Emakumeok Mugimenduan egitasmoa aurkezten duen Txita ibiltaria Tolosan izan da gaur. Egitasmo honen barruan, hainbat ekintza antolatu dituzte, beti ere, emakumeen jarduera fisikoa areagotzeko. Ekintza horietako bat, Emakumeak Mugimenduan erronka digital solidarioa da. 40.000 kilometro egin nahi dituzte elkarrekin munduari bira emateko.
Erronkaren bidez lortutako kilometroekin emakumeen ahalduntzea sustatzen duten hiru erakunde lagunduko dira. Urtarrila erdialdera jakinaraziko dituzte zeintzuk diren erakunde horiek. Erronka solidarioan parte hartzeko Kinendu aplikazioa deskargatu eta erronkan izena eman beharko da. Une horretatik aurrera, norberak bere mugimendua erregistratu ahal izango du eta urtarrilaren 1etik otsailaren 28ra egindako kilometro guztiak batuko dituzte antolatzaileek. Kilometroak batzeko modu asko daudela jakinarazi dute: oinez, korrika, dantzan, igerian, pedalei eraginez, bakarka edo taldean, kiroldegian, kalean ala naturan...
Txita ibiltaria gaur Tolosan izango da eta datozen egunetan Andoain, Azpeitia edota Orio bezalako herriak zeharkatuko ditu. Urtarrilaren 3an Villabonan izango dira egitasmoa azaltzen.
Antolatzaileek emandako datuen arabera, Gipuzkoako hirutik emakume bat ez da aktiboa, astean 120 minutu baino gutxiagoz egiten du kirola. "Inaktibotzat hartzen dute beren burua eta hori sinesten dute. Gehiengoa herri txikitan bizi da eta 30 eta 49 urte artean ditu".