Ilusioz gainezka, opariak jaso aurretik

Tolosaldeko Ataria 2022ko urt. 5a, 14:54

Tolosako ehundaka haur igaroko dira egun guztian zehar Gure Zirkuako karpatik; Meltxor, Gaspar eta Baltasar Errege Magoak bisitatzen ari dira.

Beste urte batez, eta segurtasun neurriak betez nahiz distantziak errespetatuz izaten ari bada ere, Tolosako haur eta gaztetxoak hiru errege magoak bisitatzen ari dira, Gure Zirkuako karpan. Bertan, zain dituzte Meltxor, Gaspar eta Baltasar, etxean idatzitako gutunak jaso eta gozokiak eta puxikak banatzeko; goizeko bisitetan, hirurekin argazkiak atera dituzten bisitariak ere izan dira.

Txikienek, zirkuko karpa handian agurtzen dituzte hiru errege magoak. Beraiekin egon aurretik, karpa txikian, erraldoiak ikusteko aukera dute. Aspaldian, kalera atera ezinik dabiltza, eta beraz, haurrek eurak ikusi eta argazkiak ateratzeko aprobetxatzen dute. Erraldoiekin batera, aurtengo jaiotza lehiaketako parte hartzaileen lanak ikusteko aukera dago karpa horretan.

Behin goizeko txandak amaituta, atseden hartzen ari dira errege magoak eta erraldoiak. Arratsaldean, 16:00etatik 19:00etara izango da bisitak egiteko aukera. Ondoren, 19:30eak aldera, ibilbide txiki bat egingo dute hiru errege magoek, kriseiluen eta erraldoien laguntzarekin. Tartean, herriko zenbait musika taldek ere parte hartuko dute zezen plazatik abiatuko den ibilbidean. Zirkuitu txiki bat egingo dute, Nafarroa etorbidetik barrena hasi, Foruen etorbidetik jarraitu, eta San Frantzisko etorbidetik joanez, Oriaburu eraikinaren ondoan amaitzeko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!