarazko entretenimenduzko edukiak, baina sortu egin behar dira. Ezin gara Gazteatik bakarrik izan gazteengana iristen garenak. Diru laguntza batzuk sortu behar dira euskarazko eduki dibertigarriak sortzeko, influencerrak eta sareetatik bizi diren pertsona horiek erdarara jotzen dute hortik dirua lortzen dutelako. Markek kontratatzen dituzte, baina horretarako zure jarraitzaile kopurua potoloa izan behar da. Eta hor dago arazo larri bat, erdarara jotzen da jarraitzaile kopurua handitzeko.

«Irtenbidea jende gaztea fitxatzea da, soldata bat jarriz, bizitzeko aukera izan dezaten euskarazko produktu digitalak sortzen»

Nik ezagutzen ditut kasu asko, euskal aktore asko, euskaraz egindako telesail batetik atera direnak, sareetan jarraitzaile kopuru interesgarriak dituztenak, baina gero Madrilera badoaz telesail baterako casting bat egitera, hangoek zenbakiei eta jarraitzaile kopuruei begiratzen diote askotan. Zure komunikazio guztia euskara hutsean egiten baduzu, zenbaki horiek oso mugatuak dira, eta hazkunde hori oso mugatua izaten da. Globalizazioak oztopo asko eta min handia egiten dio euskarari alor digitalean.

Jarraitzaile kopuru potentzialari dagokionez, diozun moduan, gaztelerarekin lehiatzea ezinezkoa da.

Eta dirua ere kontuan hartu behar da. Nik ez dut ezagutzen gaur egun sare sozialetan euskaraz sortzeaz bizi den inor. Ez dago euskaraz aritzen diren youtuber edo twitchlaririk eta hortik bizi direnik. Oso garrantzitsua da, beraz, erakundeek horren aldeko apustua egitea. Talentua badaukagu.

Datuei dagokionez, argazkirik baduzu sare sozialetan euskarak duen presentziaren inguruan?

Daturik ez dut, baina badaude egitasmo interesgarriak, 3.000 twitch izenekoa adibidez, Twitch plataforman egon zen mugimendu bat euskararen presentzia bermatzeko. Gero badaude Tik Token ere hainbat traola erabilita komunitate hori sortu nahi duten hainbat pertsona. Militantziak hor ere asko egiten du: zuk euskaraz kontsumitu nahi baduzu, bilatzen dituzu moduak komunitate horiek sortzeko. Baina oso garrantzitsua da, esaten nuen moduan, sortzaileek nolabaiteko babesa izatea. Ez duzu dena diruarengatik egiten, baina horrelako bideo bat egiteak esfortzu bat suposatzen dizu, eta hori lan bat da. Sareetan lan egiten dugunok ez gaude zortzi ordu pantailaren aurrean begira ea Instagramen zer publikatzen den. Estrategia batzuk planteatzen egoten gara, gure publikora nola iritsi gaitezkeen ikusiz,... Oso garrantzitsua da lanketa bat egitea, eta horregatik da profesio bat. Zer lortu beharko genuke? Euskal influencer, twitchlari edo youtuberrak izatea. Adibidez, begira pilotak zer arrakasta duen hemen Euskal Herrian. Zergatik ez dugu Ibai Llanos bezalako bat, pilota komentatuko duen twitchlari bat? Eguzkitze bat baina modu dibertigarri batean Twitchen pilota partida bat komentatzen. Beraz, euskaraz sare sozialetatik inor ez bizitzea oso arriskutsua da.

Izan ere, gaur egun gazteak komunikabideetatik baino sare sozialetatik elikatzen dira.

Eta beraien erreferenteak youtuber hori, beste tik-toker hori edo twitchlari hura dira. Eta komentatzea ahaztu egin zaigun kontu bat azpidatzien gaia da. Instagramen badaude aukerak beste hainbat hizkuntzetan azpidatziak jartzeko, baina zergatik ez euskaraz? Gai horren inguruan mugimendu bat sortu beharko genuke. Ni Bartzelonan eta Madrilen bizi izan naiz, eta erdaraz egin izan ditut stories guztiak, eta orain bai hasi naizela euskaraz ere egiten. Bada, azpidatziak edo esaldiren bat jartzen dut euskaraz eta erdaraz, nire Kataluniako lagunek uler dezaten zer ari naizen esaten eta euskaldunek beraien hizkuntzan kontsumitzeko. Baina hor ere arazoa dago, ez baitaude erraztasunak guk gure hizkuntza alor digitalean erabili ahal izateko.

Irtenbidea, beraz, erakundeen laguntza jasotzea izango litzateke edukiak sortzeko.

Badakit horren aldeko apustua egiten hasi direla, baina uste dut oso serio jarri behar direla horrekin. Esan daiteke belaunaldi bat galtzen ari garela. Lehen Hasiberriak ikusten genuen, Goenkale... Orain Go!azen ikusten dute, baina hori bukatzen denean ez dago ezer. Eta hor dago arazoa, erreferente digital horiek behar dituztela. Nire garaian Son Gokuri buruz hitz egiten genuen moduan, gaur egun youtuber horrek igo duen bideoa edo Tik Token egiten duten dantza biral hori dute hizpide.

Esan daiteke, beraz, gaur egun hamar eta hogei urte bitarteko gazteak galtzen ari garela, mundu digitalean euskaraz aritzeko?

Nire ustez bai. Gu Tolosaldean bizi gara, eta hemengo kontsumo ohiturak euskaldunak dira, eta euskara mamitsua dugu, baina kanpora bazoaz, Bilbon edo Donostian bertan, beste modu batera bizi dute errealitatea. Gazte guztiek mugikor bat dute eskuetan eta ez dute kontsumitzen guk kontsumitzen duguna. Hainbeste eskaintza dituzte: telesail bat erdaraz edo ingelesez ikusteko aukera, edota influencer horrek edo besteak zer egiten duen begiratzea... Esan bezala, hor dago arazoa, euskaraz ez dagoela erreferenterik. Askotan gertatzen zaigu guri, kanpaina bat egiteko jendea fitxatu nahi dugunean, telebistako jendearengan pentsatzen dugula, Aitziber Garmendia eta Jon Plazaola, adibidez. Baina horiek ez dira gure gazteen erreferente digitalak; gure belaunaldiko umoristak dira, baina ez daude nolabait unibertso digital horretan sartuta. Ez da irtenbidea Aitziber Tik Tok bat egiten jartzea, baizik jende gaztea fitxatzea, soldata bat jarriz, bizitzeko aukera izan dezaten euskarazko produktu digitalak sortzen. Uste dut natibo digitalak diren horiek fitxatu behar direla, ez telebistako jendea digitalera eramatea ezagunak direlako. Ezagunak dira guretzako, 34 urte dituen Alex Padillarentzat, ez hamabi urte dituen bilbotar batentzat. Sortzaile fabrika bat martxan jarri behar da, bestela gure gazteek gazteleraz kontsumitzen jarraituko dute. Informazioa euskaraz badago, baina entretenimendua falta da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!