Gor komunitatearen oztopoak ilustratuz

Naiara Roldan de Aranguiz 2021ko aza. 13a, 11:22

Komiki tailerra Isabel de las Herasek gidatuta Tolosako kultur etxean. N.R.A.

Gor komunitatearen XVIII. sentsibilizazio astea burutu du aste honetan Gainditzenek. Gaur amaiera emateko Isabel de las Heras Oreja voladora ilustratzailearekin komiki tailerra burutzen ari dira Tolosako kultur etxean.

Antolatzaileek beraiek adierazita "petit comité"-n ari dira helduentzako komiki tailerra burutzen Isabel de las Heras ilustratzailearen eskutik. Goizeko bederatzietan hasita, helduen txanda izan bada ere, jarraian txikienek euren kultur adierazpena garatzeko aukera izan dute, berriro ere kasu honetan, Isabel de las Herasek zuzenduta.

Arratsaldean hitzaldia

Gor komunitatearen astea erabat ixteko Gainditzen elkarteak Aleluya Peña psikologo madrildarrarekin hitzaldia prestatu du. 18:00etan hasita, COVID-19aren ondorenak utzi dituen emozioen inguruko hitzaldia eskainiko du, hau ere, kultur etxean.

 

Aleluya Peña: "Osasun arloari heldu nion gor komunitateari zor zaion arduragatik"

Aleluya Peña psikologoak gor komunitateari zuzendutako hitzaldia eskainiko du. Gor komunitatearen oztopoak eta koronabirusak utzi dituen ondorioak izango ditu aztergai.

Zergatik hasi zinen Psikologia ikasten?

Hasiera batean, batxilergoan nengoela en nuen argi unibertsitatean zer ikasi nahi nuen. Selektibitate proba burutu baino astebete lehenago EUDYren (European Union of the Deaf Youth) batzar batean parte hartu nuen, ikusle gisa. Hau Tallinen ospatu zen, Estonian, eta ni bertaratu nintzen Madrileko Altatorre Pertsona Gazte Gorren Zentroko partaide gisa. Bertan Frontrunners-eko irakasle gor zoragarri bat ezagutu nuen eta bere gomendioarekin atzerrian ikasteko aukera izan nuen, Danimarkan zehazki. Frontrunners nazioarteko eskola honek, Gazte Gorrentzako Lidergoa Gaitzeko Nazioarteko Programa zuen bere baitan. Azkenik, izena eman nuen eta bertan egon nintzen 2015-2016 ikasturtean ikasten.

Formazio honi esker Psikologiaz maitemindu nintzen, eta bereziki ikasketa prozesuaren garapenaz eta gizakiaren jokaeraz. Bueltan, Madrilgo Unibertsitate Autonomoan izena eman nuen eta pasa den urtean Psikologian graduatu nintzen. Psikologia Gradua ikasten ari nintzela konturatu nintzen ez zegoela zerbitzu irisgarri nahikorik zeinu hizkuntzan buruko osasunari bideratuta. Honela, Osasunaren Psikologia adarrari heldu nion komunitate gorrari zerbitzu ona eskaintzeko asmoz; izan ere, badira oztopo ugari gizarte arloan zein arlo pertsonalean, eta bereziki osasun mentalaren arloan, gor pertsonei zuzenduta.

Osasun arloari heldu nion gor komunitateari zor zaion arduragatik. Arduraz gain, gizakiaren garunak txunditzen nau, era berezian gizakiaren jokaerari dagokionean. Pertsona gorrei lagundu ahal izateak ohorea suposatzen du, bai niretzat eta baita gor komunitatearentzat ere.

Behin gradua amaituta, bi master egiteko beharra sentitu nuen: bata Terapia Sexual eta Bikoteetan Aditu gisara eta bestea, Osasun Psikologia Orokorrean.

Lehena sexualitateareriko dudan interesaren isla da. Gaur egun oraindik tabu izaten jarraitzen du.  Sexualitateari buruzko goi mailako jakintza izateak terapia sexualetan esku hartzea ahalbidetzen dit; esaterako, pertsona gorrei lagundu ahal diet informazio eza duten eremu horretan, edota sexualitatearekin harremana duten arazo horiek konpontzeko nahia baldin badute laguntzeko prestatuta nago. 

Arlo pertsonalari loturik, esan dezaket, arlo pribatuan lan egin ahal izateko nahitaezkoa dela espezialitate bat aukeratzea profesio honetan jardun ahal izateko. Estoniako EUDY batzarrean parte hartu izan ez banu, ez nintzatekeen honaino iritsiko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!