Herritarraren atxiloketa "proportzionala, beharrezkoa eta egokia" izan zela esan du Erkorekak

Ataria 2022ko urt. 28a, 11:40

Urrian Tolosako Trianguloa plazan gertatutako esku-hartzearen inguruan hitz egin du Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailburuak; esan duenez, Ertzaintzak protokolo bat du gaixotasun psikikoak dituzten pertsonen aurrean jarduteko.

Nola jokatu behar du poliziako agente batek tratamendu psikiatrikoa jasotzen duen pertsona baten aurrean? Proportzionala izan al zen agenteen jokabidea, urriaren 13an, Tolosako Trianguloa plazan espaloian bizikletaz zihoan gizonezko bat goratu eta identifikatzen saiatu zirenean? Abenduaren 1ean, atxilotuaren amak gutun publiko batean kritikatu zuen semea "umiliatua eta iraindua" sentitu zela, eta honakoa galdetu zuen: "Nola bihurtu daiteke espaloitik bizikletaz joatea bezalako ekintza hutsala, ekintza bortitza (atxilotzea eta polizia-bulegoetara eramatea)?". Gainera, ziurtatu zuen bere semeak ez zuela inor mehatxatu.

Egungo EH Bilduko legebiltzarkide eta Tolosako alkate ohia den Ibai Iriartek, pasa den urtarrilaren 14an, Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailburuari zenbait galdera egin zizkion gertatutakoaren inguruan. Erkorekak agenteen jokabidea defendatu zuen. Frogatutzat eman zuen atxilotuak "portaera bortitza" izan zuela "behin baino gehiagotan", eta agenteek atxilotuaren egoera pertsonala baloratu zutela tratamenduan zegoela jakin zutenetik.

Erkorekak Iriarteri erantzun zion atxiloketa "Ertzaintzako agenteetako bat fisikoki erasotu ondoren" gertatu zela. "Kolpe handia eman zion eskuin eskuan, herritarra identifikatzeko asmoz hurbildu zenean". Sailburuak esan zuen pertsona hori "gero eta asaldatuago" zegoela ikusita, "lurrean etzan behar izan zutela, eta azkenik, girgiluak ipini behar izan zizkiotela". Gaineratu zuenez, "agenteek beren integritatea babesteko ezinbesteko indarra erabili zuten".

Sailburuak azaldu zuenez, "agenteek hamar aldiz eskatu zioten herritarrari identifikatzeko, espaloitik bizikletan zihoalako, mozkortuta, itxuraz behintzat, telefonoz hitz egiten ari zen bitartean". Beraz, esku-hartzea "proportzionala, beharrezkoa eta egokia" izan zela adierazi zuen, eta aldi berean, agenteak "kontu handiz" ibili zirela, "kontrol-arauei eta Kode Etikoari dagokienez".

Erkorekak esan zuenez, "lanean ari ziren bi agenteak ez ziren jakitun herritarrak gaixotasun mentala zuela atxilotzean, eta egoera horren berri Ertzaintzako beste agente batzuei eman zitzaiela ofizialki, gerora, mediku batek psikiatria zerbitzuak jasotzen ari zen gaixo bat zela baieztatu zienean".

Erkorekak behin eta berriz azpimarratu zuen "horren berri izan ondoren, eginbideak arindu" egin zirela, "atxilotua ahalik eta azkarren askatzeko", hurrengo egunean egoitza judizialean aurkeztu ordez. "Hala ere, pertsona horren komisaldegiko egonaldia behar baino gehiago luzatu zen, eginbideak egiten ari zirela, herritarrak jarrera bortitza izan zuelako, bere ondasunak bota zituelako, eta konfiskatutako kokaina itzuli ezean, Ertzainetxea uzteari uko egingo ziolako".

Segurtasun Sailaren arabera, Ertzaintzak jarduera-protokolo bat du gaixotasun psikikoak dituzten pertsonen aurrean jarduteko. Gainera, ukatu egin du, amak salatu zuenez, atxilotua kalabozoan biluzik zegoela, eta ohiko prozeduraren bidez erregistro zehatza egin zitzaiola esan du.

"Badira grabaketak"

Era berean, Ekoreka sailburuak honakoa erantzun zion Iriarteri: "Atxilotua Ertzain-etxean egon zeneko grabaketak existitzen dira, eta jakina, aztertu egin dira, eta lehen azaldutako guztia ikusi da". Erkorekaren arabera, komisariako unitateburuak berak, amaren haserrea bertatik bertara ezagutu ondoren, "gertaeren barne-ikerketa hasi zuen, informazio guztia atxilotuaren abokatuarekin eta grabaketetan ikusitakoarekin egiaztatuz, eta agenteen jarduna zalantzan jartzeko arrazoirik gabe". Hala ere, txostena Ertzaintzaren Barne Gaietarako Sailari bidali zaiola baieztatu zuen, "kasua aztertu dezan".

Erkorekak bere idazkian azaltzen duenez, "ikerketa honen ondoren, hainbat aldiz artatu da atxilotuaren ama, pertsonalki, emaitza ahoz azaltzeko, baita idatziz ere, berak aurkeztutako kexa bati erantzunez".

Erlazionatuak

Salaketa publikoa egin nahi dut

Erabiltzailearen aurpegia Mila Canseco Nieto 2021 abe 01 Tolosa

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!