ERREPORTAJEA

Emozioak transmititzera

Eneritz Maiz Etxarri 2021ko aza. 19a, 07:56

39. Nazioarteko Txotxongilo Jaialdia inoiz baino indartsuagoa dator bueltan, eta bihar emango zaio hasiera; 65 emanaldi izango dira haur eta helduei zuzenduak hilaren 28a bitartean, eta besteak beste, bi erakusketa berri ere inauguratu dira Tolosako Topic zentroan.

Bihar hasiko da 39. Nazioarteko Txotxongiloen jaialdia, Tolosan. Zirrarak lantzen dituzte txotxongiloek eta komunikazioa da sortzen dutena titiritero eta ikusleen artean. Ikusle bakoitzak bere bizipena jasoko du. Haurrentzat bezainbeste direla helduentzat ikuskizunak argitu du Idoya Otegi Topic zentroko zuzendariak. «Magiaren beharra dugu, eta espiritua alaitzeko eta disfrutatzeko beharra dugu. Gauza politak ikusi nahi ditugu, eta ez daukagu pantaila edota telebista bati lotuta egon beharrik», dio.

Ikuskizunak haur eta helduentzat antolatu dituzte, eta eskolako ikasleentzako emanaldiak ere prestatu dituzte. Guztira 65 emanaldi izango dira Tolosan. Horietatik bederatzi ikuskizun publiko guztiari irekiak eskainiko dira, eta zazpi emanaldi ezberdin ikusteko aukera izango da. Haurrei zuzendutakoak, aldiz, bi ikuskizun ezberdinen sei saio izango dira. Helduei zuzendutakoak bost emanaldi izango dira, sei ikuskizun ezberdinenak.

Idoya Otegi: «Hemen arte gutxitua edo txikia moduan ikusi da; gutxietsia edo mespretxuz tratatua da, baina beste herrialde askotan titiriteroa estimatua da»

«Non aukeratua badago, baina badaezpada ezin izan dugu atzerriko konpainia asko ekarri», azaldu du Otegik. «Oraindik ez dakigu zer gertatuko den, eta mugak ere ez daude guk nahi genukeen bezain irekita, eta azken unean gertatu daitekeenaren beldur gara». Otegiren hitzetan antolatu duten jaialdia «oso-oso indartsua» da. Iaz ezin izan zuten ohiko Titirijai jaialdirik egin, eta aurten «normaltasunera» itzultzeko jaialdia dela esan du, eta guztia «normaltasunez» aurrera eramatea espero dute.

Espainiako Estatuko probintzia ezberdinetako konpainiek bisitatuko dute Tolosa, baina Argentina, Frantzia, Grezia edo Portugaldik ere iritsiko dira Topic ezagutzera. Hamaika autonomia erkidego eta hamabi herrialde elkartuko dituztela kontatu du zuzendariak. Eskualdeko herritarrak «ikuskizun onak ikusteko aukera bakarra da» esanez animatu nahi ditu txotxongiloak ikustera.

«Emozioak transmitituko dizkiguten gauzak ikusi behar ditugu, ilusioak transmitituko dizkigutenak», esan du Otegik. «Emozioak transmititzen dituzte txotxongiloek, eta begiratzen duten pertsonen arabera emozio horiek ezberdinak izan daitezke. Ez dute mezu bera transmititzen guztientzako, baina mezuak transmititzen dituzte», azpimarratu du.

Batzuek barrea eragingo dute, eta beste batzuek pentsatzera eramango dute ikuslea. Era guztietakoak dira txotxongiloen mezuak. Eta nola ez, ez da haurren kontua txotxongiloena. Publiko osoari zuzendua dagoela azpimarratu nahi izan du behin eta berriz.

Musika, eskultura, pintura, literatura... arte guztiak batzen dituela dio txotxongiloen emanaldiak. «Hemen arte gutxitua edo txikia moduan ikusi da; gutxietsia edo mespretxuz tratatua da, baina beste herrialde askotan titiriteroa estimatua da».

Publikoarekin «eskertuta» azaldu da Otegi: «Oso publiko fidela dugu, eta oso eskertuta gaude dugun publikoari, eta beti erantzun izan dute. Ezin dugu kexatu». Halaber, beti publikoa zaintzen ahalegintzen direla argitu du. «Kalitatea» eskaintzen ahalegintzen dira, eta «beti publikoan pentsatzen dugu, eta onena ekartzen ahalegintzen gara».

Haurrei ere kalitatea eman behar zaiela azpimarratu du, eta haurrentzako direlako ez dela edozer eskaintzen zehaztu du.

Tolosan estreinaldia

Proiektu berezi bat nabarmendu nahi izan du Otegik: Lau sorkuntza, lau kontinente. Proiektua txotxongiloen nazioarteko batasunaren, hau da, Unimaren 90. urteurrenaren aitzakia hartuta sortua izan zen. Munduan ikusteko aukera izango den lehen tokia Tolosa da. «Izenak esaten duen moduan, lau sorkuntza eta lau kontinente dira. Gazteentzako antzerki idazketa lehiaketa bat egin zen, eta Marcos Nicolaieswsky brasildarrak irabazi zuen Unima Saria Customs izeneko testuagatik, eta gure artean hemen izateko zortea izango dugu», azaldu du Otegik.

Testua Amerika, Asia, Afrika eta Europan ekoiztea zen helburua. «2020an Indonesian, Balin, egitekoa zen Unimaren kongresuan lau bertsioak lau kulturetan ikustea zen helburua», argitu du Otegik. Pandemiagatik ezin izan zuten egin kongresua, eta ezin izan zituzten ikusi lau ikuskizunak.

Iaz ospatu zuten kongresua, baina guztia online egin zutenez, ezin izan zituzten ikuskizunak estreinatu. Lau sorkuntzak ekarri nahi izan dituzte Tolosara, baina aurten bi baino ez dira iritsiko: «Gure nahia beste biak, afrikarra eta asiarra, hurrengo urtean ekartzea litzateke», gaineratu du.

Europako ikuskizuna Charleville-Mezieres hiriko FMTM jaialdian estreinatu zuten, baina «amerikarra ez da inon ikusi, eta hemen, Tolosan, ikusiko lehenengoz».

Proiektuaren berezitasunean jarri nahi izan du azpimarra: «Herrialde ezberdinetako gazteek sortutako ikuskizunak dira; hau da, amerikarra, esaterako, Txile, Mexiko, Kanada eta Ameriketako Estatu Batuetako gazteek sortua da. Sorkuntzarako elkartu diren gazteak dira, eta Ameriketako Estatu Batuetako zuzendaria dute. Europarrean aldiz, Portugal, Belgika, Frantzia eta Ingalaterra daude, eta zuzendari frantziarra izan dute».

Sorkuntza «interesgarri bezain bakarrak» direla dio. Indar handia dutela esan du, eta «Topic-ek eta Titirijaik babestu eta bultzatu behar dituen proiektuak dira».

Helduei zuzendutakoen artean, Alas Negras taldearen Deracines ikuskizuna Topic-en sortua izan da, eta ikusteko aukera izango da. Manu Mansilla argentinarraren lana ere goraipatu nahi izan du Topic-eko zuzendariak. «Duela lau urte egon zenean ere izugarrizko arrakasta izan zuen». Paperaren teknikarekin teatroa egiten duen artista ere nabarmendu du, eta baita Murtziatik estreinatu berri etorriko den Dora Cantero ere.

Eskoletako haurren ikuskizunak normaltasunez itzuliko dira aurten, eta ikastetxeetatik ikasleak saioak ikustera joango dira. Sei ikuskizunen hogei emanaldi egingo dituzte.

Eskola, jardunaldia eta erakusketak

Ohiturari eutsiz udazkeneko eskola ere egingo dute. Kasu honetan paperezko antzerkiari zuzendua izango da, eta Alain Lecucq frantziarrak eskainiko du. «Paperaren antzerki berritua izango da, bertsio modernoan», zehaztu du Otegik. Eskolaz gain, jardunaldiak ere izango dituzte: Europako txotxongilolarien prestakuntzari eta profesionalizazioari buruzko gogoetak.

Hamalau hizlari etorriko dira, eta «oso interesgarritzat» jo du zuzendariak: «Formazioaz hitz egingo dute, eta ezinbestekoa da formazioa gurea bezalako herrialdeetan. Hemen ez da existitzen erregulatutako formaziorik. Eta ez gara bakarrak». Hilaren 23an hasi eta 27an amaituko dira saioak.

Horrez gain, Portugaldik arte eszenikoen ikasketak egiten ari diren hiru ikasle etorriko dira Tolosako Topic zentrora, nola lan egiten duten eta zer egiten duten ikusi eta ikastera.

«Indar gehiagorekin eta aktibitate gehiagorekin errekuperatu dugu Titirijai jaialdia», dio zuzendariak, eta gaineratu du: «Ilusio eta interes handiarekin». Eskaintza betea osatu dute, eta gainera, bi erakusketa inauguratuko dituzte jaialdia hastearekin batera.

Erakusketa bat paperezko antzerkiari eskainia izango da. Alain Lecucq artistaren bilduma pribatuaz gain, beste museo batzuetatik eta bilduma pribatuetatik ere lortu dituzte pieza esanguratsu batzuk Tolosara ekartzea. «Lehenengo aldia da paperezko antzerkiaren inguruko honelako erakusketa garrantzitsu bat egiten dela, eta gero Europako beste leku batzuetatik pasako da».

Bigarren erakusketa ere bitxia izango da, eta biniloko diskoak eta txotxongiloak elkartuko dituzte.

Orain, bihartik aurrera, ikuskizunez gozatzea baino ez da geratzen. Hori bai, eta pandemia tarteko, emanaldi guztietarako sarrerak erosi beharko dira. Topic zentroaren www.topic.tolosa.com  webgunean eskuratu daitezke edota Topic-eko leihatilan bertan.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!