Txotxongiloen festa hastera doa

Tolosaldeko Ataria 2021ko aza. 18a, 07:59

Azaroaren 20tik 28ra bitarte hartuko du Tolosak Tirijai Txotxongiloen Nazioarteko Jaialdia; haur, gazte nahiz helduentzako askotariko ikuskizunez, jardunaldiez nahiz erakusketez gozatu ahalko da.

Titirijai, udazkeneko ohiko hitzordua bueltan da. Izaki bizigabeek bizia hartu eta istorio tradizional edo berrien protagonista bihurtzen dira, gaztetxoen nahiz helduen gozamenerako. 39. Titirijai Txotxongiloen Nazioarteko jaialdiak txotxongiloen ikuskizunak izango ditu, areto barruan nahiz kalean, eta horrekin batera, jardunaldiak eta erakusketak. Txotxongiloen munduan lanean ari direnei omenaldiak ere ez dira faltako.

Herrialde katalanak, Espainia, Portugal, Grezia, Frantzia, Argentina, Israel, Alemania edota Italiako jatorria duten konpainiak izango dira Tolosan larunbat honetatik, azaroaren 20tik, azaroaren 28ra bitarte. Guztira 26 konpainiak hartuko dute parte, askotariko ikuskizunak eskainiz. Batetik, familia osoari zuzendutako antzerkiak izango dira, Topic-eko areto desberdinetan, nahiz Leidorren.

Tamaina handiko, ertaineko eta txikiak, teknika desberdinak jorratzen dituztenak, hitzik gabeak nahiz txotxongiloei ahotsa jartzen dietenak eta musikaz lagundurik egiten direnak ikusi ahalko dira taula gainean. Horien artean, haur txikiei zuzendutakoak nabarmendu ditu Xabier Ormazabal Topic-eko zuzendariordeak: "Ikuskizun txikiak eta testurik gabeak dira, esaterako, Rauxa teatro kataluniarrek larunbat honetan eskainiko dutena, edota igandeko El Retablo madrildarrena".

Helduei zuzendutakoak, berriz, Topic-en izango dira, astelehenetik ostiralera 22:00etan, eta antzezlanen ostean, egileekin solasaldiak egingo dituzte. Helduen saioetan, astelehenean, hilaren 22an izango dena azpimarratu du Ormazabalek: "Unimak abian jarritako Lau sorkuntza, lau kontinente proiektutik sortutako antzezlanetako bi izango dira ikusgai. Afrika, Amerika, Asia eta Europako sortzaileek egindako lanak izan ziren proiektuaren emaitza, eta Tolosan Amerika eta Europakoak izango dira; azken hau burutzeko, gainera, Topic-eko egonaldi artistikoa baliatu zuten".

Azken urteetako ildoari jarraituz, kalera ere aterako da Titirijai aurten. Kultur etxean eta Zerkausian jolas parkeak egingo dituzte, Berdura plazan mikroantzerkiak eskainiko dituzte 20 minutuero eta hurrengo asteburuan, bale erraldoi batekin kalejira egingo dute.

Ikastetxeetako ikasleei zuzendutakoei dagokionez, egunean bi izango dira, eta oraingoz 18 ikastetxek eman dute izena. Ia guztiak Gipuzkoak dira, eta 2.000 ikasletik gora espero dituzte. Haur epaimahaia ere izango da aurten, Tolosako hiru ikastetxeetako ikasleez osatua. Emanaldi guztiak ikusi ostean, azken emanaldiaren ondoren aukeratu duten irabazlearen izena esango dute.

Bestalde, Titirijairen erdigunea Tolosa izango bada ere, zirkuituaren bitartez, Eibar, Ordizia, Sestao, Pasaia, Zarautz, Hondarribia eta Amasa-Villabona ere izango dira ikusgai antzezlanak.

Erakusketak eta jardunaldiak

Titirijairekin batera, bi erakusketa berri irekiko dituzte Topic zentroan. Batetik, Anbiguan Lleidako txotxongilo zentroak binilozko diskoen eta txotxongiloen munduarekin lotutako erakusketa jarriko du. Bestetik, larunbatean, paperezko antzerkiaren historia errepasatzen duen aldizkako erakusketa inauguratuko dute.

Jardunaldiei dagokienez, aurten bosgarrenez Udazken eskola jarriko dute. Obra bat, mila eta bat ikuskizun izena izango du, 35 orduko iraupena izango du, eta bertan parte hartzeko izena eman beharko da. "Ikastaro berritzailea izango da, non tradizioa eta forma garaikidea uztartuko ditugun", azaldu du Ormazabalek.

Horrekin batera, Europako txotxongilolarien prestakuntzari eta profesionaltasunari buruzko gogoetak izeneko jardunaldiak ere antolatu dituzte. "Sona handiko Europako eta estatuko adituekin hausnarketarako tartea izango da".

Urtero moduan, omenaldietarako tartea ere izango da Titirijain. Aurten, 25 urte bete dituen Madrilgo Teatralia jaialdia, 60 urte bete dituen Charleville-Mezieres-eko txotxongilo jaialdia eta Dadi Pudumjee indiar txotxongilolaria izango dituzte gogoan.

Kepa Goikoetxea Tolosako Ekinbide Etxeko zuzendaritzako kideak horrelako jaialdi bat aurrera ateratzeko eginiko lana eskertu du. Harkaitz Millan Gipuzkoako Foru Aldundiko kultura diputatuak Topic zentroaren barrualdeko lana nabarmendu du, eta datorren urtean urteurren borobila izango duela jaialdiak gogoratu du. Andoni Iturbe Eusko Jaurlaritzako kultur sailburuak, bere aldetik, Tolosa kultura dela, eta kultura gustuko duenarentzat Tolosara etortzea plazera dela aipatu du. "Kulturan inbertitzea komunitate batean egin daitekeen inbertsio onuragarriena da".

Olatz Peonek, berriz, Tolosako Ekinbide Etxea zoriondu du egindako lanagatik. "Titirijaik Tolosari asko eman dio, nazioartean Tolosak oihartzuna badu hein batean txotxongilo jaialdiagatik baita". Era berean, ekitaldi guztiak osasun neurriak "zorrotz" beteta egingo direla azpimarratu du; "segurtasun eremu batean ospatuko da Titirijai".

Antolatzaileek nahiz ekitaldia babesten duten erakundeetako ordezkariek herritar oro animatu dute parte hartzera. Bertarako sarrerak dagoeneko eskuragarri daude, Topic zentroan bertan edota Topic-en webgunean.

 

39. TITIRIJAI . EMANALDIAK

AZAROAK 20, LARUNBATA

Teatro de papel. 12:00 / 17:00. Rauxa Teatro Herrialde Katalanetako konpainiaren eskutik izango da Topic-eko aurremuntaketa aretoan. Haizezko txotxongiloekin eta hitzik gabea  da, eta familia guztiari zuzendua. 20 minutu.

Hamelin. 18:30. Herrialde Katalunetatik etorriko da Xip Xap konpainia. Gaztelaniaz eta familia guztiari eskainitako saioa egingo dute, mahaiko txotxongilo eta maskarekin, Topic antzokian. 50 minutu.

AZAROAK 21, IGANDEA

Kalek, historia de un caballo. 12:00 / 17:30. El Retablo madrildar taldeak, Topic-eko aurremuntaketa aretoan, zazpi urtetik gorakoentzat eskainiko du emankizuna. Gaztelaniaz izango da mahaiko txotxongilo eta objektuekin. 45 minutu.

Eco. 18:30. Andaluziako Y Medio Teatro taldearen eskutik, Topic antzokian, familia guztiarentzat saioa eskainiko dute hitzik gabe. Pailazoa, mahaiko txotxongiloak eta objektuak erabiliko dituzte. 55 minutu.

AZAROAK 27, LARUNBATA

Nido. 12:00 / 17:30. Particulas Elementares talde portugaldarrak familia guztiari eskainitako saioa egingo du, hitzik gabe eta mahaiko txotxongiloekin. Topic-eko aurremuntaketa aretoan. 40 minutu.

Maricastaña. 17:00. Titiriteros de Binefar Aragoiko taldeak Leidor antzokian eskainiko du ikuskizuna. Eskularrua, haria, mahaia... erabilita, bi urtetik aurrerako haurrei zuzendua eta gaztelaniaz izango da.  55 minutuko iraupena du.

The strings of music. 18:30. Antama-Pantahou Greziako taldeak Topic antzokian eskainiko du saioa familia guztiarentzat. Haria, buruak, mahaiko txotxongiloak... erabiliko dituzte, eta hitzik gabea izango da. 50 minutu.

AZAROAK 28, IGANDEA

Nido. 12:00 / 17:30. Particulas Elementares talde portugaldarrak familia guztiari eskainitako saioa egingo du, hitzik gabe eta mahaiko txotxongiloekin. Topic-eko aurremuntaketa aretoan. 40 minutu.

Azul como un trazo de mar. 18:30. Lunas talde madrildarrak Topic antzokian bost urtetik gorakoentzat eskainiko du emanaldia, gaztelaniaz. Paperezko antzerkia, mahaia, objektuak,... izango da teknika, eta 45 minutuko iraupena du.

 

HELDUENTZAKO IKUSKIZUNAK.

AZAROAK 22, ASTELEHENA

Lau sorkuntza, lau kontinente: Customs, amerikar bertsioa. 22:00. Ameriketako Estatu Batuetako taldeak hamasei urtetik gorakoentzat ingelesez egingo du saioa. Objektuak erabiliko dituzte, eta Topic antzokian izango da.  30 minutu. 

Lau sorkuntza, lau kontinente: Customs, europar bertsioa. 22:00. Europako taldeak paperezko antzerkia egingo du itzalekin, eta ingelesa, frantsesa, portugesa, gaelikoa eta italiera erabiliko dituzte. Hamasei urtetik gorakoentzat izango da.  Topic antzokian. 30 minutu

AZAROAK 23, ASTEARTEA

Coctel. 22:00. Manu Mansilla talde argentinarrak hamabi urtetik gorakoentzat egingo du emanaldia. Gaztelaniaz izango da, hagaxkako eta mahaiko objektuekin, Topic antzokian. 80 minutu.

AZAROAK 24, ASTEAZKENA

Deracines. 22:00. Alas Negras Frantziako eta Argentinako konpainiak hamasei urtetik gorakoentzako emanaldia egingo du, Topic antzokian. Gaztelaniaz izango da, eta mahaiko txotxongiloak eta itzalak erabiliko dituzte. 45 minutuko iraupena izango du.

AZAROAK 25, OSTEGUNA

Niyar, una historia del papel. 22:00. Maayan Lungman taldea Israeldik eta Alemaniatik etorriko da, eta Topic antzokian izango da ikuskizuna. Zazpi urtetik aurrerakoentzat da. Hitzik gabea eta paperaren teknika erabiliko dute.  40 minutuko iraupena du.

AZAROAK 26, OSTIRALA

El tiempo de las tortugas. 22:00. Murtziako Dora Cantero konpainiak hamasei urtetik gorakoentzat eta gaztelaniaz eskainiko du emanaldia, Topic antzokian. Mahaiko txotxongiloak, bideo-poesiak edo zuzeneko musika teknikak erabiliko dituzte. Iraupena 55 minutukoa izango da.

 

KALE IKUSKIZUNAK TOLOSAN

AZAROAK 20, LARUNBATA

Tres teatros o cuatro. 12:30 / 18:00. Asturiasko Tras la Puerta Teatro taldearen eskutik, familia osoarentzako ikuskizuna izango da kultur etxean. Paperez eginiko antzerkia egingo dute, gaztelaniaz. 45 minutuko iraupena izango du.

AZAROAK 21, IGANDEA

Puck y su troupe. 11:00 / 12:00 / 13:00 / 16:30 / 17:30 / 18:30. Tombs Creatius taldea Herrialde Katalanetatik etorriko da, eta Zerkausian eskainiko dituzte saioak. Familia guztiari zuzendua da, eta hitzik gabea da. Instalazio parte hartzailearen teknika erabiliko dute, eta 45 minutuko iraupena izango du ikuskizunak.

El onirico interior. 12:00-14:00 / 17:00-19:00. Holoque Herrialde Katalanetako konpainiak Berdura plaza izango du eszenatoki. Familia guztiari zuzendutako saioa eskainiko dute, eta hologramak teknika erabilita hitzik gabekoa izango da.  12 minutu.

AZAROAK 27, LARUNBATA

Kujira. 12:30 / 18:00. Titelles de Lleida Herrialde Katalanetako taldeak 12:30ean Emeterio Arrese plazan eskainiko du emanaldia, eta 18:00etan, berriz, Plaza Zaharrean. Familia guztiari zuzendua da, eta hitzik gabea. Kalejira teknika erabiliko dute, eta 20 minutuko saioa izango da.

AZAROAK 28, IGANDEA

Ingenii machina. 11:00 / 12:00 / 13:00 / 16:30 / 17:30 / 18:30. Alauda Teatro konpainia Gaztela eta Leondik etorriko da, eta Zerkausian eskainiko dute ikuskizuna. Hitzik gabea eta instalazio parte hartzailearen teknika erabilita familia guztiari zuzendutako emanaldia eskainiko dute. 20 minutuko iraupena du.

 

SARRERAK

Jaialdiko ikuskizun guztietarako sarrerak erosi behar dira  www.topictolosa.com webgunean edo Topic-eko leihatilan. 

TOPIC / LEIDOR / KULTUR ETXEA

Helduek. 7 euro. Familia ugariak edo Topic-eko lagunak, 5 euro.

Haurrek. 4 euro. Familia ugariak edo Topic-eko lagunak, 3 euro.

BERDURA PLAZA

Helduek. 4 euro. Familia ugariak edo Topic-eko lagunak, 3 euro.

Haurrek. 3 euro. Familia ugariak edo Topic-eko lagunak, 2 euro.

ZERKAUSIA

Helduek eta haurrek. 5 euro.  Familia ugariak edo Topic-eko lagunak, 4 euro.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!