Felix Ruiz de Arkaute eta Antxon Bandres ezagutzera eman nahi dituzte

Eneritz Maiz Etxarri 2021ko abe. 9a, 18:00

Tolosan izen handia izan duten Felix Ruiz de Arkaute eta Antxon Bandres omenduko dituzte, datorren astean, Topic-en. Ruiz de Arkaute hil zela 50 urte bete dira, eta Bandres hil zela 10 urte. Gogora ekarri nahi dituzte bi pertsonak, eta ezagutzera ematea dute helburu. Horretarako bi mahai inguru antolatu dituzte. Horrez gain, Tolosako Udalaren laguntzarekin Harria eta Papera, Felix Ruiz de Arkaute van der Stucken-en biografia biltzen duen liburua argitaratu dute.  

Tolosak eman dituen bi pertsona dira Felix Ruiz de Arkaute eta Antxon Bandres. Felix Ruiz de Arkaute hil zela 50 urte dira, eta Antxon Bandres hil zela, berriz, 10 urte. Tolosan izan diren bi pertsona esanguratsuak gogoan izan nahi dituzte, eta era berean, ezagutzera eman. Bi pertsonak uztartuz, bi saio antolatu dituzte. Hilaren 14an eta 15ean, 19:30ean, Topic zentroan.

 

Urtea bukatzerako bi pertsona horiek gogoan izatean jarri du azpimarra Josu Iztuetak: "Bi pertsona horiek gogoratu behar ditugu, omendu behar ditugu eta hobeto ezagutu behar ditugu". Hori horrela, eta Tolosak duen agenda betean egunak libre izatea zaila dela kontuan izanda, hilaren 14a eta 15a aukeratu dituzte, hurrenez hurren, Ruiz de Arkaute eta Bandres omentzeko. Mahai inguruak Felix Ruiz de Arkauteren ibilbideko pasarte ezezagunak ezagutzeko aukera emango du, eta aldi berean, Tolosarekin horren lotua egon den Antxon Bandresen bizitza ere gehiago ezagutzeko parada eskainiko du. Euskaraz eta gaztelaniaz izango dira bi mahai inguruak. Auzolanean antolatu dute, eta tartean daude Alpino, Oargi, Aralarko Adiskideak,  Akerbeltz Espeleologia Taldea, Kasino, Antxon Bandres Bidaiarien Txokoa, Zumardia, Nairobitarra kultur taldea eta Tolosako Udala. 

 

Hasteko, esan behar da, Felix Ruiz de Arkaute van der Stucken-en biografia biltzen duen liburua argitaratu berri dutela Tolosako Udalaren laguntzarekin, eta horren bueltan antolatu dituzte bi mahai inguruak. Ruiz de Arkauteren gaineko informazioa jasotzeko lan eder bat egin zitekeenaren eskaintza jaso zutela kontatu du Patxi Amantegi Tolosako Udaleko zinegotziak. "Gizon honek egin zuena mendizale batek egin izan balu, sekulako oihartzuna izango zukeen mundu osoan", azpimarratu du Amantegik. "Hau lur azpian egin beharrean, gainean egin izan balitz, honen erreferentzia munduan zehar izango genukeen", baina, beste eragozpen bat ere izan zuela kontrara zehaztu du zinegotziak: "Ez zen kirolaren munduan aditu, zientziaren munduan baizik. Orduan horrek ere lagundu dio, ez horren ezaguna izaten".

 

Liburua argitaratzeko proiektua jaso zutenean garrantzitsua iruditu zitzaien udal ordezkariei: "Aspaldidanik landua dago, baina oso gutxi ezagutzen da. Honek ekintza berezi batzuk azaleratuko ditu, eta askorentzako oso-oso berria izango da, eta beste askorentzat balioan jarriko du beraiek egiten duten lana, eta jarraitzera animatuko ditu".

 

Bi mahai inguru

 
Aralarko Adiskideen izenean Garbiñe Mendizabalek hitz egin du, eta bera Felix Ruiz de Arkauteren gainean aritu da. Honen heriotzaren 50. urteurrena dela eta, Tolosan eta Tolosaldean dauden taldeek omenaldi bat edota errekonozimendu bat egin nahi diotela esan du: "Bere garaian jaso ez zuen errekonozimendua egin nahi zaio. Azkenean, Tolosa mapan kokatu zuen, eta espeleologiaren inguruan teknifikaziorako-eta, erreferentziazkoa izan zen, eta ez bakarrik Euskal Herrian, baita Europa mailan ere, bai Belgikan, Frantzian...". Errekonozimendu horren bueltan, Akerbeltz Espeleologia Taldeko Iñaki Alonsoren bitartez jakin zuten Ruiz de Arkauteren biografia idatzita zegoela. "Oier Gorosabel eibartarrak idatzi du, baina ez zegoen argitaratuta", zehaztu du Mendizabalek. Orduan, Tolosako taldeek pentsatu zuten "interesgarria izango litzatekeela argitaratzea edota argitaratzen laguntzea, eta horretarako Tolosako Udalarekin kontatu zen".
 
Egingo duten mahai inguruaren helburua eta nahia, Ruiz de Arkaute ezagutzera ematea da, "jende askorentzat ezezaguna izan daitekeelako", dio Mendizabalek. Kokatzen laguntzeko dokumentala egina dagoela azaldu du. Eta astearteko mahai inguruan, alde batetik, Harria eta papera, Felix Ruiz de Arkaute van der Stucken-en biografia biltzen duen liburuaren egilea den Oier Gorosabel bera izango da. Bestetik, bere semea den eta Madrilen bizi den Pedro Ruiz de Arkautek ere parte hartuko du. Beste aldetik, Rafa Zubiria, Aranzadiko kidea dena eta Ruiz de Arkauteren erreskatean parte hartu zuen espeleologo ezaguna izango da, eta azkenik Iñaki Zubeldia idazle ikaztegietarra ere bertan izango da. Azken honek, gaztetan ezagutu zuen Ruiz de Arkaute, eta Arrikrutzeko kobazuloetan ibilia da eta bertan dagoen lehoia aurkitu zuena.
 
Antxon Bandres Bidaiariaren Txokoaren izenean Josu Iztuetak izan du ardura Antxon Bandres bera aurkezteko, eta zaila egin zaiola esan du: "Nola aurkezten duzu Antxon? Aranzadiko kidea; Alpino, Kasino eta Handia elkartekoa; inauterizalea; txikiteroa; Urkizuko auzokidea; idazlea; erradiologoa,... Leku askotako saltsa zen".
 
Bandres ondo ezagutzen zuten lagunekin antolatu dute Antxon Bandresen kartografia mahai ingurua, eta denak ezin gonbidatu eta bere bizitzan arrastoa utzi zuten lau aukeratu dituzte: Lurdes Herrasti, Aranzadi Zientzia elkarteko kidea; Irene Larraza tolosarra, Etxepare Institutuko zuzendaria eta Bandresekin gauza askotan parte hartutakoa; Kepa Lizarraga, Bizkaiko Mendi Federazioa eta Euskal Mendi Federazioko arduraduna. Bandresekin ibili zen Nazioarteko Mendi Medikuntzako Jardunaldiak antolatzen. Eta Josu Iztueta bera izango da moderatzaile moduan, eta batik bat, 14 urtetik 20 bat urte bitartean Bandresekin harremana oso estua izan zuelako.
 

Jendeak parte hartzea nahi dute mahai inguruetan. Sarrerak erreserbatu egin beharko dira Topic-eko webgunearen bidez, edota bertatik pasata jaso daitezke gonbidapenak. Liburua bertan izango dutela aurreratu dute antolatzaileek, eta borondatearen truke banatuko dute bertaratzen direnen artean.

Tolosarentzat hain inportanteak diren bi pertsona hauek, behintzat, "merezi duten lekuan jarriko ditugu", esanez amaitu du Iztuetak. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!