Samaniego eskolako bizikleta aparkalekua estaliko du udalak

Ataria 2022ko urtarrilaren 27a

Gabonetan egokitu zuten bizikleta aparkaleku hauen oinarria, eta gaur eta bihar artean, estalpea jarriko dute, euria egiten duenerako bizikletak babesteko.

Azken urteetan zenbait aparkaleku berri jarri ditu Tolosako Udalak herriko eremu desberdinetan. "Tolosa Badabil mugikortasun planean jasotako lan lerroetako bat da bizikletaren erabilera indartzea, mugikortasun eredu jasangarriak sustatu eta horien aldeko urratsak ematen jarraitzeko", adierazi du udalak.

Hori dela eta, gaur eta bihar Samaniego Herri Eskolan dagoen bizikletentzako aparkalekua estaliko du udalak, euria egiten duenerako bizikletak babesteko. Gabonetan egokitu zuten bizikleta aparkaleku hauen oinarria, eta orain estalpea jarriko dute.

2020an, bizikletentzako 80 aparkaleku sortu zituen udalak Usabal kiroldegiaren alboan, eta iaz, bizikletak uzteko gune estali berria jarri zuen Udal Musika Eskolaren atzealdean. "Gaur egun, 1.200 bizikleta aparkatzeko ahalmena dugu Tolosan", gaineratu du.

Horrez gain, bizikletak aparkatzeko gune estali berriak sortzea aztertzen ari da udala, baita Belena bizikleta aparkalekuko aparkaleku kopurua handitzea ere. "Herritarrei bizikletak uzteko aukera berriak eskaintzea da helburua".

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!