Euskararen Eguna 2021

«Ezer gutxi egin dugu epaitegietan gure hizkuntza eskubideen alde»

Josu Artutxa Dorronsoro 2021ko abe. 1a, 11:58

1993an, Tolosan egin zuen lehen epaiketa euskaraz; «garrantzitsua» izan zela dio, baina gerora, eremu horretan euskara izaten ari den presentzia «oso txikia» dela azpimarratu du.

1976an abokatu lanean hasi, eta gero, Galizian eta Tolosan epaile jardun zuen Nekane San Miguelek (Arrasate, 1953). Gaur egun erretiroa hartuta dago, baina azken urteetan Bizkaiko Lurralde Auzitegiko magistratua izan zen. 1993an baserritar euskaldun baten kasua ebatzi zuen Tolosan, euskaraz egin zen lehen epaiketan.

Nola gogoratzen dituzu Tolosako urte haiek?

Tolosara heldu eta lehen egunean, lehendik ezarritako eginbideekin egin nuen topo. Orduan, gaur egun bezala, modu askotako epaiketak zeuden; ahozkoa edo klasikoa zen ezagunena. Arlo zibilean, ordea, diru eskaerak, ezkontza banaketak edota terreno kontuak kokatzen ziren. Horietan, partaide edo lekukoen adierazpenak ahoz ematen ziren, esandakoa idatziz jasotzen bazen ere.

Tolosan egon nintzenean, izapide ugari egiten nituen euskaraz, baina gaztelaniaz dokumentatzen ziren. Izan ere, transkripzioak funtzionarioek egiten zituzten, eta euskaldunak izaten ziren, baina alfabetatu gabeak. Nik entzuten nuenagatik, euskara zen nagusi Tolosako kaleetan. Epaitegian, ordea, gaztelania nagusitzen zen, eta iruditzen zait oraindik ere horrela dela.

Zergatik egin zen epaiketa hura euskaraz?

Bidezkoa zelako. Beti izan naiz emakume praktikoa. Hortaz, pertsona jakin batek bere hizkuntzan lasai hitz egiteko aukera izanez gero, nire aldetik inoiz ez da arazorik egongo. Gainera, inork ez zuen eragozpenik jarri, ezta idazkariak ere, ez baitzen inoren eskubiderik urratzen horrela. Idazkariek ulertzen zuten, baina ez zekiten idazten, eta beraz, gaztelaniaz idazten zuten bertan entzuten zutena.

Baserritar euskaldun peto hura aurrean nuenean, «nola zuzenduko natzaio gaztelaniaz?», galdetzen nion neroni. EAEn bi hizkuntza ofizial izanik, herritarrei horietako bat aukeran emateko betebeharra dugu. Oraindik ere ideia hori mantentzen dut.

Kasu gehienetan, abokatuek gaztelaniaz pasatzen zizkidaten prestatuta zituzten galderak. Nik, ordea, euskaraz egin nituen. Hasieran kostata, baina behin martxa hartu nuenean, erosoago sentitu nintzen. Ez zidaten inolako arazorik ipini. Jakitun ziren itzulpenak ondo egiten zirela, zuzenekoak zirela, eta gero, epaia nik eman behar nuela.

Gogoan duzu Tolosako zure lehen epaiketa?

Ez. Baina gogoan dut une horretan hiru epaile ari ginela lanean Tolosan, eta hiruretatik ni nintzela euskaldun bakarra. Gainerakoek gaztelaniaz egiten zuten lan. Nire kasuan, naturaltasunez aritzen nintzen, logikoena zelakoan edo praktikotasunagatik.

Hona heldu aurretik, gaztelaniaz egiten zenuen lan?

Gaztelaniaz egiten nuen ia dena. Behin, 1987an, Bergarako epaiketa batean abokatu nintzela, nire bezeroak euskaraz egingo zuela aurreratu nion epaileari. Kataluniarra zen bera, eta lasai egoteko esan zidan, lagun bati deitu eta berak guztia itzuliko ziola; amaieran, epaia ere euskaraz eman zidan. Borondate kontua eta jarrera kontua izan zen.

Izapide gehienak gaztelaniaz egiten zirela kontuan izanda, lan handia izan zen Tolosako epaiketa hura prestatzea?

Ez. Zorionez, euskaraz eta gaztelaniaz antzera idazten nuen, baita hitz egin ere. Esamolde batzuen kasuan edo hitz teknikoekin topo eginez gero, hiztegira edo zuzenbideari buruzko liburuetara jotzen nuen. Orduan, oraindik ez ziren eman hizkuntza juridiko bat adosteko urratsak. 1996 aldera, batzorde bat antolatu zuen Justizia Sailak, zenbait erakundeetako ordezkariekin. Urteen poderioz, eta askoren esfortzuari esker, modelo batzuk sortzea lortu da; garrantzitsua eta beharrezkoa izan da.

Aurrez egin al zen epaiketarik euskaraz Euskal Herrian?

Nik dakidala, Tolosakoa izan zen lehenengotarikoa. Gerora, ordea, Ordiziako Barruti Epaitegian, 1986 edo 1987 aldera, bertako epaileak epairen bat euskaraz egin zuela entzun nuen. Epaia euskaraz egin bazuen, pentsatzekoa da epaiketa bera ere hala egingo zuela. Bai kasu horietan, baita Tolosakoan ere, laburrak izan ziren epaiketak, momentuan egiten zirenak, eta pertsona gutxik hartzen zuten parte.

Eta zer suposatu zuen Tolosako kasuak?

Ez nuke jakingo esaten. Horrelako kasuek jarraipenik izan ezean, ez dute garrantzirik izaten. Eta nik dakidala, ez zuen izan. Azken urteetan, Bilbon ibili naiz lanean, eta Tolosan ez bezala, hemen hiru epaileren artean ebatzi behar izaten dugu, eta inoiz ez da egokitu hirurak euskaldunak izatea. Pertsona bakarreko aretoen kasuan, hala ere, helegite batzuei erantzuna euskaraz egiten jarraitu dut. Ez dira asko izan, baina pertsona batek salaketa euskaraz jartzen zuela edo itzultzailea eskatzen zuela ikustean, euskaraz egin izan dut. Zoritxarrez, hori zerbait anekdotikoa bezala geratu da, eta tristura eta mina ere eragiten dit.

Gerora, euskarak izan du presentziarik epaitegietan, edo oso puntuala izan da?

Zalantzarik gabe, oso puntuala izan da. Nik dakidanagatik, epaitegietara euskaraz iristen diren espedienteak udalerri euskaldunetakoak dira. Eta gero, zer? Euskaraz egin arren, gaztelaniara itzultzen da dena. Epaileek gaztelaniaz ematen dute ebazpena, eta ondoren, berriro itzultzen da euskarara sententzia. Argi dago normalizazio txiki batetik ere oso urruti gaudela.

Eta zein izan daiteke aldaketarako bidea?

Epaiketa edo prozesu batean, epailea ez da partaide bakarra izaten. Nahikoa baliabide ditugu, baina jarrera aldaketa falta da, funtzionarioen aldetik nahiz epaile batzuen aldetik. Abokatu eskoletan euskaraz egiten dira klase praktikoak, beraz, bada garaia beraiek ere eskaerak euskaraz aurkezten hasteko. Geroz eta idazkari euskaldun gehiago dago; erabileran, ordea, hutsunea handia da.

Zein den bidea? Lezioak ematea? Auskalo! Epaitegia eremu zaila edo erasokorra suertatu daiteke; askorentzat urruneko lekua da, arrotza, eta ondorioz beldurtuta joaten dira. Ez nuke esango arerioa denik hitz egokiena, baina batzuetan hala sentitzen dugu. Sarri esaten digute euskaraz egiteagatik desabantailak izango ditugula; horrek argi erakusten du euskaldunok ezer gutxi egin dugula epaitegietan gure hizkuntza eskubideen alde.

Beldur horretan jarri behar da fokua. Ni ez naiz inor inori errua botatzen hasteko. Guztiok gara errudunak zerbaitetan, eta errua duenak, aldatzeko ahalmena du. Errurik ez baduzu, beste batek izango du errua, eta orduan, horrek izango du ahalmen hori.

Euskaldunok ba al dugu ohitura epaiketa euskaraz izatea eskatzeko?

Ez. Intsumisioaren garaian, intsumisoek bazuten ohitura hori. Militanteak ziren, eta aldarrikapenak egiten zituzten. Gerora, oso puntualak izan dira eskaerak. Nik ez dut inoiz jarrera aktiborik antzeman; ez da erraza, baina koordinazio lan bat egin beharko litzatekeela uste dut.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!