ELKARRIZKETA

«Pianoa da melodiak azaleratzeko dudan tresna»

Iñigo Terradillos 2022ko urt. 14a, 07:58

Gaua diskoarekin 2013an hasitako bidea borobildu du Mikel Azpiroz musikari donostiarrak Islak lanarekin. Gaur eskainiko du kontzertua Tolosako Topic zentroan 20:30etik aurrera. Emanaldi intimista eta lasaia eskainiko du, giro jakin bat sortzen saiatzen baita musikaria kontzertuetan.

Elkano Browning Cream hirukoaren blues, rhythm and blues, soul eta rock doinuekin jarraitzen du Mikel Azpirozek (Donostia, 1971). Baina badu proiektu propioa ere eta hori taularatuko du gaur Topic-en. Pianoarekin bakarka jolasten hasi zen 2013an Gaua lanarekin, 2016an Zuri iritsi zen eta orain Islak.

Tolosan bakarka ariko zaren lehen aldia izango da gaurkoa, ezta?

Bai, Elkano Browning Cream taldearekin izan gara Tolosan, blues jaialdian izan ginen, baina ez bakarka. Berezia izango da, taldekideetako bat, Karlos Aranzegi, tolosarra da gainera. Karlosen mailako musikariak ez dira sarritan aurkitzen, eta Tolosak suertea dauka Karlos bat sortu duelako. Karlos taldekidea da diskoan bateria grabatu zuen eta diskoa aurkezteko egiten ari garen emanaldietan ere ari da.

Bi proiektu dituzu beraz, eskuartean.

Bi proiektu ditut bai. Elkano Browing Cream proiektua eta nire pianoarekin dudan bakarkako proiektu hau. Hirugarren diskoa da Islak, 2020 bukaeran aurkeztu genuen. 2013an Gaua atera genuen, 2016an Zuri eta 2020an Islak. Oso proposamen introspektibo eta intimista da, lasaia. Tartean kontu espirituala dagoela esango nuke ere. Kontzertuak modu akustikoan egiten ditugu, estilo klasikoan pianoarekin, kontrabaxuarekin eta bateriarekin. Disko hau leku askotan ari gara aurkezten, suerte itzela izaten ari gara.

«'Islak' oso proposamen introspektibo eta intimista da, lasaia. Kontzertuak modu akustikoan egiten ditugu»

Eta nolako harrera izaten ari zarete?

Oso ona, oso pozik gaude. Pianoarekin bakarka hasi nintzenean 2013an, oso proposamen ez komertziala zela pentsatu nuen, oso lasaia delako eta intimista delako, bildua. Bizi garen garai ero, frenetiko, azkar eta hotsez betetako honetan, honentzako tartea aurkitzea zaila izango zela pentsatu nuen; baina nire sorpresa izan da jendeak geroz eta gehiago behar duela horrelako tartea. Jendea geldiune moduko batean sartzen da musika honekin, musika geldo horretan.

Zer entzun ahal izango da gaurko kontzertuan?

Islak diskoa ia osorik joko dugu, eta baita Gaua eta Zuritik abesti batzuk ere. Kontzertu osoa segidan da, geldiunerik gabe. Publikoari esaten diot abestiak bata besteari lotuta joko ditugula, txalorik gabe, eta horrela sortzen den giroa proposamenaren elementu oso garrantzitsua da. Giro hori sortzeko aproposa da oso geldiunerik gabe jotzea, jendea musikan sakonago sartu dadin. Horrela esperimentatzen dugu kontzertu bakoitzean.

Ez komertziala kontzertua eskaintzeko moduagatik, musika pausatua delako eta baita jazz eta bluesa ez delako horren komertziala ere.

Beti dira estilo minoritarioak, eta gainera proposamen hau hizkuntza musikal pertsonalarekin eginda dago, jazz eta blues elementuak, musika klasikoaren elementuak... guztiak nire musika hizkuntzaren parte dira. Ez dut etiketatan sinesten, nik sinesten dut musikaren konexio ahalmenean, eta gure kontzertu hauetan baieztatu ahal izan dut gure musikak baduela konexio hori. Entzuleriaren arimarekin konexio zuzen bat lortzen dugu eta horrek pozten nau gehien. Uste nuen proposamen hau ez zela maitatua izango, baina jendeak badu oraindik ahalmen hori proposamen sakonago honetan sartzeko. Alde horretatik oso pozik gaude. Jendeak behar du patxada eta lasaitasuna. Eta baita sakontasuna ere, azaletik barrurago dauden proposamenak nahi ditu jendeak.

«Abestiak bata besteari lotuta joko ditugu, txalorik gabe. Sortzen den giroa proposamenaren elementu garrantzitsua da»

Nola konturatzen zara publikoa ari dela proposamenean sartzen?

Segituan nabaritzen da. Sortzen den isiltasunarekin, sortzen den giro isil, ilun eta sakonarekin... Kontrakoa balitz ere konturatuko ginateke, hitz egiten hasten direlako eta abar.

Noiz etortzen zaio bati bakarka ekiteko unea?

Heldutasun batera iristen hasi nintzenean konturatu nintzen ni. Ez dakit inoiz iristen garen erabateko heldutasunera, baina nolabaiteko heldutasunera iristean konturatu nintzen hori zela momentua. Benetan zerbait esateko nuenean animatu nintzen lehen bakarkako diskoa egitera. Musikarientzat zailena da hizkuntza propioa egitea, besteengatik bereiziko zaituen zerbait lortzea, eta puntu horretara gerturatzen ari nintzela animatu nintzen pianoarekin Gaua argitaratzera.

Hirugarren lana da 'Islak', egongo da nolabaiteko garapena.

Sortzeko beharra nuen eta horri erantzuten saiatzen naiz. Elkanorekin taldeak edo proiektuak beste esparru bat betetzen dit, sorkuntza esparru bat, ludikoagoa... Aldiz pianoarekin uztartzen dudan estilo lasaiago honek beste esparru bat betetzen dit. Desberdinak dira, baina baita bateragarriak dira, biek betetzen dute sortzeko behar hori; bat mugituagoa da eta bestea lasaiagoa.

Zer da pianoa zuretzat?

Ez da erraza hitzekin esatea, abstraktua da. Konexio tresna bat da niretzat. Ahots moduko bat, gizakiok konektatzeko dugun lehen elementua ahotsa da, baina suertez badaude gehiago eta pianoa da horietako bat. Pianoa da melodiak azaleratzeko dudan tresna. Entzuleriarekin konexioa lortu nahi dut horrela.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!