ELKARRIZKETA

"Boom bat izan zen ‘Egunero’, berritasuna”

Erabiltzailearen aurpegia Unai Zubeldia 2021ko abe. 10a, 11:58

Hurrengo astean beteko dira hogei urte 'Tolosaldean Egunero' proiektua sortu zutenetik. Joxemi Saizar lehen zuzendariak azaldu duenez, "eromen" hartan euskarazko tokiko informazioaren presentzia areagotzea zen helburua.

Euskara eta militantzia, militantzia eta euskara. Biko horrek bizi du Joxemi Saizar (Tolosa, 1961). 1990ean Tolosan Galtzaundi euskara taldea sortu zutenean bezala, Tolosako Laskorain ikastolan irakasle lanetan ari da gaur ere. Saizarrek oso gertutik bizi izan zuen Euskaldunon Egunkaria-k duela hogei urte tokiko informazioa lantzeko egin zuen apustua; hain gertutik, 2001ean hura izan zen Tolosaldean Egunero-ren lehen zuzendaria. Tokiko euskarazko eguneroko lehen kazeta zen.

Abenduaren 18an hogei urte beteko dira Euskaldunon Egunkaria-k herri informazioaren aldeko apustua egin zuenetik. Zer hausnarketa egon zen atzean?

Aurretik, Galtzaundi aldizkaria egiten genuen Tolosaldean, eta, beraz, Galtzaundi eta Euskaldunon Egunkaria dira Tolosaldean Egunero-ren gurasoak. 1990eko amaieran sortu zen Galtzaundi euskara taldea, eta 1991ko maiatzean, aldizkaria; hilabetekaria izan zen lehenengo, hamaboskaria gero, eta egunkaria azkenik, euskararen erabilera eta presentzia bultzatzeko helburuarekin.

Tolosaldean Egunero izena zuen apustu hark. Nola iritsi zitzaizun zuzendari kargua hartzeko proposamena?

Galtzaundi-n koordinatzaile ibili nintzen ordura arte; lan militantea zen hura, ikastolako irakaslea bainintzen orduan eta hala naiz orain ere. Lantalde profesional bat eskatzen zuen egunkariak; niri eskaini zidaten zuzendari kargua, eta onartu egin nuen. Ikastolan eta Egunero-n erdizka aritu nintzen lehen bi urteetan, eta erabat egunkarian hurrengo bi urteetan. Eromena izan zen pixka bat, eta hasiera hartan zeresan handia izan zuen Enekoitz Esnaolak [Egunkaria-ren ordezkaria]. Formakuntza bat eskaini zigun, ohituta baitzegoen lan horiek egitera. Ni ere Egunkaria-n aritu nintzen sorreran, kazetari gisa, eta Argia-n eta Galtzaundi-n ere idazten nuen, baina lehen hilabete horietan Enekoitz izan zen benetako zuzendaria.

Beldurrik edo erreparorik bazeneukaten hasiera horretan?

Bai, baina ilusioarekin orekatzen genuen dena. “Tolosaldean izango al da egunero egunkari bat betetzeko adina albiste?”, hori zen gure lehenengo zalantza, Galtzaundi aldizkaria sortu genuenean izan genuen zalantza berbera. Gerora ikusi dugu baietz, posible dela, jende asko ohitu gabe zegoen arren euskararen presentzia horretara. Egunero-n, ordura arte albiste ez ziren gauzak albiste bihurtzen hasi ginen pixkanaka, eskualdeko 28 herrietan.

Zuk ondo ezagutzen zenuen errealitatea, baina irakurleek nola jaso zuten proiektu hura?

Galtzaundi-k egin zuen aurrelan pixka bat. Euskarari askoz presentzia handiagoa eman zion Egunero-k. Boom bat izan zen. Gogoan dut Tolosan, Villabonan, Ibarran, Alegian eta Anoetan egin genuela 1. zenbakiaren aurkezpena. Jende asko inguratu zen, baita agintariak ere. Bitxikeria moduan, hasiera hartan izugarrizko arrakasta izan zuen zorion agurren txokoak. Berritasuna izan zen.

Nola antolatu zenuten lantaldea apustu hari erantzuteko?

Hamarreko taldea osatu genuela uste dut; bi kazetari zeuden Tolosarako, eta beste lau gune lantzen genituen gero: Villabona-Aiztondo, Anoeta aldea, Ibarra aldea eta Alegia aldea. Komertzialak ere bazeuden, kudeatzailea… Bi orrialde zeuzkan Tolosak, eta bana azpieskualde bakoitzak. Ondoren, denon artean egiten genituen azala eta kontrazala; neuk idatzi ohi nuen azken orrialdea.

Benetako eromena 2003ko otsailaren 20an iritsi zen, Guardia Zibilak Euskaldunon Egunkaria indarrez itxi zuenean. Azkar iritsi zen erreakzioa, Egunero-ren mantxeta eta erredakzioa hartu baitzituen Egunkaria-k.

Hura bai izan zela zoramena! Gogoan daukat Enekoitzek deitu zidala goizeko ordu txikietan, eta berehala jarri ginela denok martxan. Egunkaria-k erabaki zuen Egunero-ren egoitzara joatea, Tolosara, eta Galtzaundira joan ginen gu. Horrela ibili ginen hilabete batzuetan. Euskal Herrian Egunero izena hartu zuen Egunkaria-k, eta nire izena jarri zuten 1. zenbakian, nahiz eta nik ez nuen parte hartu. Egunkaria Hernanira joan zen gero, eta gure ohiko egoitzara itzuli ginen gu. Hilabete batzuk geroago sortu zuten BERRIA, eta Tolosaldeko Hitza izena hartu genuen guk. 2013an, berriz, elkartu egin ziren Galtzaundi aldizkaria, Txolarre irratia eta Tolosaldeko Hitza, eta hortik sortu zen Tolosaldeko Ataria.

Zer etorkizun ikusten diozu euskara hutsezko egunkariari eta tokiko informazioari?

Erasoak eta arriskuak tarteko, gero eta zailagoa da euskarazko tokiko informazioak zirrikituak aurkitzea. Baina borrokatuta, lan eginda eta militantziaren bidetik aurrera egin beharra daukagu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!