Koronabirusa

Asuncionen ospitaleratutakoen laguntzaileek txertaketa-ziurtagiria aurkeztu beharko dute

Ataria 2021eko abenduaren 13a

Asuncion ospitaleko arduradunek jakinarazi dute ostegunetik aurrera aurkeztu beharko dela txertaketa ziurtagiria. Kanpo kontsultetara joaten direnak laguntzailerik gabe joan beharko dira.

Gipuzkoako intzidentzia tasa ikusita hartu dute erabakia Asuncion ospitaleko arduradunek. Esan dute  segurtasun protokoloak indartu behar izan dituztela eta hori dela eta, ospitaleratutako pazienteei lagundu behar dieten pertsona guztiek txertaketa-ziurtagiri ofiziala aurkeztu beharko dute, ostegunetik aurrera. Era berean, ospitaleratzera doazen pertsona guztiei PCR bat egingo diete. "Ez da PCR probarik edo antigeno negatiborik onartuko, eta laguntzaileek ziurtagiria aurkeztu beharko dute ospitaleko sarreran".

Gainera, zentroak gogorarazi duenez, kanpoko kontsultetara joaten diren pertsonek bakarrik joan beharko dute, ospitaleko bulegoetan eta zentro anbulatorioetan dabiltzan pertsonen kopurua ahalik eta gehien mugatzeko. Mendeko pertsonak eta adingabeak izango dira laguntzaileekin joan ahalko diren bakarrak. Gainera, derrigorrezkoa da maskara homologatua erabiltzea (kirurgikoa edo FP2a) uneoro, ospitale barruan dagoen bitartean.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!