ELKARRIZKETA

«Bete egiten nau pagadiak, eta poz handia ematen dit»

Eneritz Maiz Etxarri 2022ko urt. 7a, 07:57
Gregorio Ugartemendia tolosarra. E. MAIZ

Gregorio Ugartemendia tolosarrak duela 30 urte landatu zituen lehen mila pago landareak, Bedaion; bost urtera bost mila landatu zituen.

Ama zuen Bedaioko Gurbil Haundi baserrikoa Gregorio Ugartemendiak (Tolosa, 1935). Tolosako San Esteban auzoan jaioa da Ugartemendia, eta Bedaiorekin harremana izateak eraman zuen bertako lurrak erosi eta pagoak landatzera.

Zein harreman duzu Bedaiorekin?

Ama nuen Bedaiokoa, eta Gurbil Haundian maizterrak ziren. Lehengusu bat etorri zitzaigun etxea saltzera atera zela esatera, eta bera han izateko kondizioarekin guk erosiko ote genuen. Bi anaiok baietz esan genion, eta guk erosi genuen etxea.

Etxe horrek lurrak zituen?

Bai. Lur dezente zuen, hamazazpi bat hektarea ditu.

Eta nolako lurrak ziren?

Dena garbia zegoen, larre tokiak ziren batik bat. Behiak ibiltzen ziren. Zaindu egin behar izaten dira lurrak, eta orduan, landareak landatu genituen.

Eta zati batean pagoa landatzea erabaki zenuten? 

Beheko zati batean dagoeneko pagoa landatua genuen, baina zati handiagoan landatu ahal izateko proiektu bat behar zela esan ziguten. Orduan, mendi elkarteko teknikaria joan zen. Behean pagoa ondo zetorrela ikusita, hark, goran ere ziurrenik pagoa ondo etorriko zela esan zigun. Eta horrela animatu ginen eta pagoa landatu genuen.

Eta nola egin zenuten landaketa?

Lehenik mila ziento, mila landare landatu genituen barruti batean.

Lan handia izango zen hori.

Bai. Langileak hartu genituen ordea. Eta handik bost urtetara, ondo zetorrela ikusita, bost mila landare gehiago landatu genituen. Guztiak itsatsi ziren eta horretan zortea izan genuen. Gerora baten bat edo beste ihartu dira baina.

Beraz, guztira sei mila pago daude.

Hor nonbait.

Nolakoa da landaketa prozesua?

Lehendabizi zuloak egin behar dira, eta oxigenatzen uzten genituen. Gero negu-neguan landatu egiten dira. Urtarrilean landatu genituela uste dut.

Landare txikia zen?

Dezenteak ziren, metro erdi bat edo gehixeago zuten.

Baina sasiak harrapatuko zituen.

Bai. Sasiak tapatu zituen batzuk. Sasiari eusten lan pixka bat izan genuen. Lurra dagoen tokian sasia segituan etortzen da.

Landatu ostean, beraz, jarraipena egin behar?

Bai. Batez ere ni aritu nintzen, baina laguntzaileak ere izaten nituen. Tartea nuen guztietan aritzen nintzen hura garbitzen. Oporretan, larunbatetan... Semeak ere asko lagundu izan zidan.

Zuek nahi baino lehenago haziko zen sasia?

Bai [barreak]. Beti zegoen sasia. Zati bat bukatzerako, berriz, bestean, baina orain ondo dago eta hori da inportantea. Orain lurra garbi-garbi dago. Eta gero inausketa egiten ere aritu gara, banan-banan adarrak kenduz, eta alturako inausketa ere bai, goiko zatian iritsitako guztia moztuz. Urteetako lana izan da.

Toki ona da beraz Bedaio aldea pagoa landatzeko.

Bai, hori esan zidan ingeniari hark, oso toki ona dela. Kare harria dago, eta kare harrian ondo etortze dela pagoa.

Nongo landarea ekarri zenuen?

Urnieta alde horretan bazuen aldundiak mintegi bat, eta handik. Landarea berez Belgikakoa zen. Han hotz gehiago egiten duela eta hemengo klima ondo eramaten duela esan ziguten.

Eta orain basoari begiratuta zer sentitzen duzu?

Bete egiten nau pagadiak, eta poz handia ematen dit. Aspaldian ez naiz joan, baina maiz joan izan naiz. Gustuko dut bisita egitea. Urte luzeetako lana izan da, baina orain oso polita dago.

Bedaio aldean zerbait esan dizute?

Hasieran ez zuten ontzat hartzen. Pinua lehenago etortzen zela eta astakeria egin izan banu bezala izan zen. Baina orain uste dut asmatu egin genuela esaten dutela. Batek esan zidan: «Pagoarekin asmatu egin dek» eta jendea orain pagadiari begira dagoela.

Oraindik ere jarraipena egiten diozu?

Bai, orain bakanketa egin behar dugu elkarrengandik gertuegi daude-eta. Basozaina eraman genuen, eta jada bakanketa egin beharra dagoela esan zigun.

Bideo bat egin duzue basoa dela eta. Nolatan?

Gure iloba Juan Luis telebistan aritzen da, eta aspalditik ari zen esan eta esan pagadia ikustera joateko gogoa zuela. Aurten izan da bere lagun batekin, eta asko gustatu zitzaion. Zerbait egin beharra zegoela esanez etorri zitzaigun. Horrela beste lagun bat bazuela drone erabiltzen duena eta... han joan ginen. Grabatu zuten, eta alabek doinu pixka bat jarri zioten.

Bertsoa ere abesten duzu. Zuk egina da?

Bai, bai. Aritzen naiz zer edo zer, eta neronek idatzi nuen. Esaten dudan moduan, beste mende bat beharko du baso heldua izateko.

Erlazionatuak

Gregorio Ugartemendiaren pagadia Bedaion

Tolosaldeko Ataria 2022 urt 07 Tolosa

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!