Olentzero, Mari Domingi eta Errege Magoak Tolosako kaleetara aterako dira

Ataria 2021ko abe. 21a, 13:48

Gabonetako pertsonaiak herriko haurrak agurtzera aterako dira; beste ibilbide bat egingo dute, zezen plazatik abiatuko dira 19:15ean, eta San Frantzisko pasealekuaren amaieran bukatuko dute.

Joan den astean herriko eragileek eta Tolosako Udalak bilera egin zuten Olentzero, Mari Domingi eta Errege Magoen etorreraren inguruan hitz egiteko, LABI teknikoaren gomendioen, eta bereziki, herritarren eskarien aurrean. 

Bilera hartan, guztiak ados zeuden, Tolosako osasun egoerari erreparatuta, arriskutsua izan zitekeela ohiko eran kabalgata egitea. Eragileekin elkarlanean, "ekimen alternatiboa, xumeagoa" gauzatzea adostu du udalak, "etxeko txikienek, kalean, Olentzero, Mari Domingi eta Errege Magoak agurtzeko eta ikusteko aukera izan dezaten, betiere, modu seguruan". Oraindik ere, "lehentasuna" birusaren hedapena mugatzea dela gogoratu dute, "eta bereziki, tolosar guzti-guztien osasuna eta segurtasuna zaintzea". Guztiek ere, adostasunez erabaki dute ibilbidea ohiko zirkuitutik eta jende pilaketak eman daitezkeen eremuetatik kanpo osatzea. "Erdigunean ohikoak izaten direlako jende pilaketak, are gehiago, Gabonetako egunetan".

Hortaz, bai abenduaren 24ean, baita urtarrilaren 5ean ere, zezen plazatik abiatuko dira pertsonaiak, 19:15ean, eta Nafarroa etorbidea zeharkatu ondoren, Foruen etorbiderako bidea hartu eta San Frantzisko pasealekua igaroko dute, Pedro Tolosa eta San Frantzisko pasealekuaren arteko bidegurutzeraino. Bertan emango diote amaiera ibilbideari. "Ekimena lekualdatu egin da eta eremu zabaletara eraman (San Frantzisko pasealekua eta Nafarroa etorbidea), arriskuak gutxitu eta jende pilaketak ekiditeko. Ekimen laburrak, sinbolikoak eta xumeak izango dira, biak hala biak, eta Olentzerok, Mari Domingik eta Errege Magoek, erraldoiak izango dituzte bidelagun ibilbidean zehar", azaldu dute udaletik.

Gure Zirkuan ere bai

Gure Zirkuko eta Tolosako hiru ikastetxeetako guraso eta aisialdi taldeetako (Kazkabarra, Kirikiño, Ttenttek) boluntarioak ibilbidean zehar banatutako laguntza eskaintzen izango dira egingo diren 2 irteeretan. Horregatik, udalak eta eragile guztiek, modu bateratuan, guraso, eta oro har, herritarrei eskatu diete neurriak eta distantziak errespetatzen laguntzeko, eta ahal den neurrian, familia guneak mantentzeko, guztion eta noski, familien eta etxeko txikienen osasuna bermatu, babestu eta zaintzeko.

Olentzero, Mari Domingi eta Errege Magoak kalean izateaz gain, Gure Zirkuan ere izango dira, egun osoan zehar Tolosako haurrak agurtzen, 11:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara. Ondoren, 19:15eatik aurrera kalera aterako dira.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!