Belate eta Larramendi lotuko dituen zubi berria eraikitzeko lanak, maiatzerako

Ataria 2022ko urt. 28a, 11:35

Proiektua egokitu behar izan du Tolosako Udalak, eraikuntzarako materialen prezioen igoeragatik, eta horrek epeak atzeratzea ekarri du; Arkaute parean eraikiko duten zubi berria oinezkoentzako eta bizikletentzako izango da. 

Oinezkoentzako eta bizikletentzako pasabide berria eraikitzeko lanen hasiera gero eta gertuago dago. Arkaute pareko zubi berriak, Larramendi auzoa eta Belateko pasealekua lotuko ditu. Hasierako proiektuan egokitzapenak egin behar izan ditu Tolosako Udalak, eraikuntzarako materialen prezioaren igoeragatik; hortaz, aurrekontua aldatu dute eta epeetan atzerapenak izan dituzte.

Proiektuaren aurrekontu berria 1.086.389,03 eurokoa da (BEZ gabe). Lizitazioa otsailaren 7a baino lehen martxan jartzea aurreikusten du udalak, eta, lanak esleitu ahala, maiatzerako aurreikusten dute pasabidea eraikitzen hastea. Obren iraupena sei hilabetekoa izango dela aurreratu du udalak. 

Zubi berriaren pasabidea altueran egongo da, uholde-arriskuari aurre egiteko nahitaezko neurria baita. Beraz, bertarako sarbidea igogailuen eta eskaileren bidez egingo da. Udaletik aitortu dutenez, "zubia erabiltzeko irisgarritasuna bermatuta egongo da uneoro".

Corten altzairuzko habe motako egitura metaliko bat izango da pasabidea; oxidazioak ezaugarri bereziak izan ditzan konposizio kimiko jakin batekin egindako altzairu mota bat da. Zorua, aldiz, egurrezkoa izango da, eta irristakorra ez izatea bermatuko dute. Bestetik, hormigoi armatuzko bi estributan oinarrituko da igarobidea, eta horiek, ibilguaren egungo hormaren altuera gaindituko dute. Azkenik, Led argiteria jarriko da, argi-kutsadura gutxitzeko eta energia aurrezteko.

Udaletik adierazi dutenez, pasabidea eraikitzeak "ahalik eta eragin txikiena" izango du hiri-ingurunean. "Belate pasealekuko oinezkoen bidegurutzea eskailera gunera hurbiltzeko, zebrabidea altxatuko da eta berri bat jarriko da iparralderago, galtzadaren gainean nabarmenduta", gaineratu dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!