Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Lankuk elkarlanean garatutako Adin adin ekimenaren seigarren edizioan, Gipuzkoako adinekoen 15 egoitzetara iritsiko dira aurten bertso saioak. Bertan bizi diren adinekoen bizi kalitatea hobetzea eta bertsoaren bidez adineko pertsonen gaitasuna sustatzea du helburu. COVID-19ak sortu duen egoera berrira moldatuta, 15 saio burutuko dira guztira Gipuzkoako udalerri ezberdinetan, bihar Tolosako Uzturre egoitzan hasita, abenduaren 2ra bitartean. Egoitza bakoitzera bi bertsolari bertaratuko dira, eskualde berekoak eta belaunaldi ezberdinetakoak. Biharko hitzorduan Oihana Iguaran eta Sebastian Lizaso izango dira 17:00etatik aurrera, eta hilaren 23an 11:30ean Tolosako Iurreamendi egoitzara gerturatuko dira Amaia Agirre eta Anjel Mari Peñagarikano.
2020an, pandemiak eraginda, halabeharrez, ezin izan zen egitasmo zehatz hau burutu egoitzetan, momentuko segurtasun eta osasun neurriak medio, baina aurten “egoiliarrek txertoaren hirugarren dosia jasota dutela eta egoera epidemiologikoa iazkoa baino nabarmen hobea den honetan, bertso saioei berriro ekitea erabaki dugu”, adierazi du Maite Peña, Gizarte Politikako diputatuak. Egoitzetako sektorizazioak errespetatuz, saio desberdinak egingo dira sektoreka egoitzetan, egunean saio desberdinak eskainiz egoitza bakoitzean.
“Urtez urte proiektua haziz doa, eta azken urteetan izan duen harrera ona ikusita eta balorazio positiboak oinarri harturik, aurten 15 egoitzetara iritsiko gara”. Bertso saio hauek duten “garrantzia eta onura” azpimarratu ditu diputatuak, emozioetara iristen den tresna baita bertsoa. Bertso saioak aurrez prestatzen dira egoitza bakoitzeko dinamizatzaile eta animatzaileen bidez egoiliarrekin, gogoko dituzten bertso zahar eta kantu herrikoiak ezagutzeko, eta horrela bertsolariak doazenerako parte hartzea errazago aktibatzeko.
Proiektu honen bidez, euskal kulturaren adierazpide nagusienetakoa den bertsolaritza adinekoen egoitzetara iritsarazten da, ahozkotasunak duen potentzial osoarekin, “terapeutikoki zein ludikoki”. Gakoa “adineko pertsonen parte-hartzea bultzatzean eta euren arteko harremana hobetzean” dagoela adierazi du Peñak, “beste behin ere” Gipuzkoako Foru Aldundiaren konpromisoa berretsiz. “Musikak eta bertsoek memoria lantzea ahalbidetzen die adineko pertsonei; iraganeko oroitzapenak eta bizipenak berpizten zaizkie”, eta horrek sortzen duen “eragin positiboa” balioetsi du diputatuak.