Bihar piztuko dituzte Gabonetako argiak Tolosan

Ataria 2021eko abenduaren 2a

17:30eak aldera piztuko dira; aurten ere, merkataritzari babesa emateko jarri ditu argiak Tolosako Udalak, eta herriko zenbait gunetan apaingarri bereziak jarri ditu. 

Aurten ere Tolosako Udalak Gabonetako argiekin apaindu ditu herriko kaleak, "urteko garai honetako ilusio eta magiari eusteko" eta "herriko merkataritza babesteko". Kale argiztapena bihar, abenduak 3, piztuko da, 17:30eak aldera. Zehazki, kontsumo txikiko 204.840 Led argi puntu jarri dira herrian. 

Astean zehar, 23:00etan itzaliko dira argiak, eta ostiraletik igandera, berriz, gauerdian. Gau berezietan, abenduaren 24an eta 31n eta urtarrilaren 5ean, gau osoan zehar egongo dira piztuta. "Egunetik egunera, ilunabarra atzeratuz joan ahala, argiak beranduago piztuko dira, argiteria publikoarekin batera, erloju astronomikoak erabiliz", azaldu dute udaletik.

Gune ezberdinak argiztatuko dira aurten ere, hala nola, eraikinak, plazak, kaleak, eta baita auzo eta landa auzoak ere. Gainera, apaingarri bereziak jarri dira Zerkausian, San Frantzisko pasealekuan, Araba etorbidean eta Pedro Tolosa pasealekuan, eta argi puntu berriak Batxiler Zaldibian. Kale argiztapenaren kostua 55.000 eurokoa izan da.

Argiteriaren inguruko iradokizunak udalak kudeatuko ditu, hortaz, herritarrek UDATEra jo beharko dute edozein argibide edo beharrizanetarako. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!