Denboraldiko helburuak lortzeko bide onetik doaz

Imanol Garcia Landa 2021ko abe. 16a, 11:58

Asteburuan jokatutako derbiaren une bat. COGAFS

Areto futboleko Laskorain eta Tolosala taldeak gizonezkoen Hirugarren Mailan ari dira. Asteburuan izan zuten lehen derbia eta Laskorainek irabazi zuen.

Areto futboleko Tolosako gizonezkoen bi talde nagusiak maila berean daude lehenengo aldiz. Laskorain eta Tolosala Hirugarren Mailan ari dira, eta pasa den asteburuan izan zuten lehen derbia, Usabalen, Laskorainen etxean. Hain justu, etxekoek eraman zituzten hiru puntuak, 4-2 irabaziz. Bi taldeak orokorrean gustura daude ligan egiten ari diren ibilbidearekin eta talde bakoitzak espero du bere helburuak bete ahalko dituela.

Derbia lehiatua izan zen. «Emaitza aldetik oso gustura gaude, bagenekielako derbiek bere tranpa izaten dutela», esan du Mikel Juaristi Laskorain taldeko jokalariak. «Tolosalak gure kontra jokatzeko sekulako motibazioa zuen, eta guk intentsitate puntu hori berdindu behar genuen. Azken minutura arte gol bateko distantzian egon ziren. Beraz, azkenean emaitza oso ona izan zen, guk akats batzuk izan genituen, baina orokorrean zaleentzako ere interesgarria izan zen ikusteko».

Mikel Alonso Tolosalako kapitainak azaldu duenez, «ilusio handiarekin joan ginen Usabalera, eta galtzeagatik pena badugu ere, gustura gaude taldeak aurpegia eman zuelako».

Laskorain 2. B mailatik jaitsi zen aurreko denboraldian, eta aurreko postuetan egoteko talde faboritoetako bat zen. Gaur egun sailkapeneko lehen postuan daude, 29 punturekin. «Ez genuen denboraldia ondo hasi», esan du Juaristik. «Kontuan izan behar da entrenatzaile berria etorri dela, Ibai Valverde, eta bere metodologia aplikatu behar zela. Guk egokitu behar genuen eta bera jokalarietara egokitu». Talde indartsuenetako bat dela argi azaldu diete Laskorainekoek, beraien aurka irabazteko motibazio handia nabaritzen dutelako beste taldeen aldetik.

Taldeko jokalariak ez dira aldatu, eta jubeniletatik zenbait igo dira. Sailkapeneko lehen postuan egonik, balantze ona egiten dutela dio Juaristik. «Hori bai, kontuan izan behar da bigarrena bi puntura dagoela eta hirugarrena hiru puntutara, eta liga hain luzea izanik, partida batean huts eginez gero hirugarren postura jaisteko arriskua dugu». Espero zutena baino «zailagoa» izaten ari dela Hirugarren Maila esan du Juaristik, «baina geroz eta hobe gaude, eta konfiantza dugu liga bukatu arte ahalik eta gutxien huts egitean».

Berriro 2. B mailara igo nahi dute Laskorainekoek. Sailkapeneko lehen lau taldeek igoera fasea jokatuko dute, eta komeni zaie lehen postuan bukatzea, igoera faseko partidak etxean jokatzeko aukera izango zutelako.

MAILARI EUSTEA

Tolosalak bigarren denboraldia du Hirugarren Mailan. Gaur egun bederatzigarren postuan dago, 17 punturekin. Guztira 17 talde dira beraien ligan, eta azken bi postuan geratzen direnak galduko dute maila, beti ere kontuan hartuta 2. B mailatik jaisten diren EAEko talde kopuruak zenbaki hori aldatu dezakeela. Orain arteko balantzea «oso ona» dela dio Alonsok. «Kontuan izan behar da aurreko denboraldia oso zaila izan zela. Igo berriak ginen, eta pandemia dela eta oso berezia izan zen denboraldia, batez ere hasieran. Gainera, eskarmentu handiko taldeak genituen aurrean, eta nahiz eta guk hobeto jokatu, ez genituen emaitza onak izaten, eta aldapa gora jarri zen denboraldia».

Bigarren denboraldia joko aldetik hobea izaten ari dela dio Alonsok: «Jokalari batzuk utzi egin dute, eta beste batzuk sartu dira, eta dena hartu behar da kontuan: entrenatzailearen lana, jokalarien konpromisoa, eta gauzak ondo eginez gero emaitzak etortzen direla».

Helburu argia maila mantentzea dela esan du Tolosalako kapitainak: «Gure bigarren urtea izanik, eta aurreko denboraldian azkeneko unean salbatu ginela ikusita, gure lehenengo helburua salbatzea da. Gero, jokalariek eskarmentua hartzea, eta pixkana Hirugarren Maila honetan lekua hartzen joatea». Geroz eta gehiago jokatu maila horretan, jokalari gazteak eskarmentua gehitzen dutela nabarmendu du Alonsok, eta hain berriak ez direnek beraien berezko eskarmentua jartzen dutela.

Asteburu honetan izango dute hurrengo jardunaldia bi taldeek, eta ondoren bi asteko atsedena izango dute. Asteburuan hiru puntuak lortzea garrantzitsua izango da urte berriari ekiteko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!