Koronabirusa

Kirurgiak bertan behera utzi ditu Asuncionek

Ataria 2021eko abenduaren 14a

Ospitaleak premia handikoak diren edota onkologikoak diren kirurgiak bakarrik egingo ditu,  COVID-19aren intzidentziak gora egin duelako. Era berean, ezohiko aireztapen-neurriak behar dituzten COVID pazienteak artatzeko ZIU bat prestatuko du eta COVID isolamendu-eremua 14 ohetik 21era handituko du.

Asuncion ospitaleak programatutako kirurgiak bertan behera utzi ditu, COVID-19aren intzidentziak gora egin duelako. Horrela, Osakidetzaren neurriekin bat egin duela esan du, ospitaleetako jarduera kirurgikoaren zati bat geldiaraziz. Tolosako zentroak premiazko kirurgiei eta atzeratu ezin diren onkologikoei soilik emango die arreta.

Asuncioneko arduradunek esan dute, COVID-19ak eragindako ospitaleratze eskaera handiari erantzuteko dituen baliabide guztiak erabilgarri izan nahi dituela eta hori dela eta, COVID gaixoentzat prestatuta dauden oheak 14tik 21era igoko ditu. Gainera lau unitate dituen Arnas Zainketa Intentsiboko Unitate bat jarriko du martxan ezohiko aireztapen-neurriak behar dituzten COVID pazienteak artatzeko.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!