Oria ibaiertzean saretak jartzeko eskatu dio Eguzkik Tolosako Udalari

Ataria 2022ko ots. 1a, 07:57

Hondakinak uretara erortzea eragotzi nahi du talde ekologistak; era berean, ibaiaren inguruko baranden aurrean dauden birziklatzeko zakarrontziak lekuz aldatzeko eskatu dio udalari.

Oria ibaiertzean dauden barandak aprobetxatzeko eta behealdean saretak jartzeko eskatu dio Eguzki talde ekologistak Tolosako Udalari. "Sareta hauek hainbat hondakin uretara erortzea eragotziko lukete, besteak beste, tabako-paketeak, tabakoa biltzen duten plastikoak, zigarrokinak, musukoak, paperezko ahozapiak, plastikozko poltsak, plastikozko eta beirazko botilak, edota azukre eta snack bilgarriak", adierazi dute taldeko kideek. "Batzuetan, nahigabe edo istripuz erortzen zaizkigu, baina gure artean oraindik oso sustraituta dago hondakinak lurrera inolako lotsarik gabe botatzeko ohitura. Hondakin asko dira, haizeak bultzatuta edo, ibaian bukatzen dutenak", gaineratu dute.

Herriko lau zubitan ere saretak jartzeko eskaera luzatu du elkarteak: Sam, Euskaldun berria, Berazubi eta Nafar zubiak. "Zumalakarregi pasealekuan eta Elkano kalean atseden-banku gisa erabiltzen diren petriletan ere bai. Gune horietan, beirazko botila eta plastikozko edalontzi ugari pilatzen dira jai eta ekitaldi egunetan.

Prebentzio-neurri horiek hiriguneetan, industrialdeetan eta bidegorrietan jarri dira jada, batez ere Urola bailaran. Horri esker, murriztu egin da haizeak ibaira eramandako hondakin kantitatea. Gaur egun, Zestoan, Azpeitian, Azkoitian, Zumarragan, Urretxun eta Legazpin ia 6.000 metro sareta daude guztira. Horietatik, 1.100 metro falta dira Azkoitian; partida bat horretarako bideratu da jada, eta udalak jarriko du datozen hilabeteetan. "Kanpaina xume hau Urolan hasi genuen eta zorionez gainerako arroetara zabaltzen ari da. Lelo honi erantzuten dio: sortu gabeko hondakina da hondakin onena, garapen jasangarria bultzatuz eta ingurumenari ahalik eta kalte gutxien eraginez. Gure ibaietan eta, ondorioz, itsasoan sortzen duten arazo handiari dagokionez, zalantzarik gabe, hondakinik onena uretako ekosistemetara iristen ez dena da".

Kanpaina hau zabaltzeko konpromisoari berriro helduz, gaur egun, saretak Oarsoaldean, Deban eta Orian instalatzeko lanean ari da taldea. "Herri batzuetan jarrita ikus ditzakegu. Erraz jartzen dira, eraginkorrak dira eta udalentzat ez dira batere garestiak. Horrelako neurriak hartzea oso garrantzitsua iruditzen zaigu, ibaiaren eta gure kostaldearen kalitate ekologikoa hobetzeko helburua dutelako", azpimarratu dute. Era berean, Oria ibaiaren inguruko baranden aurrean dauden birziklatzeko zakarrontziak lekuz aldatzeko eskatu du Eguzkik, helburu berarekin: hondakinak ibaira ez iristea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!