Abenduan 37 zinema saio eskainiko dira Leidorren

Ataria 2021ko abe. 1a, 17:18

Bihar izango da lehen saioa, eta hilabete osorako programazio aberatsa antolatu dute; indarrean dauden zine bonuak abenduaren 31n iraungitzen dira.

Tolosako Udalak herrian kultura sustatzen jarraitzen du eta abendurako "kalitatezko" zine egitaraua antolatu du Leidor aretoan. Gainera, abendutik aurrera zine saio bikoitza berreskuratzen da programazioan, hortaz, asteburuetan bi film eskainiko dira. Guztira, 37 zine saio emango dira abenduan zehar Leidorren. Interesa dutenek hemen kontsultatu dezakete abenduko zine saioen programa osoa.

Adin tarte eta gustu guztietako herritarrei zuzendutako filmak biltzen dira egitarauan, tolosarrei kalitatezkoa eta askotarikoa izango den eskaintza emateko helburuarekin. "Segurtasun neurri guztiak beteko dira zinema aretoetan, orain arte bezala", baieztatu dute udaletik.

Indarrean dauden zine bonuak abenduaren 31n iraungitzen dira; ondoren ez dute baliorik izango. 2022rako zine bonuak abenduaren 21etik aurrera eskuratu ahal izango dira webgune honetan. Ohiko moduan, 10, 20, edo 30 saiotarako bonuak izango dira, eta erosten den unetik sei hilabeteko epean erabili beharko dira, hau da, 2022ko urtarrilaren 1etik maiatzaren 31ra bitarte. 10 saioko bonuaren prezioa 30 eurokoa da; 20 saioko bonuarena, 35 eurokoa; eta 30 saioko bonuaren prezioa, 40 eurokoa.

Orain arte bonuak soilik helduentzako filmetarako soilik ziren baliagarriak, baina abendutik aurrera haurrentzako filmentzako ere balioko dute. Bonuak edozein zinema saiotarako izango dira baliagarriak, estreinaldietarako izan ezik, eta bonu bakoitzarekin gehienez bi sarrera eskuratu ahalko dira saio bakoitzerako.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!