Bizikidetza ezinezkoa da euskal presoei aplikatzen zaien salbuespen legeriak eragindako eskubide urraketa desagertzen ez bada. Hori uste dute Tolosako Sare herritarreko kideek eta espetxe politikan hain beharrezkoa den erabateko aldaketa sustatzeko mobilizazioak iragarri dituzte, Elkarbizitzarako. Bakerako. Etxerako bidean lemapean.
Gaur egun 104 preso daude oraindik ere Euskal Herritik urrun, eta honela haien eta haien familien eskubideak urratzen dituztela uste dute Sareko kideek. "Ez dezagun ahaztu, ezta ere, %94k bigarren graduan jarraitzen duela, eta 10 baino ez direla hirugarren graduan dauden presoak, egoera horretan 70 preso egon beharko liratekeenean, eta horietatik 52k eskubidea dute jada baldintzapeko askatasunean egoteko. Preso horien %90ek espetxe-baimenak izateko aukera izan beharko luke, horretarako zigorraren dagokien zatia beteta dutelako".
Antton Troitiño euskal preso ohia ere izan dute gogoan Sareko kideek. Atzo hil zen, ia bizialdi osoa kartzelan eman ondoren. Donostian egun hauetan Troitiñoren heriotza saltzeko antolatutako mobilizazioetara gerturatzeko deia zabaldu dute Tolosako Saretik.
Eskubideen urraketak behin betiko amaitzea nahi duten herritar guztiak animatu dituzte Tolosako Sareko kideek mobilizazioetan parte hartu dezaten, "elkarrekin egiten ez badugu, bakoitzak bere aletxoa jarrita, erantzukizunez eta errespetuz, ezinezkoa izango baita".
Hauek dira antolatu dituzten ekitaldiak:
- Abenduak 24. 18:45ean manifestazioa Trianguloa plazatik.
- Abenduak 26. 13:00etan manifestazioa Donostiako epaitegitik.
- Abenduak 31. 18:00etan topa Trianguloan, azken ostiralarekin bat eginez.
Elkarbizitzarako. Bakerako. Etxerako bidean Bilbon urtarrilaren 8an egingo den manifestazioa jendetsua izatea espero dute Sareko kideek eta bertara joateko deia luzatzearekin batera, Tolosatik autobusak antolatu direla jakinarazi dute. Amaiur tabernan eta Xirimiri kafetegian eman daiteke izena.