Elkarrizketa

«Lau urteotan egindako lanaren saria litzateke Pekinera joatea»

Tolosaldeko Ataria 2021ko abe. 2a, 19:59
Argazkia: LENJU JUARISTI

Aurreko bi Olinpiar Jokoetara joan ondoren, Imanol Rojo iraupen eskiatzaile tolosarrak hirugarrenez joan nahi du. Bertara iristeko azken lau urteak oso luze egin zaizkiola ere aitortu du.

Denboraldi berezia da Imanol Rojo (Tolosa, 1990) iraupen eskiatzailearentzat, otsailean Neguko Olinpiar Jokoak baitira Pekinen. Gaur gaurkoz sailkatuta dago, baina urtarrilean jakingo du behin betiko erabakia. Bitartean, bere maila erakutsi beharko du eta puntuak lortu, sailkatuta jarraitzeko. Norvegian dela egin dio elkarrizketa ATARIAK; hilabetez ariko da bidaiatzen eta hainbat probatan parte hartzen.

Norvegiako Gaalaako proban parte hartu duzu asteburuan. Nola joan da?

Norvegiako Kopako proba bat da eta hemen beti maila oso ona egoten denez, denboraldia hasteko aukeratu nuen. Mailarengatik Munduko Kopako proba bat dirudi. 15 kilometroko estilo klasikoan 22. bukatu nuen eta 29. izan nintzen 15 kilometroko skating estiloan. Minutu eta erdian hogeitik gora eskiatzaile sartzen gara eta horrek erakusten du zer maila dagoen. Gustura nago egindakoarekin, eta uste dut prestaketa ona dela Munduko Kopako lehen probarako.

Norvegian jarraitzen duzu oraindik.

Bai, azken entrenamenduak egiten ari naiz eta gogotsu nago Munduko Kopako lehen proban parte hartzeko. Gaalaan nago orain eta hemendik ordubetera dagoen Lillehammerren izango da asteburu honetan Munduko Kopako proba. Ea aurreko denboraldiko sentsazio berberak ditugun.

Zer asmo duzu bertan? Olinpiar Jokoei begira garrantzitsua al da?

Azkenean lasterketa guztiak kontuan hartzen dira. Asteburu honetakoa garrantzitsua da, eta baita hurrengo asteburuan Davosen (Suitza) egingo dudan proba ere. Ea gutxika lasterketetako erritmoa hartzen dugun, eta ikusiko dugu zer emaitza lortzen ditugun.

Olinpiar Jokoetarako sailkatzeko zer egin behar duzu?

Ez da erraza. Sailkapenean orain barruan nago, baina behin betiko zerrenda urtarrilean ateratzen da eta horrek zehazten du zein joaten den. Aurreko denboraldian Munduko Txapelketan lortutako emaitzei begiratuz gero, aukerak baditut sartzeko, baina urtarrilera arte itxaron beharko dugu. Munduko sailkapenean lehen 120 postuetan egon behar dut Pekinera joateko, eta gaur egun 101. postuan nago. Sailkapen hori aldatzen joaten da probak egin ahala.

Pekinera joateko esperantza baduzu, behintzat.

Aurreko bi Olinpiar Jokoetan izan nintzen, eta orain errazago ikusten dut sailkapena lortzea. Maila handiagoa dut, eta gauzak normal joaten badira, otsailean Pekinen egoteko aukera dut.

Egutegia zehaztuta izango duzu.

Berez egutegia ez da aldatuko sailkapenean postua aldatzeko asmoz. Nire ideia da Munduko Kopako probak egitea, eta urte bukaeran, beti bezala Tour de Ski egitea.

Aurreko denboraldietan, mundu mailako probetan ahal zen sailkapen onena lortzea izaten zen zure helburua, lehen 30 postuen barruan sartzea adibidez. Olinpiar Jokoei begira zer helburu duzu?

Asmoa beti izaten da hobetzea, kasu honetan aurreko Olinpiar Jokoetan lortutako emaitzak hobetzea. Ikusita aurreko denboraldian, Munduko Txapelketan 18. eta 19. izan nintzela, Olinpiar Jokoetan postu horietan ibiltzea, edo 15. posturaino iristea sekulako emaitza izango litzateke niretzat.

Orain, beraz, batera eta bestera mugitzea tokatuko zaizu.

Hilabete batez kanpoan egongo naiz, lasterketa asko eta elurretan entrenamendu asko egiten ariko naiz. Nire kirolean bidaiatzea tokatzen zaigu.

Nola joan da denboraldiaurrea?

Oso ondo joan da. Irailean hasi ginen elur gaineko entrenamenduetan, Stelvion. Han hiru egonaldi egin genituen. Gero, altueran jaitsi, eta Davosen beste bi egonaldi egin genituen, 1.600 metrora. Gero Norvegiara etorri ginen lasterketetan parte hartzera. Irailera arte rolleski asko sartu dugu, beste urteetan baino askoz gehiago, eta Norvegiara ere etorri ginen rolleski lasterketak egitera, ikusteko denboraldiaurrea nola zihoan beste lasterkariekin alderatuta.

Rolleskia aipatzen ari garela, Hernialdeko Igoeran irabazi egin zenuen, marka berria ezarriz.

Tolosan nengoen, eta ilusioa egiten zidan Hernialdeko Igoeran parte hartzea, aspaldi parte hartu gabe bainengoen. Gainera, anaiak zirikatu ninduen ea berak zuen marka hobetzeko gai nintzen; lortu nuen eta pozik geratu nintzen.

Aurreko denboraldia izan zen zure orain arteko onena. Zein dira zure sentsazioak denboraldi honetarako?

Buruz zein gorputzez ondo sentitzen ari naiz, eta hemen Norvegian egin ditudan lehen lasterketei begiratuz gero, aurreko denboraldian baino pixka bat hobeto nagoela esango nuke. Gauzak ondo joaten badira, nire aukerak izango ditut emaitza onak lortzeko.

Zer suposatuko luke zuretzat hirugarren Olinpiar Joko batzuetara iristea?

Ametsa bete nuen lehen Olinpiar Jokoetara joan nintzenean, baina azken urte hauek, aurreko jokoetatik hona, zailak izan dira, eta hor egindako lan guztiaren saria izango zen. Ez nuen uste iritsiko nintzenik. Oso luzeak izan dira lau urte hauek, eta egindako lanaren saria izango litzateke Pekinera joatea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!