Datorren astean hasiko dira Paper kalea eraberritzeko lanak

Tolosaldeko Ataria 2022ko urt. 14a, 11:15

Bost hilabeteko iraupena izango dute eta besteak beste erdibitzailea kendu, espaloiak zabaldu eta oinezkoentzako pasabide berriak sortuko dituzte; biribilgune berria sortuko dute San Frantzisko eta Pedro Tolosa kaleen arteko bidegurutzean.

Paper kalea eraberritzeko lanak hasiko dituzte datorren astean, eta baita San Frantzisko pasealekuaren eta Pedro Tolosa kalearen arteko bidegurutzea biribilgune egiteko lanak ere.

2021 urte amaieran hastea aurreikusi bazuten ere, lan horien hasiera data atzeratzea erabaki zuen Udalak, "hasi eta Gabonetan geldirik gera ez zitezen". Hala, Eguberri egunak igarota, datorren astean emango zaie hasiera obrei.

Datozen egunetan eremua prestatzeko lanak egingo dituzte, besteak beste, hesiak jarri, makinaria ekarri, obretarako etxolak kokatu… eta ondoren hasiko ditute hirigintza lanak. 

5 hilabeteko iraupena

Mugikortasun Plan berriaren barruan zaharberrituko dute espazio osoa, "irisgarriagoa eta seguruagoa izan dadin tolosarrentzat". Sasoi Eraikuntzak enpresa arduratuko da lanak aurrera eramateaz eta guztira,  559.108,7 euroko (BEZa barne) kostua izango dute obrek. Lanak, zehazki, Berazubi kaleko eta Iurramendiko biribilguneen artean egingo dituzte eta galtzadan eta erdibitzailean eskuhartuko da bereziki. Erdibitzailea kendu egingo dute eta bidegorriaren zoladura eta seinaleztapena hobetuko dituzte.

Oinezkoen irisgarritasuna hobetzeko espaloiak handitzeaz gain, oinezkoentzat pasabide berriak sortu eta goratuko dituzte. Halaber, kalea 30 km/h eremu gisa indartuko da hiru metroko zabalerako errepideekin eta asfalto inprimatuarekin zirkulazio-abiadura murrizteko eta pertsonen segurtasuna hobetzeko.

Autobus-geralekua ere berritu egingo dute eta aparkalekuen egoera hobetu. Hain justu, motozikletentzako aparkalekuak eta bizikletentzako hiru aparkaleku jarriko dituzte, eta mugikortasun urriko pertsonentzako hiru aparkaleku gordeko dituzte. Era berean, argiteria sarea aldatu eta kale-argiteria berrituko dute kontsumo baxuko Led argiak jarrita. "Helburua da espazioaren erakargarritasuna eta kalitatea handitzea", esan dute udaletik.

Biribilgune berria asfaltatze lanekin batera

Datorren astean abiatuko diren asfaltatze lanekin batera (San Frantziskon, Usabalgo industrialdean eta Monteskueko geralekuko bidean), hasiera emango zaie San Frantzisko pasealekuaren eta Pedro Tolosa kalearen arteko bidegurutzea biribilgune bihurtzeko lanei. Behin betiko soluzio bat diseinatu du udalak, oinezkoen ibilbideak, bidegorriak eta ibilgailuen zirkulaziorako galtzadak barne hartuta.

Biribilgunea egitean, San Frantziskoko eta Alliri auzotik datorren kaleko bi erreiak desagertu eta bakarra utziko dute espaloiaren eta bidegorriaren zabalera handitzeko. Beraz, obren hasieratik, San Frantziskoko eta Alliritik datorren kaleko errei bat kendu egingo dute eta obra amaitu artean mantenduko dira semaforoak martxan. "Aldaketa honekin, eremuko bizi kalitatea nabarmen hobetzea espero da, bide-segurtasuna eta irisgarritasuna hobetu, zaratak gutxitu eta emisioak murriztuko direlako", esan dute. 

Asfaltatze lanak egiten Usabaldik hasiko dira, eta eremuz eremu egingo dute. Lanak egingo diren azken eremua Pedro Tolosa izango da. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!