KONTZIENTZIAREN IBAIA

Sintomak

Erabiltzailearen aurpegia Agus Tena Gonzalez 2021ko abe. 13a, 07:58

Psikologiako webgune eta sare sozial askok, beren dibulgazio lanean, ondoez psikologikoa zerrendekin erakusten dute: antsietatea duzula bost seinale, edo pertsona toxiko batekin zauden jakiteko zazpi modu, edo norbait ahazteko ez dakit zenbat modu, edo deprimituta zauden x seinale. Zerrenda horiek mundu guztiari aplikatu daitezke, eta sarritan ondoez hori kentzeko edo hainbeste sufriarazten dizun egoera konpontzeko egin beharreko urratsen zerrendarekin batera datoz. Oso argazki sinplea da, Psikopatologiako eskuliburu diagnostikoen eragina duena, hala nola DSM-5, eta gure garaien isla, non arazoak sinplifikatu egin behar diren eta konponbide azkarrak eman.

Sintomak dira zerrendatzen direna, eta enkoadraketa honen azpian dagoen mezua da arazoa ezabatu egin behar dela. Oinarrizko mailara, sintoma defizit biologiko batzuetara mugatzen da. Adibidez, depresioan, serotonina-mailetako arazo bat izango litzateke, eta depresioaren aurkako sendagaiekin tratatzeko modurik errazena. Pertsonari ematen zaion mezua da zerbait ez dabilela ondo eta bere maila zuzenetara egokitu behar dela, eta sintoma hori ez da ikusten esperientzia jakin batzuei, galerari edo banantzeari, emandako erantzun gisa. Darian Leader psikoanalistaren arabera, «sintomak ikusteko modu horrek bizitza mental inkontzientearen konplexutasuna kentzen die pertsonei».

Psikologia ere kutsatu da sintomen zerrenden sukar horretaz, baita jarraitu beharreko urratsen zerrendez ere, fokua ere jarriz zerbaitek ez duela ondo funtzionatzen eta kosta ahala kosta ongizatea lortu behar dela. Korronte batzuetatik esaten zaigu arazoa dela ez ditugula pentsamendu zuzenak eta horiek ordezkatu beharko genituzkeela, ahal dela ahalik eta denbora laburrenean, arreta psikologikoaren kostu ekonomikoan ere fokua jarriz.

Hasieran deigarria egiten zitzaidan ez nuela inor ikusten zerrenda horien atzean, ez izen propiorik, ez aurpegirik. Baina denbora bat igaro ondoren, mundu guztia ikusten nuen: denok sentitzen baikara noizbait irrikaz, edo deprimituta, edo fobikoak. Eta gero pentsatu nuen buelta eman beharko litzaiokeela, eta zerrendek ezin digutela esan nola sentitzen garen, baizik eta guk gaitasuna izan behar dugula nola sentitzen garen esateko, garrantzitsuena ez baita diagnostiko bat eta tratamendu bat izatea, sintomei buruz hitz egin ahal izatea baizik.

Wikipediako definizioaren arabera: «Sintoma ohar baliagarria da, osasuna arriskuan egon daitekeela adierazteko, psikikoki, fisikoki, sozialki edo hirurak konbinatuz gero»; eta J.L. Tizon psikiatraren hitzetan, «sintoma gaixo batek bere gorputz-funtzionamenduan edo funtzionamendu globalean anomalotzat hartzen duen pertzepzioaren edo aldaketaren erreferentzia subjektiboa da». Sintoma, beraz, hainbat mailatako komunikazioa da: lehenik eta behin, sintoma pairatzen duen pertsonarentzako mezua da; bigarrenik, inguruneari eta besteei sufrimendu baten berri ematen die, eta, hori besteei helarazteko, hura pairatzen duen pertsonak jakinarazi behar du. Sintoma komunikatzen zaion lehen maila, zalantzarik gabe, interesgarriena da, organismoak beste modu batera adierazi ezin izan den ondoez mentala eta emozionala kodifikatzen duen modua baita: ez dakigu, edo ezin dugu, edo ez dugu gure bizitzaz zerbait kontziente egin nahi, eta sintomak guregatik egiten du.

Sintoma bakoitzaren atzean pertsona bat, biografia bat eta bizitzan zehar izan diren harreman esanguratsuei lotutako historia emozional bat dago. Badirudi bizi garen garaietako espirituak definizioari garrantzi handiagoa ematen diola definituari baino, eta horrek etiketei jotzera eramaten gaitu (etiketa bakoitzak bere pilula du, eta nolabait isildu daitezen umeei ematen zaien goxokia gogorazten dit). Orain izen-abizenak trastornoak eta gaixotasunak dira, eta horiek dituzten pertsonak entzuteak axola ez balu bezala.

 

[...] Garrantzitsuena ez baita diagnostiko eta tratamendu bat izatea, sintomei buruz hitz egin ahal izatea baizik



Baina sintomek beren prozesua behar dute: komunikatu egin behar dira, besteekin harremanak izateko modua zehazten baitute; ulertu egin behar dira, jakiteko zer emozio eskatzen ari dan bere bidea; eta deskodetu egin behar dira, bizitza kontzienteagoa sortzeko. Darian Leader parafraseatuz, gure sentimenduak diagnostiko baten arabera taldekatuz eta «pilula bat hartzea, bizitza osoa mikroskopio psikologikoaren azpian jartzea baino erakargarriagoa da». Psikofarmakoek duten funtzioa eta pertsona askorentzat duten laguntza ukatu gabe, bistan da oso erraz jasotzen direla, eta gizarte gainmedikalizatua sortzen dute, eta horri arreta jarri behar zaio.

Gaur egun, inork astirik ez duela dirudienean eta gauzarik garrantzitsuena zer eraginkor eta produktibo garen frogatzea denean, askotan kontua ez da ondo sentitzea eta aktibo mantentzea edozein kostutan, norbaitek gure ondoeza entzutea baizik.

 

Agus Tena Gonzalez

Psikologoa

agustenagonzalez@gmail.com 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!