Gutuna

Salaketa publikoa egin nahi dut

Erabiltzailearen aurpegia Mila Canseco Nieto 2021ko abe. 1a, 15:59

Urriaren 13an, Tolosako Trianguloa plazan, 21:30ak inguruan gertatutakoak publikoki salatu nahi ditut. Denbora asko igaro behar izan da neure burua urrats hau emateko indar nahikoarekin ikusteko. Ezegonkortasun emozionaleko, ezintasuneko, tristeziako, antsietateko, amorruko eta frustrazioko asteak izan dira.

Egun horretan, nire semea bizikletan pasatzen ari zen Trianguloa plazatik, bi ertzainek modu ez oso onean gelditu, eta identifikatzeko eskatu ziotenean. Nire semea tratamenduan dago, behar desberdinak eta bereziak dituelako . Agenteen jarrera oso oldarkorra eta agintzailea izan zen une oro. Semea jo eta lurrera bota zuten, betaurrekoak ere botaz. Belaunak bizkar gainean jarri zizkioten eskuburdinak jartzeko, eta errefortzuak eskatu zituzten arriskurik ez zekarren egoera bat kontrolatzeko. Edozein profesionalek patxadaz eta indarra erabili gabe bideratu zezakeen gertakari txiki bat, atxiloketa bortitz batean bihurtu zuten. Pertsona horrek ez zuen inongo momentutan arriskurik suposatu inorentzat, ez zuen armarik, ez zuen mehatxurik egin, ezertxo ere ez.

Erasoak iraun zuen bitartean, han zeuden hainbat pertsonak nire semea bakean uzteko eskatu zieten agenteei, nahikoa zela, lasai uzteko eta askatzeko. Tolosan oso ezaguna eta estimatua den pertsona bat handik igarotzen ari zen, eta egoera zein dramatikoa zen ikusita —nire semea une hartan antsietate krisi batean zegoen—, bitartekari lanak egiten saiatu zen lasai utz zezaten, NANa ere eskainiz eta nire semeaz arduratzeko prest agertuz. Agenteetako batek harrokeriaz eta modu txarrez erretiratzeko erantzun zion. Gizon jator honek 90 urte inguru ditu eta bera ere urduri jartzen hasi zela ikusita, alabak handik eraman zuen.

Amesgaiztoa ez zen hor amaitu. Eskuburdinak jarrita eraman zuten komisariara eta biluzik eduki zuten ziega batean. Umiliatuta eta irainduta sentitu zen. Hiru aldiz eskaini zioten agenteei eraso egiteagatik bere burua erruduntzat onartzen zuen dokumentu bat sinatzea, horietako bat ofiziozko abokatu baten aurrean. Uko egin zion abokatuari, bere eskubideak ez zituela defendatzen ikusi baitzuen, poliziekin batera dokumentua sina zezan presionatu baitzuen, baina nire semeak ez zuen sinatu. Modu txarrean askatu zuten goizeko ordu bietan.

Giza eskubideen adierazpen unibertsalaren bosgarren artikuluak hitzez hitz adierazten du inork ez duela tratu krudel, anker edo iraingarririk jasango.

Nola liteke Tolosako erdigunean, udazkeneko ilunabar atsegin batean, plazako eserlekuetan, kafetegiko terrazan eserita dauden pertsonen aurrean, gure segurtasunaz arduratzen diren pertsonek, gure kaleetako bizikidetzaren ustezko bermatzaileek, modu probokatzaile, neurrigabe, harroputz eta lotsagabean jokatzea? Nola, noiz eta nork konponduko du egin diguten doako kalte hori guztia?

Gure eskubideak errespetatuko dituen, pertsona gisa errespetatuko gaituen eta enpatiaz, sentsibilitatez eta proportzionaltasunez jokatuko duen polizia bat nahi eta eskatzen dugu.

Ez dut salaketa hau amaitu nahi eskerrak eman gabe egun hartan pertsona askok nire semearekiko erakutsi zuten jarreragatik, eta aste hauetan zehar zuen elkartasuna eta maitasuna adierazteko hurbildu zaretenengatik.

Eskerrik asko bihotzez

Mila Canseco Nieto Tolosa

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!