Tolosako kultur etxean egin du bere azken ekitaldia Tolosako Bizikidetza Foroak, eta bertan, zortzi urte hauetan foroak berak egindako lana errepasatu dute.
Herri ekimenak sustatuta eratu zuten taldea ibilbide sozial eta politiko anitzeko hamabi herritarrek: Martin Agirrezabala, Jose Luis Aizpurua, Kike Amonarriz, Mattin Amundarain (2019an zendua), Joxe Agustin Arrieta, Pello Atxukarro, Garbiñe Biurrun, Sergio Ceberio, Antton Izagirre, Arantxa Izagirre, Onintza Lasa eta Xabier Maiza. Guztiak lagunak, pentsaera ezberdinekoak, baina bizikidetzaren aldeko ekarpenak egiteko prest azaldutakoak.
Foroa 2013an sortu bazen ere, handik urtebetera aurkeztu zen publikoki. Elkarri eta Lokarri taldeen ekimenez eratu zen; kolektibo horiek, gatazkari irtenbideak proposatzeko bildu ziren hainbat urtez. ETAk bere jarduna utzi ondoren, aurrera egitea erabaki zuen Lokarrik. Orduan, Tolosako Bizikidetza Foroko partaideek erabat autonomoa eta ahalik eta irekiena izango zen elkarte berri bat sortzea erabaki zuten. Geroztik, askotariko ideiak eta jarrerak zituzten tolosarren elkargune iraunkorra izan da; eztabaidarako, azterketarako edota pentsamendu trukaketarako.
Konfiantzazko giroa
Azken saioan, Garbiñe Biurrunek eta Kike Amonarrizek eman dute foroak egindakoaren berri. Taldeak bi lan-lerro nagusi izan dituela zehaztu dute: «Batetik, bizikidetzaren inguruan barne hausnarketa eta eztabaida bultzatzea; bestetik, berriz, elkarbizitzaren ingurukoa, kanpora begirakoa». Horren erakusgarri, 2014tik 2017ra foroak sustatutako hamabost ekitaldi publikoak. Hala ere, azaldu dutenez, zortzi urte hauetan une konplexuak igarotzea ere egokitu zaie foroko kideei.
Webgunea eta azken testua
Kultur etxeko azken saioan, Tolosako Bizikidetza Foroak burututako lana modu kronologikoan eta grafikoan jasotzen duen webgune berria aurkeztu dute: Bizikidetzaforoatolosa.eus. Denbora-lerro bat ikus daiteke bertan; taldeak urtez urte antolatutako ekitaldiekin, prozesuaren kronikekin eta bizikidetzari lotutako zenbait mugarrirekin.
Ekitaldiaren amaieran, denen artean adostutako Kontakizun etikoa izeneko itxiera testua irakurri zuten Arantxa Izagirrek eta Sergio Ceberiok. «Tolosan sufritu izan diren askatasun faltak, jazarpenek, errespetu falta mingarriek eta urraketek, neurri batean, indarrean jarraitzen dute gaur egun ere», ohartarazi dute.