Biodibertsitate Gunea sortu du Tolosako Udalak

Eneritz Maiz Etxarri 2021ko aza. 23a, 15:55

Tolosako Udalak biodibertsitatearen kontserbazioan herritarren interesa eta partaidetza sustatu nahi ditu, gune berriarekin. Biodibertsitatea lantzeko gune irekia izango da, eta ekimena aurrera ateratzeko Alberto Luengoren laguntza izango du udalak. Ezagutzan sakontzeko jarduera ezberdinak egingo dituzte igandetik hasita.

Martxan jarri du Biodibertsitate Gunea Tolosako Udalak. Biodibertsitatearen kontserbazioan herritarren interesa eta partaidetza sustatu nahi ditu, eta tolosarrei gaiaren gaineko erreferentziazko espazio bat eskaini nahi die. Biodibertsitate Gunea gidatzeko Alberto Luengo biologoaren laguntza izango du udalak.

Patxi Amantegi Ingurumen zinegotziak esan duenez, «tokikotasunetik aldaketa klimatikoari erantzuteko, hainbat lan lerro ditu martxan udalak, horien artean biodibertsitatearena».  Politika berdeen sustapenerako elkarlana, kontzientziazioa eta sentsibilizazioa funtsezkoak direla aipatu du, eta, zentzu horretan, «herritarrekin lankidetzan aritzeko, eta gizarte eta herri gisa aurrean dugun erronka honi modu bateratuan erantzuteko, garai berrietara egokitutako egitasmo berritzailea abiatuko dugu». Biodibertsitate Gunea udalak Agenda 2030 proiektuaren garapen gisa ulertzen duen proiektua da.

Gunea irekia izango da naturazale guztientzat, eta biodibertsitatea izango du ardatz nagusi. Jarduera desberdinak antolatuko dira bertan, horien artean: irteerak, tailerrak, hitzaldiak, ikastaroak… Guztien helburua biodibertsitate gaiei buruzko ezagutzak herritarren artean zabaltzea izango dute, eta biodibertsitatearen aldeko jarrera aktiboa sustatzea. Lehen irteera igande honetan bertan egingo dute. Baso atlantikoaren estruktura, dinamika eta funtzionamendua ezagutzeko ibilaldia izango da. San Blasko hilerritik abiatuko dira 10:00etan, eta irekia da irteera. 

Herritarren Zientzia Sarea
Herritarren Zientzia Sarea osatzea ere bada gune berriaren nahia. Gaian interesa duen edonork parte hartzeko aukera izango du, eta lan zientifikoak egingo dituzte ezagutza minimo batzuetatik abiatuta, beti ere zientzialari baten gidaritzapean. «Egunerokoan biodibertsitateak duen garrantziaz kontzientziatzea izango da puntuetako bat», azpimarratu du Luengo biologoak. Horrez gain, aldaketa klimatikoa gutxitzean jarri nahi izan du arreta, eta baita ikasteko sortuko duten gelan ere. Batik bat, helduei begirakoa izango da eta guztiei irekia, eta biodibertsitatearen gainean ikasteko aukera izango dutela argitu du.  

Biodibertsitate Gunearen lehen urratsak Errota eraikinean egingo direla azaldu dute, haurren liburutegiko azken solairuan, baina epe ertainean, Arkaute izango da ingurumen hezkuntzarako gaien egoitza. Hainbat jarduera egingo dituztela aurreratu dute, eta lehen sei hilabeteetako programazioaren barruan, hegaztiekin erlazionatutako sei saio teoriko egingo dira. Ekosistemen inguruan ikasteko lau ibilaldi tematiko, formakuntza saioak, konferentziak, naturaren aztarnak eta arrastoak identifikatzen ikasteko ikastaroa,... Abenduaren 15ean, Hegaztien migrazioa saio teorikoa egingo da, 18:30ean, Errota eraikinean, eta urtarrilean, aztarnak eta arrastoak identifikatu eta interpretatzeko ikastaroa egingo dute Maximo Sanchez Coboren eskutik. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!