Mikel Larrañagak desafioa bota dio Iker Vicenteri

Ataria 2021eko abenduaren 30a

Azpeitiarra Otsagabiako aizkolariaren zain egongo da Tolosako Kantabrikon, urtarrilaren 5ean.

Mikel Larrañaga aizkolariak desafioa bota dio Iker Vicenteri, hamabi oinbiko zeinek azkarrago ebaki. Azpeitiarrak jarri nahi du egurra eta apustuari buruz hitz egiteko hitzordua jarri dio Vicenteri Tolosako Kantabrikon, datorren urtarrilaren 5ean. Egin beharreko lanen eta jokatu beharreko diruaren inguruan hitz egiteko prest agertu da Larrañaga, nahiz eta 9.000 euroko kopurua jokatzeko aukera aipatu duen.

Iker Vicente Euskal Herriko txapeldun geratu zen 2019an eta Aizkolari Txapelketa Nagusia irabazi du azkeneko bi urteetan. Okasio guztietan txapeldunorde geratu da Larrañaga. Dena den, aurten, Urrezko Kopan nagusitu zitzaion gipuzkoarra nafarrari, hamabi kanaerdiko ebakitzeko lanetan.

Bigarren hitzordu bat Kantabrikon

Joxean Etxeberria aizkolariak, bestalde, desafioa bota die Sherpa.ai Aizkolari Txapelketa Nagusiko sei finalistei. Hamar kanaerdiko ebaki eta hamar kilometroko korrika saioa egiteko apustua jokatu nahi du nafarrak eta baldintza bezala jarri du apusturako egurra berak jartzea. Tolosako zezen plazan jokatzeko aukera jarri du mahai gainean.

Apustuaz hitz egiteko hitzordua jarri du Etxeberriak Tolosako Kantabrikon, urtarrilaren 8an, 20:00etan. Iker Vicente, Mikel Larrañaga, Eneko Otaño, Aitzol Atutxa, Julen Alberdi eta Jon Irazu izan ziren Sherpa.ai Aizkolari Txapelketa Nagusiko finalistak, eta honenbestez, desafioari erantzuteko aukera izango dutenak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!