Presa puzgarriaren sistema konpontzeko urratsak eman ditu udalak

Ataria 2021eko abenduaren 30a

Oria ibaiaren ur emaria jaitsita dator azken egunotan, liburutegi parean dagoen presa puzgarriaren sistema elektronikoa abendu hasierako uholdeetan matxuratu zelako.

Abenduan gertatutako uholde eta euriteen ondorioz, Oria ibaian Tolosako liburutegiaren begiratokiaren parean kokatuta dagoen presa puzgarriaren sistema elektronikoa matxuratu zen.

Sistema horrek presa automatikoki erregulatzen du ibaia ur askorekin datorrela sumatzen duenean. Hortaz, presio eta emariak kontrolatzen ditu. Une honetan, ordea, presa ez dago erabilgarri, sistema elektronikoa matxuratuta baitago. Udalak jakinarazi duenez, presa egoera onean dago, baino matxura konpondu bitartean ez erabiltzeko hautua egin dute, presa puzgarria ez kaltetzeko.

Ondorioz, azken egunotan nabarmen jaitsi da Oria ibaiko ur emaria Tolosan. Udalak jakinarazi duenez, dagoeneko jarri da enpresarekin harremanetan, "azterketa sakona egin eta ahalik azkarren sistema elektronikoa konpontzeko".

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!