Hogei urte pasa dira. Nola gogoratzen duzue hasiera?
Garbiñe Mendizabal. Orain atzera begiratuta, gazte-gazte. Ni gainera ez nentorren kazetaritzatik, publizitatetik nentorren. Bartzelonatik etorri berri eta lan bila. Lehenengo egunak eta asteak gogorrak egin zitzaizkidan; ez nengoen ohituta euskaraz idaztera.
Aitor Elduaien. Nik berriz izugarrizko grina eta gogoarekin bizi izan nuen, oso intentsua. Izan ere, oso istorio berria zen. Ahal zen kazetaritza onena egiteko gogoarekin, eskualdeko informazioa emanez, euskaraz. Azken hori azpimarratuta. Egia da Galtzaundi hor bazegoela, ordurako sekulako oinarria jarrita; ostetik, Berriatik, haiek bultzatuta, eta Galtzaundik onetsita, bere prozesua pasa eta gero, proiektu hau sortu zen. Zama pixka bat ere sentituta, esanez «erantzun egin behar dugu». Eragile asko izan zen jira-biraka eta eragile horiek hauspotu gintuzten. Batzuek onera eta beste batzuek ez horren onera, gauzak diren bezala. Edonola ere, oroitzapen oso polita da; batik bat, lantalde oso polita sortu genuelako. Ikusi besterik ez dago gainera lantalde hark zein bide egin duen. Lantalde haren indarra daukat oso-oso gogoan.
Mendizabal. Presio hori bai sentitzen genuela, baina era berean oso babestuta. Ikusten zen hasiera bat zela eta kazetaritza egiteko beste modu bat sortzen ari zela, herrikakoa. Ari ginela ahotsa ematen ordura arte ez zutenei. Unean-unean lana egiterako garaian agian ez ginen kontziente, baina gero atzera begira jartzen zarenean ikusten duzu horren ondoren iritsi zirela tokiko albisteen garapena egiten duten beste komunikabideak. Diario Vasco edo Diario de Noticias bat gerora hasi ziren tokiko kazetaritza hori egiten. Ni bere garaian Irura, Anoeta, Hernialde eta Alkizako korrespontsala nintzen. Herri horietara joan eta albistea osatu behar nuen, kontziente izanda eta pertsona horiei esanda «zuk egiten duzuna guretzako albistea da, guretzat garrantzitsua da».
Elduaien. Niri Tolosa tokatu zitzaidan. Leire Montesek eta biok egiten genuen, gu mimatuak ginen, informazio emaria handiagoa zen. Gu erredakzioan gehiago egoten ginen eta lokatzetara gehiago besteak joaten ziren.
Tolosazentrismoaren eztabaidarik izan zenuten?
Mendizabal. Ez, bakoitzak bere espazioa zeukan. Agian iruditu ahal zitzaigun gai garrantzitsuagoak Tolosan zeudela, baina egia da herri txikietakook esfortzu handiagoa egin behar genuela albisteak bilatzen. Guk gure orria genuen eta bete egin behar genuen.
Elduaien. Erreferentzialtasunaren seinale on bat. Ez ziren hilabete asko pasa jendeak azalak eskatu egiten zituela. Hau da, bere gaia azalera eramateko gogoa. Jendeak ikusi zuen han bazegoela informazio flujo bat eta euskarri bat haren egunerokotasuna jorratuko zuena. Eskea bazegoen eta seinale ona.
Norentzat idazten zenuten?
Elduaien. Orduan harpide sarea zabala izan zen oso.
Mendizabal. Gogoan dut esaten zigutena: «Zuk pentsatu euskarak erraza izan behar duela, irakurleak ohitura ez duelako izango». Euskaraz irakurtzera zaletu nahi genuen. Amari bezala zuzentzen ginen.
Zer erreminta zenituzten?
Elduaien. Araba etorbideko lokalean gure Mac-ak hantxe jarrita, norbere grabagailua...
Informazioa nondik jasotzen zenuten?
Elduaien. Asko bila joaten ginen.
Zer erantzun eman zuen eskualdeak?
Elduaien. Irakurleen aldetik ilusio handia piztu zuen eta baita jakin-min handia ere, exijentzia puntuarekin. Jendea ez zegoen ezer oparitzeko. Hasieran harpidetza asko eta denboraren joanean hori ere apaldu zen. Batzuei kosta egiten zitzaien informazioa euskaraz jasotzea. Euskararen militantziatik at egunkari bati eskatzen zaiona, informazioa ona bada, aurrera; urdaiazpikoa ona bada, jango da. Jendeak laster hartu zion bide honi itxura. Gu bila joatetik, haiek gure bila etortzera ez zen asko pasa.