Eguneko Arreta Zerbitzuan izena emateko epea, zabalik

Ataria 2021ko abe. 10a, 13:06

Adineko pertsonei eskainitako baliabideak "hobetu eta osatzeko helburuarekin" zerbitzua indartu duela esan du Tolosako Udalak.

Zerbitzua mendekotasun arriskuan edo mendekotasun-egoera arinean dauden 70 urte edo gehiagoko pertsonei zuzenduta dago eta Uzturre zentroan eskainiko dute. Helburua da, autonomia mailari eustea, mendekotasun egoerak atzeratzea edo ekiditea eta bakarrik sentitzen diren pertsonei lagunartea eskaintzea. 

Erabiltzaileei jarraipen osoa egingo diete, gizarte eta hezkuntza arloko eta arlo psikosozialeko esku hartzea jasoko dute, eta aisia, hezkuntza eta kultura jarduera ezberdinetan parte hartzeko aukera izango dute, guztia,  profesional talde baten gidaritzapean. Bere kabuz zerbitzuaren kokagunera iristeko aukerarik ez duten erabiltzaileentzat garraio zerbitzua aktibatzeko aukera ere izango da. 

Herritarren beharrizan eta askotariko egoerei modu egokiagoan erantzuteko 3 talde-egitura aurreikusi dituzte. Batetik, eguneroko saioak egingo dituzte, goizez.  10-14 pertsonako taldeak egingo dituzte eta saio bakoitza 3 ordukoa izango da. Erabiltzaileak egin beharrekoa ekarpena saioko 25 zentimokoa izango da. Bestetik, astean bi saio egiteko aukera egongo da, arratsaldez. 10-14 pertsonako taldeak osatuko dituzte eta saio bakoitza 3 ordukoa izango da. Erabiltzaileek saioko 75 zentimo ordaindu beharko dituzte. Badago astean saio bakarra egiteko aukera ere. Erdigunetik aldenduta dauden auzoetako biztanleei zuzendutako saioak izango dira, 8 eta 14 pertsona bitarteko taldeak osatuko dituzte eta saioa 3 ordukoa izango da. Erabiltzaileek saioko euro bat ordaindu beharko dute.

Zerbitzu honetaz gain, erabiltzaileek aukera izango dute Uzturre zentroan eskaintzen diren beste hainbat zerbitzu osagarri eskuratzeko: jangela soziala, Iturriza adinekoen elkartea, ile-apaindegia eta podologoa. Beste adineko pertsona ugarirekin hartu-emana izateko aukera izango dute ere, arreta zerbitzuan parte hartzen dutenek.

Urtarrilean abiatuko da Eguneko Arreta Zerbitzua, Uzturre zentroan. Zerbitzua erabili ahal izateko izena eman behar da eta telematikoki edo aurrez aurre egin ahalko da. Telematikoki egiten dutenek izen emate orria bete beharko dute, sarrera erregistro bidez eta aurrez aurre egiteko UDATE bulegora joan beharko da. Zalantzarik izanez gero,  herritarrek 946 654 466 telefono zenbakira deitu dezakete. Eskaerak Gizarte Zerbitzuen eta Osasunaren Sailean jasoko dituzte eta bertan baloratuko da eskatzaile bakoitzak zerbitzuan parte hartzeko baldintzak betetzen dituen ala ez. Bertan erabakiko da, halaber, taldeak sortu edo eten behar diren ere. 

 

Udalak esan du gizarte ongizatearen sustapena bultzatzeko eta Eguneko Arretaren Zerbitzua hobetzeko lanean ari dela, eta horregatik indartu duela eguneko arreta. Zerbitzua 2009an hasi ziren garatzen, mendekotasun egoerak prebenitzeko ikastaro batekin, eta pandemia aurretik, 2019-2020 urte bitartean, "zerbitzu osoagoa eskaintzearen garrantziaz jabetuta", bi esperientzia pilotu egin zituzten Uzturre zentroan. "Biek izandako harrera eta balorazio positiboa kontuan izanda, programaren egitura egonkortzea eta Eguneko Arreta Zerbitzu integrala eskaintzea erabaki du udalak". 


Zaintza erdigunean
Gizartearen zahartzea eta adineko pertsonen zaintza, COVID-19aren aurretik ere etorkizunera begirako erronkarik nagusienetarikoa zela eta dela esan du Olatz Peon alkateak. "Pandemiak are eta ageriagoan jarri du zaintza erdigunean kokatzeko beharra eta zentzu horretan, egungo zein etorkizuneko beharrei erantzuteko estrategiak, gizarte politikak eta zerbitzuak lantzen eta garatzen ari gara", gaineratu du. "Zerbitzu integral berriaren bitartez, mendekotasun egoeraren atarian dauden pertsonen bizi kalitatea hobetzea lortuko dugu, adineko pertsonek beren autonomia mailari eutsi eta ohiko bizi-ingurunean jarraitzeko eta gizarteratzeko aukera handiagoa izan dezaten, eta bide batez, zaintza-lanak arintzeko aukera berri bat izango dute beren senitarteko zaintzaileek".

 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!