Duela 100 urte Tolosan martxan jarritako euskal eskola omenduko dute

Ataria 2022ko otsailaren 7a

Tolosako Udalak eta Galtzaundi Euskara Taldeak egingo dute omenaldia, asteazkenean.

1922. urteko urtarrilaren 9an Tolosako Euskal Ikastola ireki zuten Gorriti plazan. Umeei euskaraz irakasten hasi zen lehengotariko eskola izen zen eta Primo de Riveraren diktadura garaian emandako etenaldi bat kenduta, 1922. urtetik 1936. urteen artean eman zituzten eskolak bertan, Maria Dolores Arbilla irakaslea gidari zela.

Eskola hura omentzeko ekitaldia egingo dute Tolosako Udalak eta Galtzaundi Euskara Taldeak asteazkenean, hilak 9, 18:30ean udaletxeko areto nagusian. Udalak esan du ekitaldian eskola hark emandako bi pauso esanguratsuenak nabarmendu nahi dituztela; eskola mistoa zela eta euskaraz irakastea. Ekitaldian Tolosako herriko hainbat eragilek parte hartuko dute eta Haritz Azurmendi ikertzaileak duela 100 urte martxan jarritako eskolaren inguruko azalpen laburra egingo du.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!