Datorren astean banatuko dituzte Mugi Tolosaren egutegi berriak

Ataria 2021ko abe. 16a, 15:59

Abenduaren 20an, 21ean eta 22an banatuko dituzte egitasmoko irudiekin osatutako 2022ko egutegiak, 10:30etik 12:00etara bitarte, Zerkausian jarriko den postuan.

Bosgarren urtea da Tolosako Udalak egitasmoko irteeren argazkiekin osatutako egutegia banatzen duela parte hartzaileen artean. "Elkarlaneko ekimen hau gizarteratzea du helburu, bertan parte hartzen dutenen poza ikusaraziz, belaunaldien arteko harremanen garrantzian azpimarratuz eta jarduera fisikoak herritar ezberdinen arteko harremanak sendotzeko duen ahalmena balioan jarriz", adierazi dute udaletik.

Gero eta adineko gehiago dago; gehienak bakarrik bizi dira, eta ez dute jarduera fisikorik egiten. Mugi egitasmoaren bidez, egoera baztertzaile honi buelta ematea bultzatu nahi du udalak. "Adinekoek laguntza behar dutela ezagutarazi nahi zaio gizarteari, elkartzeko gune bat behar dutela, maitatuak sentitu nahi dutela; horretan guztian, bereziki, belaunaldien arteko harremanek duten garrantzia azpimarratu nahi dugu".

468 partaide azken lau hilabeteetan

Pandemiaren eraginez, 2020an bertan behera geratu ziren Mugi Tolosa proiektuaren ekitaldiak; aurten, berriz, apurka berreskuratu dira, segurtasun neurri guztiak bermatuz. Uztailean, bost irteera egin ziren, eta guztira, 98 adinekok hartu zuten parte. Irailean hasi zen Mugi Tolosaren zortzigarren ikasturtea eta abendura bitarte hamabi irteera egin dira. Lau hilabeteetan, 468 adinekok hartu dute parte, eguneko bataz beste, 35ek; partaideen %71 emakumeak izan dira.

Hortaz, aurten egindako ibilaldietako argazkiak jaso dituzte 2022ko egutegian. Partaide guztiei ale bana emango die udalak, eta gainerako herritarrentzat Zerkausian egongo dira eskuragarri, abenduaren 20an, 21ean eta 22an, 10:30eatik 12:00etara bitarte. Hilaren 22tik aurrera, Udaten eta Usabal Kiroldegian eskuratu ahal izango dira egutegiak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!