Aurrekontu proiektuaren txostena herritarren eskura jarri du Tolosako Udalak

Ataria 2022ko otsailaren 4a

Herritarrek "modu ulerterrazean" aurrekontuaren helburu nagusiak zein diren, gastuak nola banatzen diren edota arlo bakoitzera zenbat diru bideratzen den ikusi dezakete udalaren webgunean.

Abenduko Osoko Bilkuran onartu zen aurrekontu proiektuaren inguruko txosten grafikoa jarri du herritarren eskura Tolosako Udalak "tolosarrek modu ulerterrazean aurtengo aurrekontuen helburu nagusiak zein diren, gastuak nola banatzen diren, arlo bakoitzera zenbat diru bideratu den eta zein proiektu eta egitasmo gauzatuko diren ezagutzeko aukera izan dezaten". Tolosako Udalaren webgunean (Tolosa.eus) dago eskuragarri informazio guztia.

Olatz Peon Ormazabal alkateak azaldu duenez, "gardentasunaren aldeko ariketan osatu eta  jarri da herritarren eskura 2022 urteko aurrekontuen inguruko txostena, modu grafikoan eta errazean herritarrek informazio osoa izan dezaten".

Kudeaketarako "lan izugarria" izango dutela aurten nabarmendu du, "2022. urtera Legealdi Planean jasotako eta aurreikusitako proiektu asko eta asko prest ditugula iritsi baikara, hainbat gauzatzeko moduan eta berriak ere aurreikusiz”. Horregatik, aurrekontu proiektu "sendoa, errealista, eraginkorra, zorrotza eta jasangarria" osatu dutela azpimarratu du alkateak, "egungo beharrei, baina baita ere etorkizuneko erronkei erantzungo diena”. 

Begoña Tolosa ogasun zinegotziak gogoratu du udalak 34,5 milioi euroko aurrekontua izango duela aurten,"iaz baino %28 gehiago". "Arloka modu honetara dago banatuta aurrekontua: %25 Antolakuntza (8,6 milioi euro); %32,72 Herritarrak (11,2 milioi); %23,22 Lurraldea (8 milioi) eta %19,04 Inbertsioak (6,6 milioi)", azaldu du. "Kopuru horiek agerian uzten dute gure lehentasunak zeintzuk diren". Hala, inbertsio nagusien artean ondorengoak nabarmendu ditu: Zumarditxikiko obra; Emakumeen Etxearen obra; Abegi gau eta egun zabaltzeko proiektuaren garapena; tren geltokiko irisgarritasuna hobetzeko obra; Gorriti eremua eraberritzeko obra; Usabalgo hirugarren fasea; Zezen plazaren laugarren fasea; Amarozko auzoetxeko estalkia eraikitzeko lanak, azokaren digitalizazioaren sustapenean jarraitzeko egitasmoak; eta ekintzailetza sustatzen jarraitzeko proiektu berria, besteak beste. 

Herritarren proposamenak aurrekontuan

Bestalde, Olatz Peonek adierazi du herritarren proposamenak urtero moduan txertatu direla aurrekontu proiektuan. "Batzuetan bere horretan txertatu dira proposamenak, eta beste batzuetan proiektu eta egitasmo desberdinen bidez erantzun zaie herritarrek egindako proposamenei". Aurrekontu txostenean jasotako proposamenen artean dira, zerbitzu gida bat osatzea, zaintza komunitarioaren aroan lan egiten duten eragile eta ekimenak ezagutaraztea, Iurramendiko berdeguneekin zer egin aztertzeko lanketa, energia berriztagarrien sustapena, Emari Coworking espazioa indartzea, haur, nerabe eta gazteen kultur ekitaldien kontsumoa aztertzea edota indarkeria matxista lantzeko formakuntza tailerrak eskolatik kanpo ateratzea.

“Asko dira eta oso anitzak aurrera eramango ditugun proiektuak eta horiek herritarrekin elkarlanean gauzatu eta landuko ditugu, orain arte bezala” gaineratu du alkateak.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!