Konposta banatuko du udalak azaroaren 27an Trianguloa plazan

Ataria 2021eko azaroaren 18a

Azaroaren 20tik 28ra ospatuko da Hondakinak Prebenitzeko Europako Astea eta hitzordua baliatu dute Tolosako Udalak eta Ingurumen Zentroak gaikako bilketaren bidez jasotako hondakin organikoarekin egindako konposta banatzeko.

Aurten azaroaren 20tik 28ra ospatuko da Hondakinak Prebenitzeko Europako Astea eta Tolosako Udalak eta Ingurumen Zentroak konposta banatuko dute azaroaren 27an Trianguloa plazan, 11:00etatik 13:30era.

Tolosako Udalak  esan du lanean diharduela Tolosa herri jasangarriagoa izan dadin, eta urratsak eman nahi dituela hondakinen kudeaketa egokiaren eta gizakiak sortzen duen hondakin kopuruaren inguruko sentsibilizazioa eta kontzientziazioa areagotzeko.

Sentsibilizazio ekintzak 
Tolosaldean 8.500 tona zabor sortzen dira urtean, eta etxeetan sortzen diren hondakinen erdiak jatorri organikoa du, urtean pertsonako 179 kilo elikagai botatzen baitira zakarretara. Hori ikusita, eta hondakin organikoak birziklatuz energia eta konposta sor daitekeenez, ekonomia zirkularra praktikan jartzeko eta birziklapenaren bidez materialei bigarren bizitza bat ematen zaiela ikusarazteko, udalak herritarrei Tolosaldean birziklatutako hondakin organikoetatik sortutako konposta banatuko die azaroaren 27an Trianguloa plazan. Horrekin batera, lore bat ere oparituko zaie konposta hartzen duten herritarrei eta elikagaien xahuketa ekiditeko aholkuak biltzen dituen esku-orriak ere banatuko dira. Esku-orrietan ere Peñascal Fundazioko ikasleek proposatutako ogi zaharrarekin egindako errezetak ere jasotzen dira.

Bestalde, Lanbide Heziketako ikasle talde bat ere egongo da Trianguloa plazan, aurreko ikasturtean Eskola Agenda 2030 proiektuaren barruan landu zuten ogi soberakinekin garagardoa egiteko proiektua erakusten. Tenperatura, emaria, bero transmisioa eta bestelako aldagaiak kontrolatzeko eraiki zuten instalazioa erakutsiko dute, ekonomia zirkularrari buruzko adibide praktiko interesgarri gisa. 

Auzokonpostarako guneak Tolosan
2017 urtetik Tolosako hainbat auzotan auzokonposta egiteko aukera dagoela gogoratu du udalak, hala nola, Amarotzen (2 gune), Larramendin, Arkauten, Zabalarretan, Allirin, San Esteban eta Iurre auzoetan. Guneren batean parte hartu nahi izanez gero auzokonposta@tolosa.eus helbidera idatzi behar da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!