Gobernantza eredu berriak errotu nahi ditu udalak

Tolosaldeko Ataria 2021ko abe. 1a, 13:39
Olatz Peon eta Naiara Goia gaur, hitzarmena sinatzen.

Deliberazio egitasmo ordezkatzailea abiatuko du Tolosako Udalak herritarrekin. Urtarrilean hasiko da prozesua eta horretarako hitzarmena sinatu du gaur Arantzazulab Gizarte Berrikuntza Laborategiarekin.

Gobernantza eredu berrietan sakontzeko helburuarekin lankidetza hitzarmena sinatu du gaur Tolosako Udalak  Arantzazulab Gizarte Berrikuntza Laborategiarekin, laborategiak Arantzazun (Oñati) duen egoitzan. Hitzorduaren helburua bikoitza izan dela esan du udalak: "Batetik, Arantzazulab-ek eta Tolosako Udalak sustatutako herritarren deliberazio egitasmo ordezkatzailea abiaraztea eta bestetik, bi erakundeen arteko lankidetza hitzarmena sinatzea". 

Egitasmoaren helburua da herritarrekin deliberazio prozesua bat egitea. "Udalak aukeratutako erronka edo gai jakin baten inguruan deliberazio prozesu berritzailea abian jarriko da. Berezitasun moduan adierazi behar da prozesuan ausaz aukeratutako herritarrak inplikatuko direla, tolosarren aniztasuna bermatuz parte-hartzaileen artean". 

Prozesuaren faseak
Urtarrilean diseinatuko dute egitasmoa eta deliberaziora eramango den galdera zehatza adostu eta definituko dute udalbatzan ordezkaritza duten alderdiek. Jarraian, herritarrak aukeratzeko zozketa egingo dute egitasmoan parte hartuko duten herritarrak ausaz aukeratzeko. "Faseei dagokienez, deliberazio-prozesu ordezkatzaile guztietan bezala, komunitatearen aniztasuna ordezkatzen duten pertsonek informazioa aztertuko dute, adostasuna bilatzeko deliberatu egingo dute, eta agintari publikoei zuzendutako politika publikoko gaiei buruzko gomendio zehatzak garatuko dituzte". 
Ekimena, beraz, 2022ko urtarrilean abiatuko da eta 2023ko udaberria arte luzatuko da. Hamabost bat hilabetekoa iraupena izango duelarik.

"Gobernantzaz hitz egiten ari garenean, demokraziaz, partaidetzaz, komunitateaz eta elkarlanaz hitz egiten ari gara, herrigintzaren ardatz eta oinarri nagusiez alegia; horregatik abiatu nahi dugu egitasmo hau Tolosan, gobernantza eredu berriak herrian errotu eta indartzeaz harago, herritarren eguneroko beharrei eta herri bezala ditugun etorkizuneko erronkei modu eraginkor, parte hartzaile eta adostuagoan aurre egiteko, horretarako estrategia berriak, ausartagoak, berritzaileagoak martxan jarriz”, esan du gaur, Olatz Peon alkateak. “Gero eta konplexuago den gizarte honetan, gakoa elkarlanean dagoela sinetsita gaude, alderdien arteko elkarlanean eta baita udalaren eta herritarren arteko elkarlanean ere. Gobernantzaren esparruan, badugu bide bat egina, baina bidea egiten jarraitu nahi dugu, gobernantza eredu berriak indartzeko eta sendotzeko, herritarrekin eraikitzeko gure etorkizuna”, gaineratu du. 

Arantzazulab Fundazioaren eta ELGA/OCDE erakundearekin laguntzarekin
Egitasmoa aurrera eramateko Tolosako Udalak Arantzazulab Gizarte Berrikuntza Laborategiaren eta ELGA/OCDE antolakundearen laguntza  izango du.  "Herritarrek egungo agenda publikoaren diseinuan modu esanguratsuan parte hartzeko eta erakundeetan lankidetzazko gobernantza praktikan jartzeko egitasmo bat bezala ulertu behar da Tolosan abiatuko duguna. Udal mailan egingo dugun lehen esperimentazioko ekimen bat izango da halako prozesuek erakunde publikoen eta herritarren arteko harremanean duten eragin positiboa erakusteko. Esperientzia hori beste herri batzuetan errepikatzeko eta zabaltzeko moduak aztertuko ditugu jarraian. Finean, herritarrekin lankidetzazko gobernantza modu berrietan sakondu nahi dugu", esan du Naiara Goia Arantzazulab-eko zuzendari nagusiak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!