Kultur programazio "indartsuarekin" hasi du urtea Tolosak

Tolosaldeko Ataria 2022ko urt. 14a, 12:28
Mikel Azpiroz izango da gaur, Topic-en.

"Punta-puntako" zazpi emanaldi izango dira urtarrilean, eta ekainera bitarte adin eta gustu guztietarako ikuskizunez gozatu ahalko da.

"Tolosa kultur arloan erreferente izaten jarraitzeko", 2022ko lehen seihilekorako programazio "oparo eta aberatsa" aurkeztu zuen Udalak abenduan. Antzerkia, haur ikuskizunak, musika emanaldiak, bakarrizketak, dantza.... denetarik izango da Leidorren eta Topic-en eta sarrerak salgai daude dagoeneko webgune honetan edo Leidorreko leihatilan. Udaletik esan dutenez,  emanaldi guztietan unean indarrean dauden segurtasun neurriak errespetatuko dituzte, ikusleen zein artisten osasuna babesteko.

Gaur, esaterako, Mikel Azpirozek bere disko berria aurkeztuko du 20:30ean Topic-en. Islak du izena eta bederatzi abesti berri biltzen ditu. Aurrez argitaratu dituen bi diskoen jarraipena da eta zuzenekoetan Karlos Aranzegi izango du alboan bateria jotzen eta Fernando Neira kontrabaxuan.

Gu primer! antzezlana, berriz, hurrengo ostiralean, hilaren 21ean izango da Leidorren, 20:30ean. Ramon Agirre, Inazio Tolosa eta Nerea Gorriti aktoreak izango dira taula gainean, eta 2010 urtean sortutako Xentimorik Gabe antzezlanaren jarraipena aurkeztuko dute. Inazio eta Ramon Parisen bizi dira Artistaren Etxean, eta bertan bizi den Nereak programa bat prestatu du bi lagunentzat eta bertan oinarrituta hainbat bizipen kantu-kontatuko dituzte.

Urtarrilaren 22an, berriz, ATARIAK urtero antolatzen duen bertso jaialdia izango da, 18:00etan, Leidorren. Oihana Iguaran, Maialen Lujanbio, Amets Arzallus, Andoni Egaña, Nerea Ibarzabal eta Iker Zubeldia izango dira bertsolariak, eta gai jartzaile lanetan, ohiko moduan, Amaia Agirre ariko da. 

Oliver Magoak eta Liuba magoak Erdi Aroko Ipuin Magikoa ikuskizuna eskainiko dute urtarrilaren 23an, 12:00etan Leidorren. Erdi Arora bidaiatzeko aukera izango dute etxeko txikienez, trikimailu harrigarrien bitartez.

Kopaz Kopa antzezlana izango da urtarrileko azken kultur emanaldia Tolosan. 20:30ean izango da Leidorren, eta Asier Sota, Iñigo Aranbarri, Ainara Ortega eta Ainhoa Aierbe aktoreek jende arruntari eta eguneroko egoerei buruzko istorio bat kontatuko dute, protagonisten izaera ezberdinek eta norberaren krisialdiak eragindako harremanak erakusten dituena. 

2022ko lehen seihilekoan Tolosan izango diren ikuskizunen zerrenda osoa ikusgai dago webgunean. Udalak aurreratu duenez, bertan agertzen direnez gain gehiago ere izango dira eta egitaraura gehitzen direnean iragarriko dituzte.

Zinemari dagokionez, Leidorren urtarrilean ikusgai izango diren filmak kontsultatu daitezke interneten, eta 2022rako zine bonuak ere eskuragarri daude.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!