Hainbat herrialdetako eta tradiziotako dokumentuek eta argazkiek osatzen dute erakusketa, Erdi Arotik hasi eta Bigarren Mundu Gerrara arte. "28 tradizio ezberdinei buruz ikasteko aukera emango digu, 18 herrialdetako txotxongiloekin. Teknika guztiak elkarren artean desberdinak badira, teknika horiek bi gauza dituzte komunean: lehenengoa, asmatutako txotxongilo bizidunak erabiltzen direla, eta bigarrena, teknika horiek sinestunek asmatu eta animatzen dituztela beren poza eta fedea adierazteko", adierazi dute Topic-etik.
Fedearen artistek asmatutako teknikak aurkeztea da erakusketaren berezitasuna. "Txotxongiloez ari garenean, antzerki-mota zehatz eta kodetu batez ari gara. Erakusketa honi esker, fededunentzat txotxongiloekin jolastea zer den jakingo dugu: jarduera apala, mugarik gabekoa eta Jainkoarengandik hurbil dagoena", azaldu dute.
Jesusen jaiotza modu desberdinetan ospatu izan da hainbat mendez. "Esaten dutenez, Asisko San Frantzisko izan zen lehen jaiotza egin zuena. Erdi Aroan irudikapen horiek biderkatu egin ziren eta XVII. mendearen amaierara arte itxaron behar izan genuen jaiotzak txotxongiloekin animatuta ikusteko. Garapen handia XIX. mendean zehar izan zen. Tradizio horien gainbehera luze baten ondoren, itzulera progresibo bat eta berrikuntza partzial bat izan dituzte Europako mendebaldean eta ekialdean, XX. mendeko 90eko hamarkadaren amaieratik aurrera bakarrik".