ZIENTZIAREN TALAIA

Zientziaren Talaia

Erabiltzailearen aurpegia Josu Lopez-Gazpio 2022ko ots. 7a, 07:57

Bi mila eta hogeita bigarren urtean zazpigarren urteurrena beteko du Zientziaren Talaiak, Tolosaldeko Atarian zientziak duen txoko xume honek. Hainbat gai izan ditugu hizpide urte guzti horietan zehar: elikadura, medikuntza, transgenikoak, azukrea, kafea, haragia, arrautzak, babarrunak... azken aldian, gaurkotasunak behartu gaitu COVIDa eta birusak ere sarritan hemen agertzea, baina, urte hauetan beti sentitu dut norbait bazegoela hitz hauen beste aldean, noizean behin, zerbait irakurtzen eta, agian, ikasten. Horrexegatik, berrikuntza batekin dator 2022a.

Horixe da talaia honen helburua: erakustea eta ikastea. Izatez, talaia inguru zabalak begiztatzeko toki garaian kokaturik dagoen dorrea dela dio Harluxetek eta, talaiaria, bertan dagoen zelataria. Txoko honen definizioarekin bat dator, izan ere, hona ekarri nahi izaten ditut zientziari buruzko informazio eta albiste garrantzitsuenak, xehe-xehe zuri, irakurle, azaltzeko. Zientzia dibulgazioaren bitartez lortzen da hori. Herritar guztiek ez dute zientzia-adituak izan behar, noski, ni ere ekonomian aditua ez naizen bezala, adibidez. Horrexegatik, zientzian ohikoak diren kontzeptu konplexuak beste modu batera azaldu behar izaten ditut. Beste modu batera, baina, zientziaren zorroztasunari hutsik egin gabe.

Bada, esan bezala, 2022a beste berrikuntza batekin dator Zientziaren Talaiaren jarraitzaileentzat. Aurreko azarotik, Zientziaren Talaiak bere saioa du Ataria Irratian. Hilabeteroko maiztasunez, ordubete inguruko saioan bilduko dizkizuet azken hilabeteko zientzia-albiste garrantzitsuenak eta beste zenbait bitxikeria ere izango ditugu hizpide. Irratsaio honen bitartez gaurkotasuna lortzea da helburu eta, batez ere, zientziarekin lotura duten albisteak azaltzea, modu laburrean.

2022a beste berrikuntza batekin dator 'Zientziaren Talaia'-ren jarratzaileentzat. Aurreko azarotik, 'Zientziaren Talaia'-k bere saioa du 'Ataria Irratia'-n

Ez kezkatu, irakurle, ez baituzu zure hilabeteroko hitz idatzien dosi hau galduko. Zientziaren Talaiak tinko eutsiko dio txoko honi, hemen jaio baitzen. Uhinen bidezko esperimentuak martxan dirauen bitartean, proposamen batekin natorkizu, irakurle. Irratsaioaren ataletako bat entzuleen txokoa da eta, jakina, Talaiaren irakurle finek badute lekua bertan. Horrexegatik, zientziarekin lotura duen edozein galdera, iruzkin edo gai-proposamen bidali dezakezu ataria@ataria.eus  posta elektronikora eta pozarren erantzungo dizut uhinetatik.

2022. urteak hainbat zientzia-albiste ekarriko dizkigu: pandemiaren garapena, espazioko misioak, HIESaren eta malariaren aurkako txertoen garapena, klima-aldaketa... horiek eta oraindik etorriko direla ez dakizkigunak aztertuko ditugu uhinetan edo paperean.

Ongi etorri 2022!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!