Hodeiertz abesbatzak Gabonetako kontzertu berezia antolatu du igande honetarako. 19:30ean izango da, San Frantzisko elizan.
Abesbatzatik esan dutenez, emanaldia Arimaz ganbera orkestrarekin elkarlanean osatu dute. "Oso garrantzitsua iruditzen zaigu herriko kultur eragileen arteko elkarlana sustatzea, eta Arimazekin duela hiruzpalau urtetik hasitako kolaborazioa oso emankorra izaten ari da", azaldu dute. Hala, igandeko kontzertuan, estreinakoz abestuko dute Hodei Truk haur abesbatza eta Hodei gazte abesbatza sortu berriek. "Bai Hodeiertzen eta bai Euskal Herriko abesbatza tradizioaren etorkizuna bermatzea da bi proiektu hauen helburua, eta oraindik txikiak izanik, dagoeneko lanean ari dira bi taldeak. Igandean aukera izango dute orain arte ikasitakoak erakusteko".
Halaber, David Azurzaren Horra horra! eta Martin txiki obren estreinaldia izango da. Bi piezak bereziki sortu ditu haur, gazte eta helduen abesbatzek elkarrekin interpretatzeko; "modu polita izango da kontzertu berezi eta parte-hartzaileari amaiera emateko". Lehena pianoak lagunduta eta bigarrena Arimaz orkestrarekin eta kontzertuko parte-hartzaile guztiekin (piano-jolea eta soprano bakarlaria ere bai) interpretatuko dute. Helene Garcia izango da sopranoa, Ignacio Arakistain ariko da pianoan eta Amaia Arostegi flautarekin. Abesbatzetako zuzendariak Enrike Azurza, Shrabani Aranzabe, David Azurza eta Kepa Martinez de Albeniz izango dira.