Lan baldintza duinak eskatu dituzte

Ataria 2021eko abenduaren 20a

Tolosako Carrefour Market saltokiko langileak protesta egiten ari dira gaur. Elkarretaratzea egitearekin batera, lau orduko lanuztea ari dira egiten.

ELA sindikatuak esan du 2019ko uztailaren 19an Espainiar Estatuko aldizkari ofizialean argitaratu zela Grupo Champion enpresaren hitzarmen kolektiboa, FETICO, CCOO eta UGT sindikatuek sinatua. "ELAren ustez akordio txarra da. Argi daukagu gure lan baldintzak EAEn negoziatu behar ditugula, hurbiletik, gure arazoen benetako ezagutzatik. Argi daukagu eta hala aldarrikatzen ari gara".

Egoeraren aurrean sindikatuak esan du 2021eko urtean zehar hainbat eskaera luzatu dizkiotela enpresari lan baldintzak hobetze aldera, baina enpresak ez du ezer egin. "Gabonak iritsi dira eta Gipuzkoako elikagaien merkataritzako hitzarmenak dioen bezala, abenduaren 24 eta 31n gure jarduna arratsaldeko 17:00etan bukatu nahi dugu. Horretarako supermerkatuko ateak 16:00etan ixtea proposatu dugu, guk ere gure gertukoekin Gabonak ospatzeko eskubidea dugu eta. Eskaera hau ere luzatu diogu enpresari baina ez dugu erantzunik jaso", azaldu du sindikatuak. ELAk esan du, era berean, ez dagoela prest lan baldintza horiek eta Hego Euskal Herriko langileei bizkarra ematen dien hitzarmenak onartzeko, "Madrilen sinatutako hitzarmen guzti guztiek prekarietatea ekarri baitigute". Carrefourreko langileek esan dute euren lana garrantzitsua dela, lan baldintza prekarioak dituztela eta lan karga jasanezinak dituztela.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!