Urtekaria 2021

Pauso gehiago

Ataria 2022ko urtarrilaren 5a

Urteak beste hainbat proiektu utzi ditu bizikidetzaren bidean.

Burgosko prozesuari buruzko erakusketa Tolosako Aranburu Jauregian

Burgosko Prozesuak 50. urteurrena bete eta gutxira, gertaera hari buruzko erakusketa jarri da martxoan eta apirilean, Aranburu Jauregian. Memoria berreskuratu eta bizikidetzaren inguruko elkarrizketa zabala ahalbidetzeko udalak antolatutako Bizikidetza sustatzen ekitaldi zikloaren barruan kokatu da erakusketa.

Frankismoari epaiketa egitasmoa eta garaiko 173 agiri eta testigantza bildu ditu esposizioak. Hiru bloketan banatu da erakusketa. Lehenengoan, testuinguru historikoa islatu da; bigarrenean, giza eskubideen urraketak eta frankismoak eragindako errepresioa azaldu dira; hirugarrenean, berriz, epaiketan gertatutakoa kontatu da.

 

'Maixabel' filmaren aurkezpena Leidorren, Maixabel Lasa eta aktoreekin

Maixabel filma estreinatu da irailaren 24an Tolosan, emanaldiaren ondoren solasaldia eskainiz. Tolosako Bizikidetza Foroko dinamizatzaile Aitziber Blancok aurkeztu zuen filma eta emanaldiaren ondoren oholtzara gonbidatu zituen Maixabel Lasa eta filmean haren alabaren papera jokatzen duen Maria Cerezuela eta atentatuan parte hartu zuen Luis Carrascorena egiten duen Urko Olazabal aktoreak.

Lasaren esanetan biolentziaren deslegitimazioa bultzatzen du Maixabel filmak eta bere senarraren hiltzaileekin izan zituen topaketen balioa ematen du ezagutzera. «Uste dut bigarren aukera merezi dutela», Lasaren baieztapenari txaloz erantzun zion Leidorren bildutako jendeak.

 

Giza eskubideen urraketen inguruko webgunea, Villabonan

Aranzadi zientzia elkartea Amasa-Villabonako herritarrek jasandako giza eskubideen urraketen inguruan ikertzen ari dela eta webgune bat sortu dute: Amasa-Villabona-Oroimena.eus.

Agerraldia egin zuten Memoriaren Egunaren bezperan Beatriz Unzue alkateak, Patxi Agirre, Maria Luisa Arija eta Xabat Laborde zinegotziek eta Javi Buces Aranzadi elkarteko ikerlariak. Memoria eta Bizikidetza Batzordetik biktima guztien duintasunaren aldeko konpromisoa erakusten jarraitu nahi dutela esan dute, «biktima horiek egiarako, justiziarako eta erreparaziorako eskubidea merezi baitute».

Zizurkilen, datozen bi urteetan


Zizurkilgo Udalak hitzarmena sinatu du Aranzadirekin. Herrian izan diren giza eskubideen urraketa guztiak jaso eta sailkatuko ditu zientzia elkarteak datozen bi urteetan. «Giza eskubideen urraketa larrienak azalera atera eta zauriak sendatzen hasteko», esan du alkateak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!