XXXIX. Shanti Torneoa abian da Usabal kiroldegian

Ataria 2021eko abenduaren 27a

Gaur hasi dira ligaxketako partidak eta urtarrilaren 5ean jokatuko dira izen emateak izan diren hiru mailetako finalak.

Aurreko aldian ez zen egin, baina oraingoan aurrera egitea erabaki dute Kirolagunak elkartekoek, eta martxan da XXXIX. Shanti Torneoa. Areto futbolean jokatzen dute benjamin eta alebin mailakoek Tolosako Usabal kiroldegian. Gaur bertan hasi dituzte partidak eta urtarrilaren 5ean izango dira finalak.

Guztira 52 talde animatu dira parte hartzera: Benjamin mutiletan 19 talde, alebin mutiletan 23 talde eta alebin nesketan hamar talde. Benjamin nesken mailan ez da lehiaketarik izango, inork ez duelako izenik eman.
Kirolagunak elkarteak hirugarren aldiz antolatu du torneoa. Ezingo da ikuslerik egon, eta zuzenean elkartearen Youtube-ko kanaletik jarraitu ahalko dira partidak.

Ostegunera bitartean ligaxken partidak jokatuko dira, 10:00etatik 13:30era eta 15:30etik 19:00etara. Urtarrilaren 3an, goizez, final-laurdenak jokatuko dira. Urtarrilaren 4an, goizez finalerdiak, eta arratsaldez 3. eta 4. postuak erabakitzeko partidak. Urtarrilaren 5ean, 10:30etik aurrera jokatuko dira hiru finalak. Ondoren sari banaketa egingo da, eta lehen lau taldeek jasoko dute oroigarria eta torneoan ohitura izaten den errege opila. 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!