ELKARRIZKETA

«Ez da batere erraza izan, eta zalantzarik gabe, erabaki tristea da»

Josu Artutxa Dorronsoro 2022ko urt. 27a, 07:59

Tolosako Udalak ostiralean kaleratu zuen herritar askok entzun nahi ez zuten albistea: aurten ere, ez da inauteririk izango; hori dela eta, arduraz jokatzeko deia luzatu du Olatz Peon alkateak

Tolosarrak jakitun dira. 2022an ere ez da inauteririk izango herrian. Bigarren urtez jarraian bertan behera geratu dira aurrez urtero ospatu izan diren festak. Udalak era guztietako mezuak jaso ditu herritarrengandik, eta alkatea bera ere «triste eta atsekabetuta» agertu da.

Zer sentitzen da bigarren urtez jarraian, inauteriak bertan behera uzteko erabakia hartu ondoren?

Ez da gustuko erabakia izan, baina egun bizi dugun egoerak herria bera baldintzatzen du, eta zaila edo erraza izan, hartu beharreko erabakia zen. Nire ustez, herritarrentzat ere ulergarria da.

Iazko urtarrilean zenioen, ez zenuela inauteririk gabeko urte bat irudikatzen. Zer pentsatzen duzu orain?

Ez dudala inauteririk gabeko hirugarren urtea irudikatzen. Adierazpen horiek egin nituenean, bestelako egoera bat bizi genuen, eta orain, unean uneko erabakiak hartzea egokitzen zaigu. Erabat sinetsita nengoen, bosgarren olatua gainditzen ari ginenean, egoera bestelakoa izango zela. Gainera, herriak beste normaltasun batean bizitzea behar du. Tamalez, Tolosan oso oldarkorra izaten ari den seigarren olatua etorri da.

Egungo osasun egoera izan da inauteriak bertan behera uztearen irizpide nagusia.

Erabakia hartu genuenean, intzidentzia-tasa eta ospitaleetako datuak hartu genituen kontuan, baita indarrean dauden neurriak eta Osasun Sailak emandako gomendioak ere. Egiari zor, hainbat argazki jarri genituen mahai gainean, Tolosako Inauterietan elkartzen den jende kopurua aztertzeko. Inguruko herrietatik ere inauterizale ugari etortzen da. Ondorioz, ez da erraza izan, eta zalantzarik gabe, erabaki tristea da.

Hala ere, badirudi pixkana, egoera hobera egiten ari dela. Askok, agian pentsatuko dute azkarregi dela behin betiko erabaki bat hartzeko.

Azken asteetan, zenbait eragileren eta herritarren mezuak heldu zaizkigu. Bi iritzi ezberdin nagusitzen ziren: batetik, erabakia berehala hartzea eskatzen zutenak, prestaketa handia eskatzen duten jaiak direlako; bestetik, erabakia ahalik eta beranduen hartzea, aurrerago inauteriak ospatzeko aukera gehiago izateko. Horri lotuta, Gabonak igaro arte itxaron dugu, baina zoritxarrez ez dugu beste aukerarik izan.

Horrez gain, inauteriak osotasunean ospatu ordez, erdibideko zerbait egitea ere eskatu dute herritar batzuek, trantsizio urtea izan zedin. Ia 20.000 biztanle gara Tolosan, eta guztiok modu ezberdinean bizi ditugu inauteriak. Txarangarik gabeko inauteriak, inauteriak dira? Askorentzat, ez. Horri lotuta, eragile gehienek guztia ala ezer ez egitea zuten buruan.

Eskualdeko beste herri batzuetan, adibidez, ospatuko dituzte. Zer pentsatzen duzu horri buruz?

Poztasunez jaso dut albistea. Egokia iruditzen zait. Beti izan naiz, neurriek ahalbidetuz gero, ospakizunak egitearen aldekoa. Herri bakoitzak erabakitzeko gaitasuna eta erantzukizuna du. Gure kasuan, baina, herriaren tamaina eta biztanle kopurua kontuan izan behar ditugu.

Herriko zenbait jatetxetan, erreserbak ugaritu dira. Aurtengo egunek iazkoen antza izango dutela iruditzen al zaizu?

Bestelakoak izango direla iruditzen zait. Iaz, esker onekoa izan zen eragile guztiek mezuarekin bat egitea, lehen aldia zelako. Inork ez zuen kalterik sortu nahi. Ariketa oso positiboa izan zen, elkartasunez betea. Aurtengo egoera erabat ezberdina da, batez ere, txertaketa kanpainaren eraginagatik; beharrak ere handiagoak dira. Erreserben kontuari ez diot eragozpenik ikusten, betiere, indarrean dauden neurriak errespetatzen badira. Oreka bilatzea da kontua, eta kasu horretan, erantzunkidetasuna eskatzea egokitzen zaigu.

Erabakia hartu aurretik, bilerak egin dituzue inauterietan parte hartzen duten zenbait eragilerekin. Nolako iritziak trukatu dituzue?

Azken bileran, erabakiaren berri eman genienean, tristura handiz jaso zuten albistea. Pandemia honetan ikasi dut herritarrek mezu argiak eskatzen dituztela. Askok pentsatu dezakete ez dugula erabakirik hartu nahi izaten eta euren bizkar gainean uzten dugula gaia.

Hain justu, azken bilera horretan, aurten inauteriak ospatzeko baldintzak betetzen ez direlako bertan behera geratuko zirela esan genuenean, ikaragarria izan zen sortu zen isilunea. Eragile bakoitza bere iritzia partekatzen hasi zen, eta azkenean, adostasun batera heldu ginen; ez %100ekoa, baina bai zabala. Tartean, inauteriak beste data batzuetan ospatzeko proposamena ere jarri zuten mahai gainean; Aste Santuan ospatzea ere proposatu zuten.

Prentsaurrekoan, deialdi berezi bat zabaldu zenuten, batez ere inguruko herrietako gazteentzat. Zer dela eta?

Aurten, iaz ez bezala, ez dago itxiera perimetralik. Ez dakigu zer gertatuko den, bertako nahiz inguruko herritarrek nola jokatuko duten. Gazteen kasuan, elkartzeko deialdiak egiten dituzte, eta logikoa iruditzen zait. Lehen esan dudan bezala, neurriak errespetatuz gero, ez diot arazorik ikusten elkartzeari. Hala ere, hurrengo egunetan, nahiko ez genukeen egoera bizitzera heldu gaitezke, eta hori da ekidin nahiko genukeena. Horregatik, guk inauteriak ez ospatzeko ahalegin berezia egin behar badugu, beraiek ere berdina egin dezatela, eta ez daitezela Tolosara etorri, izango ez diren festak ospatzera.

Horri lotuta, segurtasun neurri berezirik hartzeko asmoa duzue?

Iaz aztertu genuen gaia izan zen segurtasun neurriena. Orduan, prebentzio neurrietan jarri genuen indarra. Zainketa lan handia egiten da egun horietan, baina aurrez azterketa bat egitea ere komeni zaigu gero esku hartzeko, eta horretan ari gara.

Egitarau berezia antolatuko duzue haur eta gaztetxoentzat.

Haurrentzako zinema emanaldiak prestatuko ditugu, Topagunearen programazioa indartuko dugu, eta bestelako kultur ekitaldiak ere antolatuko ditugu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!